PRESOAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Frantzian dauden ETAko presoak Euskal Herrira gerturatuko dituzte datozen asteetan

Txetx Etcheverry 'bake artisauak' Radio Euskadin baieztatu duenez, 'datozen asteotan izango dira lehendabiziko gerturatzeak'. Mont de Marsango eta Lannemezango kartzeletara eramatea da asmoa.
18:00 - 20:00
Frantziako espetxetan dauden presoak gerturatuko dituzte datozen asteetan

Frantziako kartzeletan dauden ETAko presoak Euskal Herrira gerturatuko dituzte datozen asteetan, Txetx Etcheverry 'bake artisauak' Radio Euskadin baieztatu duenez. Euskal presoak Mont de Marsango eta Lannemezango espetxeetara eramatea de Frantziako Gobernuaren asmoa. "Poliki-poliki salbuespeneko egoerari amaiera emango zaio", esan du Etcheverryk.

"Datozen asteotan izango dira lehendabiziko gerturatzeak. Ez naiz izenak ematen hasiko, baina banakako eskariak eginda daude, eta horietako batzuk Justizia Ministerioaren esku dira dagoeneko. Gerturatuko diren aurrenak izango dira", gaineratu du.

Mixel Berhokoirigoin 'bake artisauak' ere hitz egin du Euskadi Irratiarekin, Frantziako Gobernuaren erabakiaz. Horren hitzetan, Justizia Ministerioarekin izandako "bileren emaitza" da hurrengo asteetan ikusiko dena.  "Sentitzen genuen urratsak emateko asmoa bazela, eta hala izanen da: hurbilketak izango dira. Bidean da prozesua", esan du.

Gerturatzeen datei buruz galdetuta, ez du egun zehatzik aipatu, baina "beharbada, egun batzuetan" has daitezkeela lehen mugimenduak gaineratu du. Lekuz aldatuko dituzten preso kopuruari buruz ere ez du zenbaki jakinik eman nahi izan: "Ezin dugu kopuru zehatzik eman. Guk mahai gainean denak ditugu, denek eskubide berberak dituzte, eskubideetan ez dago hierarkiarik, baina denen errealitatea ezberdina da. Banan-banan aztertuko dira, eta eskariak eginda daude",  gaineratu du.

Frantziako Ministerioarekin hiru aldiz bildu dira azken hilabeteotan, eta hurrengo hitzordua finkatuta ez badute ere,  biltzen jarraituko dutela adierazi du. Bi aldeen artean sortu den "konfiantzazko harremana" nabarmendu du Berhokoirigoinek, eta  "panorama guztiz aldatu" dela  adierazi du.

Frantziako Gobernuaren erabakiak Espainiarengan eraginik izango duen ez dakiela esan du, eta Frantziako Justizia Ministerioak afera honetan "bere bide propioa egitea" erabaki duela, kanpoko presiorik gabe.

Landetan aurkitutako zuloa

Abenduaren 31n Landetan (Frantzia) aurkitutako ETAren zuloaz galdetuta, Etcheverryk esan du aurkikuntza ez dela harritzekoa, talde armatuaren inbentarioa behar bezala egiteko dagoen "presio poliziala" kontuan hartuta.

"Noski, gauza asko galdu egin dira, eta hori bere garaian argi esan genuen. Apirilaren 8an ETAren kontrolpean zegoen guztiaren armagabetzea egin zen. Orain aurkitutako zuloa oso zaharra da; bertan topatutako lehergaiak eta detonagailuak edozein saltokitan eros daitezke", esan du.

Hori dela eta, Landetan aurkitutako zuloak ez du deusezten iazko apirilean bakearen artisauek bideratutako armagabetzea, Etcheverryren arabera. Armagabetze hartan egindako balantzea "oso zehatza" izan zela ziurtatu du, eta "galduta" gera zitekeenaren berri ere eman zutela gaineratu du. "Horrelako aurkikuntza gehiago egongo dira datozen urteotan. Gatazka guztietan agertzen dira galdutako gauzak",  zehaztu du.

Manifestazioa Bilbon

Hain zuzen ere, presoen eskubideak eta haien senideenak errespetatzeko dei eginez, manifestazio jendetsua egin asmo du sare plataformak gaur arratsaldean Bilbon. 'Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude' lelopean egingo dute giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko mobilizazioa, 17:30ean hasita, La Casillatik.

Sakabanaketa politika amaitzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriak bertan behera uztea eskatuko dute manifestariek.

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X