Ciudadanosek abstentzioa eskaini dio Sanchezi 'Nafarroan Bildurekin hausten badu'
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Pedro Sanchez presidente inbestitzeko abstentzio bateratua aurkeztea proposatu dio Pablo Casado PPko presidenteari. Riveraren helburua "Estatu irtenbidea" adostea da, azaroaren 10ean hauteskundeak errepikatzea saihesteko. Rivera eta PPren lider Pablo Casado arratsaldean bildu dira, eta biek leporatu diote Sanchezi Espainiak duen blokeo politikoa; hortaz, Sanchezi dagokio aurrea hartzea, erantzukizuna berea da eta. Hori bai, PPk ez du argitu zein iritzi duen Ciudadanosek proposatutako abstentzio baldintzatuaz.
Astelehen gauean, Casadoren eta Riveraren arteko bilera amaituta, PPren iturriek adierazi dute PPk bere jarrerari eutsiko diola; alegia, "koherentziak, irmotasunak eta Estatu senak markatutako jarrerari" eutsiko diola. Hortaz, Casadoren alderdiak bere ideien alde egin du, eta ez du konpromisorik hartu Cuidadanosek proposatutako abstentzio baldintzatuarekin.
Ciudadanosek, ohar batean, zehaztu du bi buruzagiak ados daudela: biek uste dute Sanchezek duela errua, ezin izan baitu Gobernurik hartu, eta ez duelako gaitasunik izan Estatuko buruak emandako enkargua betetzeko. Dena dela, alderdi laranjak ez du argitu PPk babestuko lukeen Sanchezen baldintzatutako abstentzio hori.
Ciudadanosek azpimarratu duenez, "orain Sanchezek hartu behar du aurrea”" egoera desblokeatzeko "eskaintza bat jaso baitu", Riveraren hiru baldintzei baiezkoa emanez. Hortaz, zuzentzeko eskatu dio, bai eta publikoki konpromisoa hartzeko, "idatziz", beteko dituela, "benetan egoera desblokeatu nahi badu".
Gainera, Riveraren alderdiak PSOEk eta Sanchezek proposamen honi emandako erantzuna deitoratu du; izan ere, PSOEk esan du hiru baldintza horiek gauzatuta daudela, egun, eta, beraz, eskatu die PPri eta Ciudadanosi "abstentzio teknikoa"ren alde egin dezatela.
"Errealitatea ezeztatzea"
"Sanchezek ezin ditu espainiarrak engainatu, errealitatea ezeztatuz: Nafarroan, PSOEren Gobernuak abertzaleen babesa du; Katalunian, berriro ere, independentisten erronka badago indarrean, eta PSOEko buruzagi batzuek nahiago dute demokraziaren aurkako kolpea eman zutenei indultua eman; azkenik, PSOEren Gobernu programak dio gastuak gora egingo duela, eta familiei eta autonomoei zergak igoko zaizkiela", adierazi du.
PPk, aldiz, adierazi dute bat egiten dutela zenbait kontutan: lurralde-politikan, konstituzio-politikan eta politika ekonomikoan: "Horrela galdegin izan dugu geuk, azken hilabeteotan".
Hori bai, PPk ez du konpromisorik hartu Riverak proposatutako abstentzioarekin, eta azpimarratu du Casadok astearte honetan azalduko duela alderdiaren jarrera, Espainiako erregearekin bildu eta gero.
Riverak eguerdian prentsaurrekoan azaldu duenez, hainbat baldintza ezarriko lizkioke Sanchezi haren inbestidura babestearen truke; esaterako, 'proces' auziko presoak espetxera bidaltzen badituzte, indulturik emango ez duelako konpromisoa eta auziko zigorra Katalunian onartzen ez badute, 155. artikulua ezartzeko aukeraz hitz egiteko mahaia osatzea.
Riverak ezarritako baldintza horien artean, zerga igoerarik gabeko politika ekonomiko berri bat diseinatzea eta "Nafarroa Espainiarentzat berreskuratzea" ere badaude. Azken eskaera horren inguruan, Riverak ez du zehaztu zertaz ari den.
"Sanchezek baldintza horien truke gobernu konstituzionalista bati baietz esaten badio" Ciudadanosek inbestidura desblokeatzeko prest dagoela esan du Riverak.
Koalizioa Nafarroan
"Otegirekin eta Bildurekin Nafarroan ituna hausteko" eskatu dio Riverak Sanchezi; halaber, "Navarra Suma eta PSEren arteko koalizio adostua" lortzeko harremanak abiatzea eskatzen dio Riverak. Izan ere, koalizio hori "konstituzionalismoarentzat Nafarroa berreskuratzea" ekarriko lukeela uste du.
