Feijook PP zuzentzeari uko egin dio; Casadok eta Margallok hautagaitza iragarri dute
Alderdi Popularraren zuzendaritza hartzeko lehia ezustekoekin hasi da. Alberto Nuñez Feijoo zen hautagai nagusia Mariano Rajoyren tokia hartzeko, baina uko egin dio aukera horri, Galiziako Gobernuan legegintzaldia amaitzea lehenetsita. Aitzitik, Pablo Casado PPko Komunikazio arduradunak bere hautagaitza aurkeztuko duela iragarri du, izenen dantzan ez bazegoen ere.
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidenteak arratsaldean jakinarazi du legegintzaldia agortuko duela eta, beraz, ez dela sartuko Mariano Rajoy ordezkatzeko eta Alderdi Popularra zuzentzeko lehian.
Galiziako PPko zuzendaritzaren aurrean egin du iragarpena. Azken egunotan jende askorekin hitz egin duela eta erabakia hartzeko gogoeta sakona egin duela esan du.
"Ezin diet galiziarrei hutsik egin, neure buruari huts egitea izango litzateke", adierazi du hunkituta eta alderdikideen txalo artean.
Halaber, bera PPko presidente izendatuz gero, beragan konfiantza agertu duten milaka galiziarrei emandako hitza ez lukeela beteko eta hori koherentziarik gabe jokatzea izango litzatekeela esan du. "Eta ni gaur politikagintzan zerbait banaiz, herritar horien babesari esker da", erantsi du.
Nolanahi ere, Galiziatik Alderdi Popularraren alde lanean jarraituko duela agindu du, eta "PP aro berri honetan zuzentzeko gaitasuna duten pertsona asko daude", azaldu du.

(Pablo Casado. Argazkia: EFE)
Eguneko bigarren ezustekoa Pablo Casadok eman du, Twitter bidez PP zuzentzeko hautagaitza aurkeztuko duela iragarrita. "Alderdi Popularraren Biltzarrean neure burua aurkeztea erabaki dut", idatzi du.
11:30ean agerraldia egin du Casadok PPk Genova kalean duen egoitzaren aurrean. Nabarmendu duenez, bere asmoa "PPrengan konfiantza galduta beste alderdi batzuetara, Ciudadanos edo VOX kasu, joan ziren boto-emaileak berreskuratzea da".
Casadoren hitzetan, "bada garaia" berak ordezkatzen duen belaunaldiak PPren buruzagitza hartzekoa, "ilusioa berreskuratzekoa".
Horren arabera, duela egun batzuk erabaki zuen aurkeztea, baina berak ordezka zezakeen proiektu baten zain egon da. Halakorik ez zegoela ikusita, hautagaitza aurkeztea erabaki du: "Afiliatuek ezin dute pentsatu ez dagoela inor alderdia zuzentzeko. Nik PP zuzendu nahi dut, ezin gara etorkizunaren zain egon, bila atera behar gara; nahikoa eman dugu herrestan".
Casado gazte hasi zen Alderdi Popularrean. 2007-2009. urteen artean diputatu izan zen Madrilgo Autonomia Erkidegoan, eta 2011tik diputatua da Kongresuan.
Azken hilabeteotan ika-mikaren erdian egon da Casado. Madrilgo Juan Carlos erregea Unibertsitatean lortutako masterrean ustez izandako irregulartasunak ikertzen ari da Cifuentes auziaren epailea.

(Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministro ohia. Artxiboko argazkia: EFE)
Bestalde, Jose Manuel Garcia Margallok ere iragarri du Alderdi Popularra zuzentzeko hautagaia izango dela.
Espainiako Atzerri ministro ohiak azaldu du Rajoyk zuzendaritza uzteko erabakia jakinarazi zuenean denbora bat hartzea erabaki zuela inork haren lekua hartzeko bere burua aurkezten zuen ala ez ikusteko eta hautagairen bati bere babesa eman ahal zion pentsatzeko.
Ildo horretan, Feijook bere hautagaitza aurkez zezakeela uste zuela eta hari babesa emateko prest zegoela esan du. Alabaina, Feijook azkenean urrats hori emango ez duen susmoa daukala erantsi du, Galiziako presidenteak bere erabakiaren berri eman baino ordu batzuk lehenago.
Pablo Casadori dagokionez, Margallok esan du hautagai "oso ona" dela eta presidente berria izendatzeko aukera ezberdinak izatea alderdiarentzat onuragarria dela adierazi du.
Jose Ramon Garcia-Hernandez Kongresuko Kanpoko Arazoetarako Batzordeko PPren bozeramaileak eta Jose Luis Bayo Valentziako Belaunaldi Berrien presidente izandakoak ere aurkeztuko omen dute hautagaitza.
Hautagaitzak aurkezteko epea asteazken honetan bukatuko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
Bilboko aireportuan ere kontrol aleatorioak ezarri dituzte Italiatik datozen bidaiarientzat
Kontrolak goizean egin dituzte Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan gauerdian hasi dira ausazko kontrolak egiten.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.