Epaiketaren azken saioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Artur Mas:'A9ren arrakastagatik epaitu gaituzte, ez desobeditzeagatik'

Epaiaren zain geratu da 2014ko azaroaren 9ko galdeketagatik Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigauren kontra egindako epaiketa.
18:00 - 20:00
Artur Mas:'A9ren arrakastagatik epaitu gaituzte, ez desobeditzeagatik'

Arratsalde honetan amaitu da A9ko galdeketagatik Artur Mas Generalitateko presidente ohiaren eta Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohien kontrako epaiketa Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian.

Prebarikazioa eta desobedientzia delituak egotzita, 10 urteko gaitasungabetzea eskatu du fiskalak Masentzat.

Bere azken hitzean, bozketa bat delitu bilakatzea akats larria dela esan du: “Ze pena handia, ze akats larria, presidente jauna, bozketa bat delitu bilakatzea, horretaz harro egon beharko genukeenean”.

Masek gezurtatu egin ditu Fiskaltzak emandako argudioak eta ondokoa adierazi du: “Ez gaude hemen Auzitegi Konstituzionalaren agindua desobeditzeagatik. Hemen gaude 2014ko azaroaren 9ko galdeketak izan zuen arrakastagatik eta arrakasta hori Estatuko eta Espainiako Gobernuaren zenbait instantziari gustatu ez zitzaielako”.

“Eta galdeketa gustatu ez zitzaienez, desafiotzat jo zuten orain guk ordaindu dezagun”, deitoratu du.

“Espainiako Gobernuak sistematikoki urratzen ditu Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak, baita Europako zuzentarau asko ere, baina horrelakoetan ez da epaiketarik izaten, are gutxiago bide penaletik”, gogoratu du.

9ko galdeketaren bidez, Kataluniako Gobernuaren “helburua Espainiako Gobernuari aurre egitea” zela esan du, “herritarren iritzia ezagutzeko prozesu parte-hartzailea galarazten ari zelako”.

Ildo horretan, Auzitegi Konstituzionala “erabili” izana leporatu dio Espainiako Gobernuari, “politikoki egin ez zuen lana beste batek egiteko”.

“Nik ez dut deliturik egin, ez daukat inolako zalantzarik”, azpimarratu du. “Ez dut ulertzen demokrazia sendotzea nola izan daitekeen delitua”, gaineratu du.

Fiskalak desobedientzia 'argia' izan zela dio

Emilio Sanchez Ulled fiskalak berretsi egin du bere ondorioetan Artur Masek, Joana Ortegak eta Irene Rigauk Auzitegi Konstituzionalaren agindua “argi eta garbi desobeditu” zutela.

Areago, fiskalak azpimarratu du 2014ko azaroaren 4ean emandako debekuaren ondotik kontsultaren antolaketa “azkartu” egin zutela.

“Ezkutuan jarraitu zuten lanean, antolaketa herritarren esku geratu zela itxurak eginda”, erantsi du.

Fiskalak nabarmendu duenez, ez dira 'herritarren borondatea' epaitzen ari. "Behin eta berriz horrela dela dioten arren, ez da egia", esan du.

Sanchez Ulleden berbetan, epaiketaren zioa Kataluniako Gobernuak desobedientzia delitua egin ote zuten zehaztea da, hau da, Auzitegi Konstituzionalaren debekuari entzungor egin eta galdeketa antolatzen jarraitu ote zuen jakitea.

Fiskalak azaldu duenez, galdeketa egin zuten egunean, 2014ko azaroaren 9an, bera zen guardiako fiskala. Hainbat alderdik, erakundek eta norbanakok salaketa jarri zuten galdeketaren aurka, baina Fiskaltzak ez zuen badaezpadako neurririk hartu, "hain erabaki larria hartzeko elementu nahikorik ez" zuelako. "Kautelazko neurriek proportzionaltasuna behar dute, eta erabakia ezin zen egun horretan hartu", azaldu du. Sanchez Ulleden hitzetan, 24 orduko guardia duen fiskal batek nekez egin dezake ikerketa sakonik.

