Kongresuak lehen pausoa eman du pilotako eta surfeko euskal selekzioak nazioartean lehiatu ahal izateko
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak Kirolaren Lege berria onartu du (aurrekoa 1990koa zen), 166 aldeko botorekin, kontrako 157rekin, eta 18 abstentziorekin, eta, hala, pilotako eta surfeko euskal selekzioek nazioartean lehiako ahalko dira modu ofizialean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) "sustraitze historiko eta sozialeko kirolak" diren heinean.
Kongresuko Kultura eta Kirol Batzordeak joan den astean onartu zuen araudia, EAJk eta PSOEk adostutako zuzenketa bat erantsita. Horren arabera, lehen aldiz, kirol batzuetako euskal selekzioen ofizialtasuna aitortu zuten. Orain, Senatuan eztabaidatuko dute testua.
Baldintza horiek betetzen ez dituzten gainerako kirolek, ordea, orain bezala jarraitu beharko dute. Hots, euskal federazioak Espainiakoaren barruan egongo dira nazioarteko lehiaketa ofizialetan. Joko Olinpikoetan aritzeko aukerarik ez dute izango euskal selekziook, Nazio Batuek aitortutako estatuak bakarrik lehiatu ahal direlako.
Espainiako Gobernuak nahi zuen adostasun maila lortu gabe, testua onartu egin dute ostegunean; 166 aldeko boto izan ditu, kontrako 157, eta 18 abstentzio. Orain, Senatura eramango dute; aurreko astean Batzordean onartutako testuarekin alderatuta, aldaketak oso txikiak izan dira.
Autonomia selekzioen gainean EAJk eta PSOEk duela egun batzuk adostutako zuzenketak eztabaida markatu egin du, eta taldeen botoa baldintzatu. Juan Luis Soto diputatu sozialistak aldeztu du legea; esan duenez, "berritzailea da, aitzindaria". 1990etik indarrean dagoena ordezkatuko du.
Testuak "adierazten du kirola egiteko eskubidea, eta kirola funtsezko jarduera dela dio". Berritasunak ditu "gobernantzan eta gardentasunean. Kirol justizia eredu berria bultzatzen du, zaleentzako bideak irekitzen ditu, eta kirolaren industriaren garrantzia nabarmentzen du". Hain zuzen, 400.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana, eta BPGaren % 3 da.
Sotok ziurtatu du lege hau dela "ez diskriminazioarena, LGTBI gizataldea babesten duena, arrazismoari txartel gorria ateratzen diona, eta intolerantziari. Inklusioaren legea da, berdintasunarena, kirolariaren estatutua bultzatzen duena, kontziliazioaren eta edoskitzearen eskubideak aitortzen dituena. Eta, gainera, selekzioetan, berdintasunezko sariak ematen dizkie gizonei eta emakumeei".
"Lege honekin, Espainia ez da apurtzen, tamalez entzun dugunez; alderantziz, kirola gizarte kohesioko tresna bihurtzen da", esan du.
PPko Javier Merinok legearen zati bat goraipatu du, emakumezkoen futbola bultzatu egiten duelako, animaliekin egindako jarduera blindatzen duelako, gardentasun handiagoa duelako bai eta gobernu oneko kodeak ere, "egunero lotsatzen gaituzten portaera jakin batzuk baztertzeko". Deitoratu du, baina, ezin zuela legea babestu, espainiar Gobernuak "parlamentuko oreka hautsi baitu".
Esan duenez, LaLiga, aurreko astean, "Moncloak sortutako polemika artifizial baten testuinguruan" haserretu zen zuzenketak kendu zituztelako ; benetako helburua zen, Merinoren iritziz, autonomia selekzioen kontua estaltzea: "Euskal selekzioetako arazoa lehen egunetik zegoen idatzita, baina Espainiako Gobernua beldur zen, zarata mediatikoa egongo zelako".
"Aukera paregabea zegoen, adostasunarekin hitzartzeko gure demokraziako hirugarren legea, baina espainiar kirola zuen gainetik dago. Haren ohoreak, haren historiak, izen-deiturak dituzte, eta horiek zuek egindako amore emateen gainetik daude", adierazi du.
Euskal taldeen iritzia
Legearen eztabaidan, Joseba Agirretxea EAJren diputatuak nabarmendu du pilotaren eta surfaren euskal selekzioen ofizialtasuna aitortzea "lehen pausoa dela, oinarrizkoa eta beharrezkoa", baina ohartarazi du ez dela "azkena" izango. "Orain arte ezereza genuen, eta orain, denaren eta ezerezaren artean, badugu zerbait", gaineratu du. Nabarmendu duenez, "tamalgarria da herrialde batek kirolari bat lehiatzera behartzea" —aipatu bezala, pilotariak edo surflariak ez diren gainerako kirolariak Espainiaren izenean lehiatu beharko dira—.
Auziak eragindako "zarata" gorabehera, buruzagi jeltzaleak uste du kirolarien eskubidea dela, eta nabarmendu du pozik agertu direla horiek. Dena dela, legea bere osotasunean aztertuta, "Estatuaren injerentzia" salatu du, Konstituzioak autonomia erkidegoei eman baitzien kirol arloko eskuduntza guztiak. Hori esanda, balioan jarri du aurkeztutako eta onartutako zuzenketa guztiek testua "hobetu eta orekatu" izana.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak aurreratu du ez diotela legeari baiezko botorik emango. Argudiatu duenez, pilotaren eta surfaren alorrean lortutakoa "pauso bat" da, baina ez da komeni jendea engainatzea. Aldarrikatu du Euskal Herria nazioa dela, eta, hortaz, bere selekzioa eduki behar duela. Gainera, azpimarratu du kirolariak ez direla "adingabeak" eta ez dela onargarria ezin izatea "zein banderaren eta zein herrialderen izenean" lehiatu nahi duten erabaki.
