Euskadik Memoriaren Eguna zenbait ekitaldirekin gogoraraziko du, baina batasunik gabe
Erakundeek ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte ostiral eta larunbat honetan, Memoriaren Eguna gogorarazteko. Baina aurten ere ez da batasunik egongo; izan ere, PPk ez du Eusko Legebiltzarraren deialdiarekin bat egingo beste behin ere, terrorismoaren eta Poliziaren gehiegikerien biktima guztiak gogora ekartzeko.
2010ean aurrenekoz egin zenetik, Memoriaren Eguna azaroaren 10ean antolatzen dute. Eraso terroristek hildakorik utzi ez duten egutegiko data bakarra da.
Aurreneko edizioan, terrorismoaren biktimak soilik gogorarazi zituzten Eusko Legebiltzarrean, baina 2011an motibazio politiko eta Poliziaren gehiegikerien biktimek ere euren txokoa izan zuten. Horregatik, Ganberako ekitaldira joateari utzi zion PPk, eta orduz geroztik omenaldi propioa egiten du.
Aurten PP Eusko Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako ekitaldietan ez da berriro izango, eta larunbatean omenaldi propioa antolatu du Irunen (Gipuzkoa), terrorismoaren biktimak bakarrik ondratzeko.
Amaya Fernandez Euskadiko Alderdi Popularraren idazkari nagusiak bi erakunde nagusien omenaldiak hizpide izan ditu prentsaurrekoan. “Ezin zaio terrorismoari zilegitasuna kendu, gaitzesten ez duenaren eskutik joanda”, adierazi du Fernandezek, EH Bilduri erreferentzia eginez.
Fernandezen ahotan, Poliziaren gehiegikerien biktimek “aintzatespen, erreparazio eta justizia osoa merezi” dute, baina Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren omenaldietan barneratzeak “gatazkaren mitoa bultzatzen du”.
Aurreneko ekitaldia egun bat lehenago egingo dute, ostiral honetan, Gasteizen, alegia. Terrorismoak kaltetutako pertsonei “protagonismo osoa” emango die Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroak.
Oraindik eraikitzen ari diren Memoria Zentroak Espainiako Gobernuak Araban duen Azpiordezkaritzan antolatu du omenaldia. ETAren biktimek hartuko dute hitza, besteak beste, Maite Araluce Juan Maria Araluce Gipuzkoa Aldundiaren presidentearen alabak (1976an hil zuten); Begoña Elorza Jorge Diaz Elorzaren amak (Fernando Buesa buruzagi sozialistarekin batera hil zuten); eta Jose Alfonso Romero guardia zibilak (Euskadin lanean ibilitakoa “berunezko urteetan”).
Era berean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkariak, Aintzane Ezenarro Gogora Memoria Institutuaren zuzendariak eta Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariak parte hartuko dute.
Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea ere bertan izango dira.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Lore eskaintza 'Gauerdiko iparrorratza' eskulturaren aurrean
Larunbatean, Iñigo Urkullu lehendakariak eta talde politiko guztiek, PPk salbu, lore eskaintza egingo dute 'Gauerdiko iparrorratza' eskulturaren aurrean, ondoren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hitza hartuko du, eta amaitzeko bi minutuko isilunea gordeko dute.
Ganberaren egoitzatik metro gutxira, Etxerat presoen senideen elkarteak iaz egin bezala, elkarretaratzea egingo du 16 hildakoren memoria eta aintzatespena aldarrikatzeko. Guztiak sakabanaketa politikaren biktimak dira, elkartearen arabera.
'Euskal gizartea: Argi-ilunak'
Eusko Jaurlaritzaren ekitaldia, Gogora Memoria Institutuak antolatuta, larunbatean egingo dute, Donostian. Erakunde terroristek eta Poliziaren indarkeriaren ondorioz hildako bost pertsonaren alabek hartuko dute hitza. Bostok legearen aintzatespena dute.
Horrela, Naiara Manuel Zamarreñoren alabak (ETAk 1998an hil zuen PPko zinegotzia), Ainara Eugenio Olacireguiren alabak (ETAk 1997an hil zuen bizikleta enpresako behargina) eta Sandra Isaias Carrascoren alabak (ETAk 2008an hil zuen) testigantza emango dute.
Era berean, Maider Juan Carlos Garcia Goenaren alabak (GALek 1987an hil zuen) eta Jaione Alfredo San Sebastianen alabak (guardia zibil batek tirokatu zuen 1975ean) hitza hartuko dute.
'Euskal gizartea: Argi-ilunak' izenburupean, ekitaldiak “euskal gizarteak arestiko memorian, azken 60 urteetan, izandako paperaren azterketa kritikoa egingo dute”, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Omenaldian, lehendakariak hitza hartuko du, “mezu instituzionala” zabaltzeko. 70ko eta 80ko hamarkadetan euskal gizarteak terrorismoaren biktimekiko izan zuen jarrera kritikatu eta erakundeen erantzuna “egoerak eskatzen zuen mailan egon ez” zela onartuko du testuak.
