Ehunka mila lagun bildu dira Bartzelonan independentzia eta askatasuna aldarrikatzeko
Ehunka mila lagun bildu dira Bartzelonako Diagonal etorbidean, Diada eguneko manifestazioan, Kataluniako Errepublika aldarrikatzeko.
ANC eta Omnium Cultaral erakunde soberanistek antolatutako mobilizazioa 17:14ean abiatu da, 'Fem la Republica catalana' (Egin dezagun Kataluniako Errepublika) goiburupean.
Kataluniako Errepublika aldarrikatzeaz gain, espetxean eta erbestean dauden buruzagi independentista katalanak askatzea eskatu dute.
Beste behin, independentismoak bere indarra erakusteko baliatu du Diada eguna. Kataluniako bandera independentistak eskuan, lazo horiak soinean eta ANCk egun berezi honetarako diseinatutako kamiseta laranjak jantzita atera dira kalera manifestariak.
Bartzelonako Udaltzaingoak emandako datuen arabera, milioi bat lagun inguru izan dira independentziaren aldeko manifestazioan. Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzak aurtengoan ez du zifrarik eman. Societat Civil Catalana elkartearen esanetan, berriz, 200.000 manifestari izan dira.
Aurtengoan, "olatu zaratatsua" egin dute. Toni Alba aktoreak agertokitik esandakoei jarraituz, manifestariek hiru minutuko isilunea egin dute mobilizazio hasi aurretik; 17:14ean, suziri bat jaurtita, manifestariak oihuka hasi dira. Independentziaren eta askatasunaren aldeko oihuak izan dira nagusi.
Pixkanaka, Diagonalean barrena joan dira, Palau Reial kalera iritsi arte. Han horma handi bat behera bota, "jendearen indarrarekin" independentziaren kontrako oztopo guztiak gainditzea posible dela irudikatzeko.
Hormak Espainiako Erregeari eta 155. artikuluari aipu egiten zizkion irudiak zituen eta biak bota dituzte behera, "independentzia" eta "beti aurrera" oihuen artean.
Hormaren zati bat zutik geratu da, "Independentzia", "Bai" eta "Kataluniako Errepublika" idatzita zuen zatia, hain zuzen ere.
Ekitaldian, 2017ko urriaren 1eko erreferendumeko bozketaren datuak eta Espainiako Poliziaren jarrera gogoratu dituzte, baita espetxean eta erbestean dauden politikari katalanak ere. Halaber, Espainiako Estatuaren jarrera kritikatu dute: "Hau ez da gure Estatua".

(Independentziaren aldekoek indar erakustaldia egin dute Diada egunean. Argazkia: EFE)
Errepublika gauzatzeko "determinazioa" eskatu dio ANCk Kataluniako Gobernuari
Manifestazioan egindako hitzartzean, Elisenda Paluzie ANCko presidenteak Errepublika gauzatzeko "zehaztasuna, zintzotasuna eta determinazioa" eskatu dizkio Kataluniako Gobernuari, "herritarren mobilizazioa ez baita nahikoa independentzia lortzeko".
Kataluniako Gobernuak hainbat akats egin dituela eta, akats horien ondorioz, independentzia gauzatzea ezinezkoa izan dela kritikatu du. "Orain beste oldarraldi demokratiko bat datorkigu eta prest egon behar dugu, Kataluniako Estatua eraiki nahi baldin badugu", azpimarratu du.
Gauzak horrela, herritarren interesak lehenesteko galdegin dio Generalitateari, "interes alderdikoiak albo batean utzita". Halaber, Errepublika eraikitzeko zer behar duen aztertuta, ardurak har ditzala exijitu dio, "jendea kalera ateratzea ez baita nahikoa".
"Nagusiak gara eta hala trata gaitzazue. Jakin badakigu zailtasunak eta oztopokoak asko direla. Ez dizuegu ezinezkorik eskatzen, baina bai zehatzak eta zintzoak izatea eta determinazioz jokatzea. Exijentziaz, iraunkortasunez eta borroka lasaiaz Errepublika eskuratuko dugu", erantsi du.
Erbestean dauden agintari politikoekiko "batasuna" ere galdegin du Paluziek, agintari guztiek noranzko berean lan egin dezaten.
Horrez gain, Kataluniako gizartea "hasierara" ez eramateko eskatu du, hots, autonomismoa defendatzea eta autogobernu gehiagorekin konformatzea.
"Ez gaizki erabili lortu dugun guztia. Garaipen asko lortu ditugu, garrantzitsuena urriaren 1ekoa", ohartarazi du.
Bestalde, Quim Torra Generalitateko presidenteari ere zuzendu zaio eta Espainiako Gobernuarekin adostutako balizko erreferendumaren bidean dena eman ez dezala eskatu dio, "gure ustez baimen hori ez baita inoiz iritsiko".

