Hitzaldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

'Prozesu konstituziogilea' abiatzeko foro bat iragarri du Torrak

Bestalde, epaituak izan behar diren politikari independentistak zigortzea “onartuko ez” duela ohartarazi du Generalitateko presidenteak
Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE

“Prozesu konstituziogilea” abiatzeko foro bat sortuko dutela iragarri du gaur Quim Torra Generalitateko presidenteak.

“Gure unea” izenburupean hitzaldia eman du agintariak Kataluniako Antzoki Nazionalean. “Errepublikaren ekintza ildoak” zehaztu ditu buruzagiak, eta “ahalik eta jende gehien bat egiteko” saiatzea eskatu du, “prozesu konstituziogilearen bideko lehen faseari eusteko”.

Torraren hitzetan, prozesuak “abiapuntua” foroan izango du, “eztabaida bultzatzeko helburuarekin eta gizartearen parte-hartze handiena lortzeko asmoarekin”.

Gainera, epaituak izan behar diren politikari independentistak zigortzea “onartuko ez” duela ohartarazi du Generalitateko presidenteak. Absolbitzen ez baldin badituzte Parlamentaren “esanetara” jarriko dela erantsi du buruzagiak.

Torraren ahotan, “hautestontziak jartzea ezin da delitu izan munduko edozein demokraziatan”. “Atsekabe, gatazka eta errepresio gehiago bakarrik ekarriko lituzketen epai bidegabeen aurrean ez dugu etsiko. Zapalkuntzaren gainean ez da sekula ezer eraikiko”, azpimarratu du.

 

"Hautestontziak jartzea ezin da delitu izan munduko edozein demokraziatan"

 

Kataluniako gatazkari “aldebiko” konponbide “bateratu” bat emateko, hitz egiteko, negoziatzeko eta bilatzeko prest agertu da Generalitateko presidentea, eta zentzu horretan, Estatuari “eskua luzatu” dio Torrak. Baina Kataluniak “autodeterminazio eskubideari sekula uko egingo ez” diola gaineratu du.

Bere egitasmoaren “abiapuntua urriaren 1eko erreferendumean”, urriaren 3ko “mobilizazio handian” eta urriaren 27ko “independentzia adierazpen politikoan” kokatu du Generalitateko presidenteak.

U-1eko “agindua berritzeko, nazioarteak onartutako erreferendum lotesle” bat adosteko “dei irmoa” egin dio Torrak Pedro Sanchezen Gobernuari, “mehatxurik, indarkeriarik, ikararik eta gerra zikinik gabe”.

Azkenik, “Kataluniaren eskubide zibil, sozial eta nazionalen aldeko martxa handi” bat egiteko dei egin du agintariak, “askatasuna edo askatasuna” premisapean. Era berean, Diadan eta udazkenean zehar mobilizazio “jendetsuak” egitea eskatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X