'España Ciudadana' plataforma
Gorde
Kendu nire zerrendatik

'España Ciudadana' plataformaren ekitaldia kritikatu dute alderdiek

Altsasuko biztanleen "duintasuna" goraipatu du Sortuk, "faxismoari aurre egiteagatik", eta Ciudadanosek "zarata egin" nahi duela esan du PPk.
Ortega Lara, Altsasuko ekitaldian / EFE.
Ortega Lara, Altsasuko ekitaldian / EFE.

Alderdi politiko guztien kritikak jaso ditu Ciudadanosek bultzatutako 'España Ciudadana' plataformak Altsasun (Nafarroa) egindako ekitaldia. Bertan izan den Vox izan da Albert Riveraren alderdiaren kontra hitz egin ez duen bakarra.

Altsasu zoriondu du Sortuk

Altsasuko herria zoriondu du Sortuk, "faxismoari aurre egiteagatik probokazioetan erori gabe", eta esan du "ez Guardia Zibilak ezta kanpotik etorritako eskuin muturreko alderdiek ere ez gaituzte izan edo pentsatu behar duguna inposatuko".

Abertzaleentzat, Altsasuk "duintasuna, ausardia eta maila" duela erakutsi du. "Faxismo espainiarrak Altsasuko biztanlean probokatu eta umiliatu nahi zituen eta lortu duen bakarra gure herriko askatasun egarria handitzea besterik ez da izan", gehitu du.

Azkenik, "Ebrotik hegoaldera etekin politikoa lortzeko Nafarroa erabili nahi duten eskuin espainiarraren sektoreei" zuzendu da Sortu, esanez "Nafarroan 1936ko altxamendu faxistaren ondorioak oso presente" dituztela. "Haren oinordeko ideologikoek jakin dezatela Nafarroa bere etorkizunaren jabe dela, bai gaur eta bai bihar. Faxismo espainiarrak Nafarroan nahi zuena egiten zueneko egunak bukatu dira. Nafarroak eta Euskal Herri osoak aurre egingo die, gaur eta beti, indarrez beren ideia homofobo, arrazista, totalitario eta uniformatzaileak inposatu nahi dituzten sektoreei", esan du.

Riverak "zarata egiten" duela esan du PPk

PPko kide batzuk Altsasuko ekitaldian izan diren arren, Pablo Casado presidenteak Ciudadanos Altsasun egon izana kritikatu du. Esan duenez, bera orain dela lau hilabete egon zen bertan Guardia Zibila babesteko "hainbeste zarata egiteko beharrik gabe".

Bere esanetan, PP konstituzionalismoa gidatu dezakeen alderdi bakarra da, eta PSOEren aurrean alternatiba bakarra dela.

PSOE: "Aznar bi dobermanekin etorri da"

Sozialisten bozeramailea Senatuan, Ander Gilek, "aznarizatutako" eskuinak Jose Maria Aznar panorama politikora ekarri du berriro, eta horrek "eskuan bi doberman" dituela itzuli da, "boterea berreskuratzeko” dena “lokazteko" helburuarekin.

Gilentzat "hiru eskuinen arduragabetasun larria" izan da ekitaldia, "espainiarren arteko gatazkak eta irainak pizten dituelako", "bizikidetasuna sustatu beharrean".

Bere ustez, eskuinak Pedro Sanchezen Gobernua "gaiztotu" nahi du, "programarik ez" duelako.

Podemosek "arduragabetasun handia" izan dela uste du

Lander Martinezek, Ahal Dugu Euskadiren idazkari orokorrak, "bizikidetzaren bidean" "ekarpenik ez egitea" leporatu die Ciudadanos eta Voxi.

Martinezen arabera, "oso arduragabea da gatazka sozialaren estrategia".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X