(Argazkia: EFE)
"Europak Espainiako Justiziaren moral bikoitza ikusi du"
Bestalde, auzipetuta dauden agintari politiko independentisten abokatuek gogor kritikatu dute Espainiako Estatuaren jarrera, herritarren borondatea betetzeagatik kartzelan sartu dituztelako.
Clara Ponsati kargugabetutako kontseilariaren abokatuak 2017ko urriaren 1eko erreferenduma dela abiarazitako bide judiziala eta poliziala salatu du.
"Franco jenerala harro egongo litzateke egungo Estatuaz, diktadura frankista jokatzen ari baita", adierazi du Aamer Anwar abokatuak. Ildo berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea kritikatu du, sozialista ez dela iradokiz.
"Espainiako Gobernuak negoziatzeko bahituak hartu ditu eta hori Estatu terrorismoa da", esan du espetxean dauden politikari independentistei aipu eginez.
2017ko abuztuan Bartzelonan eta Cambrilsen izan ziren atentatuen ostean Kataluniari "elkartasuna" adierazi ziotenak "hipokritatzat" jo ditu, urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak egindako oldarraldiaren ondotik ez zutelako ezer esan.
Bestalde, 'La Manada' auziaren epaiak Europan eragin handia izan duela adierazi du: "Espainiako Justiziak moral bikoitza duela ikusi dugu", azpimarratu du.
Carles Puigdemont presidente ohiaren abokatuak, berriz, preso politikoak aska ditzatela eskatu du. "Pedro Sanchezek badaki adostutako akordio bat lortzeko aukera bakarra presoak berehala libre uztea dela", adierazi du Ben Emersonek.
"Gauzak ondo egiteko azken aukera duzu. Epaiketa hasi baino lehen, aska itzazu preso politikoak", esan dio Emersonek Sanchezi.
Horrez gain, berak defendatzen dituen zazpi politikari independentisten auziak Nazio Batuen Erakundera eramango dituela iragarri du.
Bestalde, manifestazioan egindako ekitaldian Thomas Schulze Foreing Friends of Catalunya elkarteko ordezkariak ere hartu du hitza. Gaurkoa, 1714tik egin den Diadarik garrantzitsuena dela adierazi du.
"Gaur, hemen eta orain, urriaren 1eko mandatu gauzatuko dugu eta Errepublika aldarrikatuko dugu", esan du.
Amaitzeko, Europan Kataluniako mugimendu independentista babesten duten lagunen kopurua goraka egiten ari dela azpimarratu du.

(Argazkia: EFE)
Torrak azkeneraino joango direla agindu du
Manifestazioaren ostean, Quim Torrak adierazpenak egin ditu eta "ausardia" eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Kataluniako herritarren nahia entzuteko. Halaber, Generalitatea "azkeneraino" joango dela agindu du.
Torrak ausardia galdegin dio Sanchezi: "Ausardia kataluniarren aldarrikapenak entzuteko, aldarrikapen baketsuak. Hau da hasi genuen bidea, mugarik ez duen bidea, eta azkeneraino joango gara".
"Hemen erreferendum bat egin genuen urriaren 1ean eta urriaren 27an independentzia politikoa aldarrikatu genuen. Espainiako Gobernuak beti izango du erantzun bera? Gauza bera da Rajok agintzea edo Sanchezek agintzea?", galdetu du Torrak.
Horrela bada, ANC eta Omnium Cultural erakunde soberanistek eskatutako konpromisoari heldu dio. Errepublika gauzatzeko eskatu diote bi erakunde horiek gaur Kataluniako Gobernuari, eta bide horretan "zintzotasunez eta determinazioz" joka dezatela galdegin diote, "mobilizazioarekin soilik ezinezkoa baita independentzia lortzea".
Zure interesekoa izan daiteke
Italiatik datozen bidaiarien kontrol aleatorioak egiten jarraitzen dute Bilbon
Larunbat goizean ezarri dituzte kontrolak Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan, aldiz, ordu batzuk lehenago hasi ziren ausazko kontrolak egiten.
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.