BERRIKUNTZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

PPk uztailaren 20an eta 21ean egingo du biltzar berezia

Rajoyren arabera, 'PPk ezin du ziurtasuna eta segurtasuna eskaintzeko gehiago atzeratu', eta horregatik aukeratu dituzte egun horiek.
18:00 - 20:00
PP-ren ez ohiko kongresua uztailaren 20 eta 21ean

Alderdi Popularrak uztailaren 20an eta 21ean egingo du zuzendaritza berria eta Mariano Rajoyren ordezkoa aukeratzeko biltzar berezia, alderdiko buruak berak jakinarazi duenez.

PPren Zuzendaritza Nazionalaren Batzordearen bilera amaitu ostean emandako hitzaldian egin du iragarpena Rajoyk. "Alderdi Popularrak ezin du ziurtasuna eta segurtasuna eskaintzeko gehiago atzeratu", eta "espainiarrek ezin dute gure zain egon", azaldu du.

Rajoyren arabera, "gauzak garaian eta epe barruan egingo ditugu, ordenaz, baina segundo bat ere galdu gabe, espainiarrek ezin dutelako gure zain egon".

PPn behin-behinekotasuna ahalik eta gehien mugatu behar dela azpimarratu du, alderdiari nor bere kontuetan ez nahasteko eskatzeaz gain.

Alderdia irailean prest egotea da helburua, horren esanetan.

PP gidatzeko hautagaitzak ekainaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira

Alderdi Popularra gidatzeko hautagaiek ekainaren 20ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Ondoren, militanteek uztailaren 5era arte bozkatu ahal izango dute.

Ezarritako egutegiaren arabera, Rajoy ordezkatzeko asmoa dutenek gaurtik aurrera jakinarazteko aukera dute, baina hautagaitza formalizatzeko epea ekainaren 18an hasi eta ekainaren 20an amaituko da, PPko iturriek jakinarazi dutenez.

Ekainaren 22an, hautagaiak nor diren zabalduko dute, beharrezkoak diren baldintzak betetzen dituztela baieztatuta: gutxienez 100 berme izatea, besteak beste.

Hautagai bat baino gehiago egotekotan, barne hauteskunde kanpaina ekainaren 23tik uztailaren 4ra egingo dute.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X