Azaroaren 9 hartan, beraz, "ematen zuen herritar boluntarioek egin zutela galdeketa", adierazi du fiskalak. Gerora frogatu ahal izan zutenez, ordea, "boluntarioen jardun horren atzean botere publikoak ere bazebiltzan, eta horregatik diogu Konstituzionalaren agindua desobeditu zutela".

Fiskalaren aburuz, "opakutasun giroa izan zen nagusi, demokrazian botere publikoen oinarrizko printzipio bat den gardentasuna urratu zuten. Harrigarria da!".

2014ko azaroaren 9ak demokraziaren joko-arauak eta bizikidetza apurtu zituen, Sanchez Ulleden berbetan, eta hori, "mingarria eta tristea da", erantsi du.

Konstituzionalak ez zuen galdeketa galarazteko agindua eman

Epaiketaren azken saioan, Artur Masen abokatuak berretsi egin du Generalitateko presidente ohia ez zela “milaka herritar boluntarioen atzean ezkutatu” eta ez ziela bitarteko publikorik ukatu, “Auzitegi Konstituzionalak bozketa galarazteko agindurik eman ez zuelako”.

Ildo horretan, gogora ekarri du Kataluniako Fiskaltza Nagusiko fiskalen batzordeak uko egin ziola Masen kontra prebarikazio salaketarik aurkeztu, Auzitegi Konstituzionalak bere probidentzian ez zuelako zehazten kontsulta egitea galarazi behar zuela.

“Masek hanka sartu bazuen, beste askok ere hala egin dute, herri honetako instantzia altuenetatik hasita”, adierazi du.

Masentzat absoluzioa eskatu du, latinez bi printzipio judiziali aipu eginez: in dubio pro reo (zalantza kasuetan, presoaren alde) eta in dubio pro libertate (zalantza kasuetan, askatasunaren alde).

Galdeketa boluntarioek antolatu zuten

Joana Ortegaren abokatuak berretsi egin du A9ko galdeketa Kataluniako Gobernuan antolatu zuela hasiera batean, baina Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren ondotik guztia herritarren esku geratu zela azpimarratu du.

Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ostean, “Kataluniako Gobernuak planteamendua aldatu zuen eta aurreikusitako galdeketa ‘prozesu parte-hartzailea’ izeneko ekimenak ordezkatu zuen”.

Hortaz, desobedientzia deliturik izan zela nabarmendu du. Mas, Ortega eta Rigau “jarduera politiko bategatik” epaitu dituztela gaineratu du.

“Kataluniako herritarrek bere iritzi politikoa ematea baino ez zuten nahi”, esan du.

Epaiketa honek aurrekaririk ez duela eta hiru agintariak akusatuen aulkian egotea ulertezina dela erantsi du.

Espainiako Gobernuaren kontra egin du Rigauren defentsak

Irene Rigauren abokatuak salatu du Fiskaltzak eskatu dituen 10 eta 9 urteko gaitasungabetze zigorrekin, hiru politikari katalanen “heriotza politikoa” bilatzen ari direla.

Prebarikazio eta desobedientzia delituak egozteko fiskalak aurkeztu dituen arrazoiak oso ahulak direla eta zigorrak areagotzeko helburua baino ez dutela kritikatu du.

Horrez gain, gogora ekarri du A9an hauteslekuak ixtearen kontra agertu zela fiskala, kalte handiagoak ekiditeko argudioarekin eta galdetu dio ea irizpide hori zergatik ez duen Irene Rigaurekin erabiltzen.

“Zuk gatazka ona eta txarraren arabera neurtu zenuen orduan; ez duzu uste Rigauk modu berean jokatu zuela?”, galdetu dio fiskalari.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago eskatu behar zaio grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroa jokatzen ari den paperaz medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta EAJrekin ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia mailak euskal gizarteak benetan eskain ditzakeenen gainetik daude"

Euskadiko PPko presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Bere ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik daudela".

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X