Horregatik, “terrorismo eta indarkeria guztien biktimei, inor baztertu barik” barkamena eskatuko zaie, baina ETAren indarkeriak eragindako biktimei bereziki.
Gernikako (Bizkaia) Bake Museoak ekimenarekin bat egingo du larunbatean, eta bere ateak zabalik izango ditu egun osoa zehar.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Bilboko Udalak ekitaldi propioak egingo dituzte. Gasteizko Udalak eta Arabako foru erakundeek, ostera, Eusko Legebiltzarrarekin eta Jaurlaritzakoekin bat egingo dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Alkatetzak argituta, Euskal Hirigune Elkargorako lehia irekitzen da orain
Apirilean erabakiko da zein izango den Ipar Euskal Herriko erakunde administratiboaren lehendakari berria. Jean Rene Etchegaray Baionako alkatea izan da 2017tik karguan, baina Iriart zein Etxeleku ere hautagai izan daitezke.
Baionako auzapez izaten jarraituko du Etchegarayk, Blanco estreinatuko da Biarritzen, Etxeleku Kanbon, eta EH Baik babesten duen Horn Bokalen
Orain arteko auzapezek errepikatuko dute Hendaian, Donibane Lohizunen, Azkainen, Maulen eta Beskoitzen. EH Baik Urruña galdu du.
Chivitek, UPNk eta PPk gogor gaitzetsi dute Korrikan ETAren aldeko ikurrak erakustea
Korrika Txantreatik (Iruñea) igaro denean, lekukoa zeramaten bi lagunek ETAko bi presoren argazkiak erakutsi dituzte, eta horrek UPNren, PPren eta Maria Chivite Nafarroako presidentearen haserrea eragin du.
Egiari Zor Fundazioak Pasaiako sarraskiko biktimak omendu ditu, hil zituztenetik 42 urte bete direnean
Estatuko Segurtasun Indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztela 42 urte bete dira gaur, eta horren kariaz Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin du Azpeitian, biktimen jaioterrian, haien lagun eta senideekin batera.
Otxandianok "bakearen ekonomiaren aldeko lidergo politiko sendo baten falta" leporatu dio Pradalesi
Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak kritikatu egin du Mikel Torres Ekonomia sailburuak "armagintza-industria babestu eta garatzearen alde" egin zuela.
Pradalesek Agirreren ondarea aldarrikatu du haren heriotzaren urteurrenean: "Bake gizona, letra larriz"
Lehendakariak Jose Antonio Agirre ekarri du gogora, haren heriotzaren 66. urteurrenean, eta haren balioek nazioarteko egungo testuinguruan duten indarra azpimarratu du.
Abian da udal hauteskundeen bigarren itzulia Ipar Euskal Herriko 11 herritan
Baionan eta Biarritzen aliantzak lortu dituzte aste honetan bigarren itzulirako txartela lortu duten zerrendetako batzuek. Kanbon, Donibane Lohizunen, Hendaian, Urruñan, Maulen, Bokalen, Beskoitzen eta Azkainen, ordea, ez dute adostasunik lortu, eta hautagaitza bakoitzak bere bidea egingo du.
Ione Belarrak "zitala" deitu dio Josu Jon Imazi
Irango gerraren harira, deigarria izan da gaur Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuaren kontra erabili dituen hitzak: "Gerra hau Josu Jon Imazek ordaindu dezala, zitalki joan zen-eta Donald Trumpengana".
PSNko zinegotzi batek eraman du Korrikako lekukoa Milagron, eta ikusleen artean Santos Cerdan izan da
Erriberan ibili da larunbat honetan Korrika eta Milagron, PSNko zinegotzi sozialista batek eraman du lekukoa Udalaren izenean (UPNk eta PSNk osatzen dute udalbatza). Euskadin ez bezala, alderdi sozialista normaltasunez ari da Korrikan parte hartzen Nafarroan. Milagro, bestalde, Santos Cerdan PSOEren antolakuntzako idazkari ohiaren herria da eta ETBk jaso duenez, terraza batean harrapatu du Korrika. Handik, irribarretsu agurtu ditu korrikalariak.
ETAk hil zuen Juan Priede Orioko zinegotzi sozialista gogoratu dute
Jose Ignacio Asensiok esan du apartheid politikoa gauzatzea ekidin zutela Priede bezalako pertsonek. Urte gogor haietan askatasunaren alde pauso bat eman zutela nabarmendu du, eta haien memoria politikoki ez erabiltzeko eskatu dio eskuinari eta ultraeskuinari.