Hezkuntza sektorean greba egiteko "batere arrazoirik ez" dagoela uste du Urkulluk
Hezkuntza sektorean greba egiteko "batere arrazoirik ez" dagoela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak. ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek irailaren 15erako greba deitu dute, prebentzio neurriak eta kontratazioa negoziatzea eskatzeko, koronabirus pandemiaren aurrean eskolara "segurtasunarekin" itzultzeko.
Urkulluren ahotan, lanuztearen helburua "ez da diotena", Eusko Jaurlaritza berriari "kritika politikoa" egitea eta "giroa nahastea" baizik. Horregatik, elkarlanerako jarrera aldaketa bat eskatu du. "Guztiok elkarri laguntzeko" unea dela uste du agintariak, "aurretik sumatu ezin zen ustekabeko egoera" bati aurre egiteko.
Ikasturteari hasiera emateko orduan hezkuntza sektoreko eragileekin elkarrizketa falta izan dela ukatu du Urkulluk ETBn. Inbestidura saioan azaldu bezala, Eusko Jaurlaritzak "23 bilera egin ditu ekainetik", gogorarazi duenez.
Gainera, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua iragan astetik ikastetxeekin, sindikatuekin eta patronalekin biltzen ari dela azpimarratu du Urkulluk, eta bilera-sortak astelehen honetan jarraituko duela erantsi du.
"Elkarrizketa badago, baita hiruki bat ere: osasuna, hezkuntza eta hezkuntza komunitatea; guztiek onena eman behar dugu haren baitan. Zalantzarik gabe, gauzak ongi egiteko interesik handiena Gobernuak berak du, eta jadanik jarri ditugunak baino baliabide gehiago bideratuko ditugu, eskura izatekotan", ziurtatu du.
Horregatik, lanuztearen deialdiari eustea ez du ulertzen. "Grebaren xedea ez da diotena, beste bat izan daiteke, Gobernuari kritika politikoa eta giroa nahastea", adierazi du. "Ez dago grebarako arrazoirik, ekainetik egin dugun lanagatik", nabarmendu du.
Lehendakariaren hitzetan, "Administrazioaren esfortzu etengabe eta iraunkorra dago". Era berean, "aurretik sumatu ezin zen ustekabeko egoera" honen aurrean, "guztiok elkarri lagundu behar diogu, auzolana" eskatu du. "Horrela, egoera kudeatzeko garaian gero eta hobeagoak izango gara, baita osasun arloan ere", nabarmendu du.

Gainera, bihar, asteartea, Felipe VI.a Espainiako erregeari estatu-eredua erreformatzeko "beharra" azalduko diola esan du Urkulluk, eta Euskadiren "berezitasuna" errespetatu eta "hobetzea" beharrezkoa dela esango dio.
Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentea eta EAEko lehendakaria Zarzuela jauregian hartuko ditu Felipe VI.ak asteartean, iragan uztailaren 12an Galiziako eta Euskadiko hauteskundeak irabazi ondoren.
“Estatu autonomikoaren barruan” Euskadiren "berezitasuna islatzen jarraitzeko abagunea da" bilera, Urkulluren ustez, "berezitasun horren errespetuan hobetzea beharrezkoa delako". Horrela, "estatu-ereduaren erreforma bat" planteatuko dio.
Halaber, oraindik transferitzeke dauden eskumenak eskatu dizkio Urkulluk Pedro Sanchezen gobernuari. Lehendakariak ziurtatu duenez, Sanchezen exekutiboarekin "urratsak eman dira bide horretan" Euskadiren zorpetze-ahalmenari dagokionez, baita Gernikako Estatutua amaitzeko Ministroen Kontseiluak otsailean onartutako kronogramak dakarren "konpromisoari" dagokionez ere.
"Birzentralizazio zantzuak"
Ildo horretatik, aspaldidanik datozen "birzentralizazio zantzuak" salatu ditu Urkulluk, eta, pandemiaren ondorioz, osasun eta hezkuntza arloan ere "atzeman" direla ziurtatu du. Ondorioz, horrek "erne" egotera behartzen duela esan du.
Halaber, "Gernikako Estatutuan jasotako autogobernuaren berezitasunaren garrantzia" azpimarratu du, eta hori betetzeko eskatu du. "Zenbat eta autogobernu gehiago, orduan eta ongizate gehiago, eta horixe da, hain zuzen ere, lehendakari naizen aldetik eskatzen dudana", gaineratu du.
Horregatik, birzentralizatzeko "tentazioen" aurrean, "etengabe lan egin" behar dela esan du, eta Estatuarekiko aldebikotasuna eta "berme-sistema" jasoko duen Euskadirentzako Estatutu berri bat lortzeko beharra nabarmendu du.
Osasun eta Hezkuntza sailetan ez dela kudeaketa txarrik egon adierazi du Urkulluk
Bestalde, Urkulluk ukatu egin du Nekane Murga Osasun sailburu ohiak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu ohiak arlo horien inguruko "kudeaketa txarra" egin izana.
Ildo horretatik, eskerrak eman dizkie aurreko legealdian Eusko Jaurlaritzan izan diren sailburu guztiei eta haien taldeei, denbora horretan egindako "lan zorrotzagatik". "Denek ondo egin dutela uste dut", gaineratu du.
Lehendakariak azaldu duenez, "arrazoi pertsonalak" daude sailburu berriak aukeratzeko erabakiaren atzean, "baina baita etorkizunari begira aurretik dauden erronken eta errealitateen ardura ere".
Bestalde, Emakunde Lehendakaritzaren egituratik atera eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailera lekualdatzea "kontzientziazioan hobetzeko borondatearekin" egin dutela ziurtatu du lehendakariak.
Zure interesekoa izan daiteke
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.