Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Puigdemontek kartzelatuak askatzeko eskatu du: 'Bozen aurkako kolpea da'

Belgikan grabatu eta TV3k zabaldutako mezu batean, Puigdemontek zortzi espetxeratuak askatzeko exijitu du.
Carles Puigdemont presidentea. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont presidentea. Argazkia: EFE

Carles Puigdemont presidenteak ostegun honetan kartzelatutako kontseilari kargugabetuak askatzeko eskatu du, eta horiek espetxetzeko agindua "abenduaren 21eko hauteskundeen aurkako kolpea" dela ohartarazi du, "Europan aurrekaririk gabeko klima batean" eman baita. Gainera, espetxeratzeak demokraziaren aurkakoak direla salatu du.

Belgikan grabatu eta TV3k zabaldutako mezu batean, Puigdemontek esan du "demokraziaren aurkako eraso oso larria" dela buruzagi politikoak espetxeratzea, hauteskundeetan agindutakoa eta Kataluniako Parlamentuan hartutako konpromisoa betetzeagatik. Horrek guztiak "demokraziaren oinarrizko printzipioak hausten ditu", erantsi du.

"Espainiako Gobernuak uko egin dio elkarrizketari, eta elkarrizketa ezinbestekoa da arazo politikoak konpontzeko", adierazi du. Polizia indarkeria erabilita eta espetxeratzeko aginduak emanda, Espainiako Estatuak "errepresioaren aldeko apustua" egin duela ohartarazi du.

Espainia Zuzenbide Estatua balitz, horrelako espetxeratzerik ez zela egongo esan du, eta honakoa gaineratu du: "Irailaren 27ko hauteskundeetan herritarrek demokratikoki aukeratutako Kataluniako Gobernu legitimoaren presidente naizen heinean, kontseilariak eta presidenteordea askatzeko exijitzen dut; aukera politiko guztiak errespetatzea exijitzen dut, eta errepresio politikoa amaitzea exijitzen dut”.

Abenduaren 21eko hauteskundeak "XXI. mendeko Europa demokratikoan onartezinak diren eta aurrekaririk ez duten espetxeratze eta errepresio klima baten baitan" egingo direla salatu du.

Horrenbestez, Kataluniako gatazka politikoa "jada ez da Espainiaren barne arazoa", nazioarte mailako arazoa da, eta "bereziki Europan" ohartu behar dira "Espainiako Estatuaren jarreraren arriskuaz".

Amaitu aurretik, Puigdemontek beste bi mezu igorri ditu. Lehendabizi, "deliturik egin gabe espetxeratuak" izan diren kontseilarien familiei zuzendu zaie, bere babesa eta berarekin batera Bruselan dauden gainerako kontseilarien babesa helarazteko, baita hori guztia "harri eta zur" jarraitzen ari diren munduko beste pertsona askorena ere.

Bigarren mezua, berriz, Kataluniako herritarrentzako izan da: "Errepresio luzea eta izugarria datorkigu, baina aurre egingo diogu, makaldu gabe, modu baketsuan, indarkeriarik gabe eta iritzi eta pertsona guztiak errespetatuta".

"Espainiako Estatuak bortizkeriaz kolpatu gaitu, zoratuta ari da dena mehatxatuz”, salatu du.

Ildo horretan, Puigdemontek azpimarratu du Kataluniaren askatasuna ezinezkoa izango dela, katalanak euren ideiak defendatzeko eta konpromiso demokratikoak betetzeko libre ez badira.

"Barrote artean ere Kataluniako Gobernu legitimoa giltzapetzea agindu dutenak baino askoz duinagoa da. Visca Catalunya!", gaineratu du.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua eta beste zazpi kontseilari kargugabetu fidantzarik gabe espetxera bidali ditu Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Santi Vila kontseilari kargugabetuari, ostera, 50.000 euroko bermea ezarri dio, kartzela saihesteko.

Junqueras, Rull eta Turullen mezuak

Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde eta Ekonomia kontseilari kargugabetuak "A-21eko hauteskundeetan ongiak gaiztakeria garaitzea" eskatu du Twitter sare sozialaren bidez.

"A-21eko hauteskundeetan ongiak gaiztakeria garaitzeko egunero eskura duzuen guztia egin. Zutik, ausart, garaipena lortu arte", esan du mezu batean, epaileak espetxera bidali ondoren.

 

Raul Romeva Nazioarteko Gaietarako kontseilari kargugabetuak ondokoa idatzi du Twitterren, espetxeratu aurretik: "Demokraziaren bidea hartu genuen, eta ez dugu bide hori utziko. Abenduaren 21ean elkartuko gara berriro. Hautetsontziek gainezka egin dezatela".

Antonio Comin Osasun kontseilari kargugabetua Bruselan dago, Carles Puigdemontekin batera, eta mezu hau idatzi du Twitterren: "Ez dugu atsedenik hartuko zuei askatasuna itzuli arte. Zuen ausardia izango da gaurtik aurrera gure borrokaren motor indartsua. Demokraziaren, justiziaren eta duintasunaren aldeko borroka".

Bestalde, Josep Rull Lurralde kontseilari kargugabetuak argazki bat argitaratu du sare sozial horretan, urriaren 1eko erreferendumean botoa ematen erakusten duen irudi batekin batera. "Txio hau ikusten baduzue, hautetsontziei fidel izateagatik espetxeratu nautelako da", esan du.

Kataluniarren aginduari leial izateagatik espetxeratu dutela adierazi du Jordi Turull kontseilari kargugabetuak. "Demokrazia eta Kataluniaren duintasunaren defentsa baketsua" eskatu du Turullek horren aurrean.

Kataluniako herriarekin, Puigdemontekin, Generalitatearekin eta Parlamentuarekin leial jokatu duela ziurtatu du Turullek Twitter sare sozialean.

Horregatik, demokrazia eta Kataluniaren duintasuna modu baketsuan defendatzea eskatu du: "Kataluniako herriarengan itxaropen eta konfiantza osoa daukat. Ez du sekula huts egin, ezta orain ere”.

Ondo dagoela esan die lagun eta senideei, eta berak egindakoa "ez da delitua" eta "ez diot inori minik egin" azaldu ondoren, ez sufritzeko eskatu die.

"Maite zaituztet", "Gora demokrazia" eta "Gora Katalunia" esanez amaitu du bere mezua.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X