Espainiako Gobernuaren aburuz, berriz, "ez dago arrazoi objektiborik" PPk eta Ciudadanosek inbestiduran abstentzioa ez emateko, Riverak eskatutako hiru baldintzak jada betetzen baitira. Sanchezen ustez ere "ez dago benetako oztoporik" PP eta Cs alderdiek abstentzioa emateko.
Sanchezen Gobernuko iturriek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez, Nafarroan dagoeneko Konstituzioa babesten duen Gobernu bat dago; Katalunian 155. artikulua ezarriko da egoerak horrela eskatzen badu, eta ez da zerga igoerarik izango erdi-mailako klaseen eta langileen artean.
Chiviteren erantzuna
Nafarroako presidenteak, Maria Chivite sozialistak, Ciudadanosen buruari leporatu dio "hilabeteak" daramala "Nafarroa erabiltzen Pedro Sanchezi aurre egiteko, Espainian Gobernurik egon ez dadin".
"Ez dugu Bildurekin inolako itunik: beraz, ez dago arrazoi jakinik Espainian legegintzaldiaren hasiera galarazteko", erantzun du Chivitek, "Nafarroa Espainian politika egiteko instrumentalizatzen" ari direla salatu aurretik.
Horren harira, Riverari esan dio Espainia ez dela "Madril bakarrik, Nafarroa ere bada Espainia".
Sanchezek "ardura" eskatu eta Podemosek "doako babesa" baztertu du
"Gobernu progresista" bati hirugarrenez ezetz esango ote dion galdetu dio Sanchezek Unidas Podemosi. Halaber, hauteskundeak saihesteko bidean alderdi politiko guztiek beren erantzukizuna onartu behar dutela uste du Sanchezek.
Noelia Veraren (Unidas Podemos) aburuz, berriz, PSOEk hauteskundeak errepikatzeko erabakia hartu du, hauteskundeen ostean eskuinarekin negoziatzeko asmoz; horrenbestez, "doako babesa" ematea baztertu du.
Zure interesekoa izan daiteke
GOIDIa ikertzen duen epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu du Mazon
Horrez gainera, "bere borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.
Autonomo txikiak BEZetik salbuestea da Juntsek jarri duen baldintza, krisiaren aurkako dekretua babesteko
Miriam Nogueras Juntsek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile aurreratu du krisiaren aurkako dekretuaren alde bozkatuko dutela, baldin eta PSOEk neurrien artean sartzen badu 80.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten autonomoek BEZ zerga ez ordaintzea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EHUk iragarritako protokoloa “labur" geratzen dela “mehatxu-jarrerei” aurre egiteko
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak jarrera horien ardura duten taldeak ez aipatzea aurpegiratu dio Errektoretzari, eta IAS aipatu du.
Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"
EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.
Pradalesek eta Sanchezek Irango gerra, Euskadi iparraldeko muga gisa hartzea eta medikuen greba aztertuko dituzte
Transferentziak eta Tubos Reunidosen zorraren berregituraketa izango dira landuko dituzten beste gai batzuk. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko batzordearen laugarren bilera egingo dute ostiralean Moncloan.
Andaluziak 2026ko maiatzaren 17an egingo ditu hauteskunde autonomikoak
Juanma Moreno presidenteak hilabete aurreratu ditu hauteskundeak; izan ere, legegintzaldia ekainean amaitzea aurreikusita zegoen.
Pradalesek ausardiaz jokatzeko garaia dela esan die euskal enpresei
Irango gerrak Euskadiko ekonomian izango duen eraginaz kezkatuta agertu da lehendakaria, ULMA enpresara egin duen bisitan. Onartu egin du hurrengo asteak eta hilabeteak ez direla errazak izango, baina nabarmendu du Europako berrindustrializazioari ekarpen handia egin diezaioketela euskal enpresek.
PPk zer erabaki jakin arte, Gobernua Juntsen menpe egongo da Irango gerraren ondorioak arintzeko beherapen fiskalen dekretua aurrera ateratzeko
Podemosek adierazi du ez duela neurri sortaren aurka egingo, baina uste du ezin duela aldeko botorik eman, beherapen fiskalak ezartzea "prezioen igoerari aurre egiteko bidea" ez delakoan. Hala, abstenitu egingo dela jakinarazi du.
Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu UPNk eta PPk Korrikaren aurka aurkeztutako bi adierazpen instituzional
Taldeen bozeramaileek agerian utzi dituzte euren arteko desadostasunak, euskararen aldeko lasterketan ETAko presoen argazkiak erakustearen eta Korrikaren beraren inguruan.