Kataluniako Parlamentuak onartu egin du erreferendum legea
Kataluniako Parlamentuak onartu egin du urriaren 1eko erreferendum independentista deitzeko oinarri hartuko duten legea, JxSi koalizioak eta CUPek alde bozkatuta. Ciudadanosek, PSCk eta PPCk ez dute parte hartu bozketan.
Legearen izapidetzea egun bakarrean egin dute: 09:00etan hasi da saioa, eta 21:30ean bukatu. Hori bai, liskar ugari izan dira, eta saioa hainbatetan gelditu behar izan dute, Ganberako Mahaia biltzeko.
Azkenean, JxSik, CUPk eta Germa Gordo talderik gabeko diputatuak erreferendum legearen alde bozkatu dute, Catalunya Si Que Es Pot abstenitu egin da, eta Ciudadanosek, PSCk eta PPCk ez dute bozketan parte hartu. Ganberatik joan dira, eserlekuetan Kataluniako eta Espainiako banderak utzita.
Lluis Corominasek (JxSi) legearen onartu izanaren garrantzia azpimarratu du: "Gaur ez da ezer amaitzen, gaur hasten da dena". Eta gogoratu du erreferenduma antolatzea giza eskubideak eta herrien oinarrizko eskubideak babeste dela.
Anna Gabrielek (CUP) esan du Kataluniak autonomiatik subiranotasunera igarotzeko legea onartu duela eta orain Kataluniako Gobernuaren esku dagoela erreferenduma egitea edo ez: "Zuei dagokizuen ardura zuon gain hartzen baduzue, ez izan zalantzarik herritarrek egin behar dutena egingo dutela eta bozkatzera joango direla".
Germa Gordo talderik gabeko diputatuak legearen alde bozkatu badu ere, Kataluniako Gobernuari eta erakundeei Estatuarekin hitzegiteko deia egin die eta erreferendumaren galderatik "errepublika" hitza kentzeko eskatu du.

(Carles Puigdemontek erreferendumaren deialdia sinatu duen unea. Argazkia: EFE)
Erreferendumerako deialdia
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak eta Kataluniako Gobernuko kideek 23:35ean sinatu dute urriaren 1eko erreferenduma deitzeko dekretua.
Kataluniako Parlamentuan erreferendum legea onartu eta Kataluniako Buletin Ofizialean argitaratu ostean egin dute sinadura ekitaldia.
Deialdia sinatuta, Puigdemontek agerraldia egin du Parlamentuko auditorioan bere gobernuko kontseilariak ondoan zituela. Kataluniaren erabakitzeko eskubidea "azkeneraino" defendatuko duela eta erreferendumaren emaitza "loteslea" izango dela azpimarratu du.
Ildo horretan, herritarrei urriaren 1eko erreferendumean bozkatzeko deia egin die.
"Herritarren erabakia loteslea izango da Kataluniako Gobernuarentzat, hala izan behar duelako; azkeneraino defendatuko dugu katalanek bozkatzeko eta erabakitzeko duten eskubidean, eurak baitira euren etorkizuna erabaki behar dutenak. Kataluniak demokratikoki erabakiko du bere etorkizuna urriaren 1ean", azpimarratu du.
Erreferendum legea onartuta, hurrengo urratsa iragankortasun juridikorako legea onartzea izango da, Kataluniaren deskonexioa gauzatu eta independentzia aldarrikatzeko, betiere urriaren 1ean baietzak irabaziz gero.
Tramitera onartu dute legea, egunaren azken orduan, baina eztabaida eta bozketa datozen orduotan egingo dute.
Mahaiak onartu du, eta saioaren bigarren egunean -osteguneko 10:00etatik aurrera- eztabaidatzea eta bozkatzea espero da.

(Ciudadanos, PSC eta PPC taldeetako diputatuak ganberatik atera dira. Argazkia: EFE)
Ciudadanosek "zentsura mozioa" iragarri du
Ines Arrimadas Ciudadanosek Katalunian duen buruak iragarri du oposizioko gainerako taldeekin harremanetan jarriko dela, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen aurka zentsura mozioa sustatzeko. "Hauteskundeak deitzea" da helburua.
Prentsaurrekoan, Arrimadasek adierazi du "talka" saihestu nahi duela: "geratzen zaigun bide bakarra da".
Parlamentuko eztabaidan, Kataluniako autonomia arriskuan jarri izana egotzi die Arrimadasek Junts pel Si eta CUP taldeetako diputatuei. "Oposizioak ordezkatzen dituen herritarren eskubideak zapaldu dituzte. Zer ulertzen duzue demokraziaz?", galdetu die.
Miquel Icetak (PSC) esan du Kataluniako Estatutua dela erreferendum legearen "lehendabiziko biktima", Kataluniako legediaren kontrako "erasoa" delako gaur onartutako araua. Kataluniako herritarren batasuna ere arriskuan jarri dutela adierazi du.
Lluis Rabellek (SiQueEsPot) Espainiako Gobernuaren eta PPren jarrera gogor kritikatu du, baina, aldi berean, Junts pel Sik eta CUPek lege berria tramitatzeko modua salatu du. "Generalitatea berrezarri zenetik hona demokraziari emandako kolperik larriena izan da", azpimarratu du.
Xavier Garcia Albiolek (PPC) esan du gaur onartutako erreferendum legeak ez duela inolako baliorik. "Zuok guztiok badakizue lege hau ez dela inoiz indarrean sartuko eta erreferenduma ez dela egingo, demokraziaren eta askatasunaren kontrako erasoa delako", ohartarazi die indar soberanistei.
Rajoyk Konstituzionalera joko du
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak txosten bat eskatuko dio Estatu Kontseiluari, ostegun honetan bertan Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkezteko.
Rajoyk Ministroen Kontseilua bilduko du ostegun honetan bertan, eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin ere batzartuko da.
Zure interesekoa izan daiteke
GOIDIa ikertzen duen epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu du Mazon
Horrez gainera, "bere borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.
Andaluziak 2026ko maiatzaren 17an egingo ditu hauteskunde autonomikoak
Juanma Moreno presidenteak hilabete aurreratu ditu hauteskundeak; izan ere, legegintzaldia ekainean amaitzea aurreikusita zegoen.
Pradalesek ausardiaz jokatzeko garaia dela esan die euskal enpresei
Irango gerrak Euskadiko ekonomian izango duen eraginaz kezkatuta agertu da lehendakaria, ULMA enpresara egin duen bisitan. Onartu egin du hurrengo asteak eta hilabeteak ez direla errazak izango, baina nabarmendu du Europako berrindustrializazioari ekarpen handia egin diezaioketela euskal enpresek.
PPk zer erabaki jakin arte, Gobernua Juntsen menpe egongo da Irango gerraren ondorioak arintzeko beherapen fiskalen dekretua aurrera ateratzeko
Podemosek adierazi du ez duela neurri sortaren aurka egingo, baina uste du ezin duela aldeko botorik eman, beherapen fiskalak ezartzea "prezioen igoerari aurre egiteko bidea" ez delakoan. Hala, abstenitu egingo dela jakinarazi du.
Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNk eta PPk Korrikaren aurka aurkeztutako bi adierazpen instituzional
Taldeen bozeramaileek agerian utzi dituzte euren arteko desadostasunak, euskararen aldeko lasterketan ETAko presoen argazkiak erakustearen eta Korrikaren beraren inguruan.