Salatu duenez, pilotaren eta surfaren salbuespenak kenduta, legeak "Espainiarekin lehiatu nahi ez duten horiek zigortzea", eta hala, nabarmendu du bere taldeak Euskal Selekzioa aldarrikatzen jarraituko duela "lortu arte".
EAJren arabera, Junts akordioa "dinamitatzen" saiatu da
Bozketak EAJren eta Junts per Catalunyaren arteko eztabaida eragin du. Pilar Calvo talde katalanaren bozeramailea jeltzaleei zuzendu zaie, "Kataluniako independentismoaren ametsari betoa jartzeko Espainiako Ganberaren araudia erabili izana" deitoratzeko. Juntsek selekzio nazionalen parte-hartzea orokortzeko zuzenketa egin du, eta EAJk atzera bota.
EAJk erantzun dio Juntsek "historikoki errotuta" dauden selekzioak onartzeko akordioa, jeltzaleen eta sozialisten artekoa, "dinamitatu" nahi izan duela.
"EAJ-PNVk tramitazioari betoa jartzea eragin duen Junts per Catalunyaren proposamena akordio horren literaltasuna aldatuz eta dinamitatuz idatzi da, gai hori bera bere taldearen zuzenketa baten bidez bozkatuko denean (Junts alderdiaren 106 zuzenketa) eta EAJ-PNVren babesa duenean", esan du Euskal Taldeak.
"Are larriagoa da aurrera ateratzeko aukerarik ez duen proposamena bozkatzeko, lortzen zaila izan den akordioa arriskuan jartzea", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerketa batzordeak bertan behera utzi du Cerdanen emaztearen agerraldia, osasun arazoengatik deklaratzeari uko egin baitio
Erabaki hori gorabehera, txostenak "zalantzak sortu dizkie", batzordeko presidenteak esan duenez, baina "kontuz ibiltzeko moduko gai bat" dela iritzita, deklarazioa bertan behera uztea erabaki dute, bai eta Cerdanen emazteak aurkeztutako agiriari buruzko txosten "juridikoak" eta beste mediku batzuren "osasun txostenak" biltzea ere.
Epaiketa bertan behera uztea eskatu dute Kitchen auziko akusatuen abokatuek, intrukzioan akatsak izan direla argudiatuta
Lehen saioan, aurretiko gaiei helduta, hamar akusatuen abokatuek galdegin dute bertan behera utz dezatela Mariano Rajoyren Gobernuaren garaiko Barne Ministerioaren buruzagitzaren aurkako epaiketa.
PPk kritikatu du "biktimismoan" eta euskal herritarren errealitatetik urrun bizi dela EAJ
Laura Garridok (PP) hedabideen aurrean adierazi duenez, Aberri Egunean "betiko diskurtsoa" izan zuen EAJk. "Jauzi kualitatibo bati buruz hitz egin zuten, eta jauzi horrek euskal herritarrei mesede egingo ote dien galdetu nahi diet, kontuan izanda independentzia ez dagoela euskal herritarren lehen kezken artean", esan du.
Eibar Memoria Demokratikorako Leku da, ofizialki, gaurtik
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenak jasotzen duenez, "Eibarko hiriak Memoria Demokratikoaren Leku gisa aitortzeko oinarriak biltzen ditu, errepublikaren legezkotasunaren defentsa aktiboaren nahiz nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien agertoki izan baita".
Arkaitz Rodriguez: "EH Bildu ez da hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, hurrengo belaunaldietan baizik"
Koalizio subiranistako Ekintza Politikoko idazkariak EAJri erreferentzia eginez esan duenez, "penatuta entzuten ditugu hainbat adierazpen, ezin dugu ulertu nola dagoen kezkatuago dagoenik oraindik urtebete luze barru izango diren hauteskundeekin, herritarren arazoei konponbideak ematearekin baino".
Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioko buruzagitza akusatuen aulkian eseriko da gaurtik aurrera, Kitchen auziagatik
Fernandez Diaz Barne Ministerioaren buru zen, Fiskaltzaren arabera, 2013an Gurtel auziko frogak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren esku "legez kontrako inteligentzia operazio bat" egitea pentsatu zutenean, eta, horrela, epailearen esku geratzea "saihesteko".
Estebanek Ayusori erantzun dio "katetada" bere "aldarrikapen nazional nagusia kaña bat hartzea" dela eta Otegik "zureen ekarpena Gernikan Condor Legioa" izan zela
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Picassoren Gernika Euskadira aldi baterako eramateko "asmo nazionalistak" kritikatu ditu ordu batzuk lehenago, "katetada" direla esanez.
PPk eta UPNk, EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldiaren harira: "Nafarroa ez da inoiz euskalduna izango"
Sayasen esanetan, Nafarroa "forala eta espainiarra da historikoki, ordenamendu juridikoak hori diolako eta, batez ere, nafar gehienen nahia hori delako". Bestalde, Ibarrolak nabarmendu du UPNk bermatzen duela "Nafarroa euskal errepublikaren parte ez izatea".
Ertzaintzaren aurkako pintaketa gehiago egin dituzte Amurrion
Amurrioko futbol zelaian azaldu dira oraingoan pintaketak, eta agente bat seinalatu dute. Segurtasun Sailak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta salatu du horrelakoek zuzenean erasotzen dietela bizikidetzaren eta demokraziaren balioei.
EH Bai: "Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dugu Aberri Egunean"
Baionan egin duen ekitaldian, Euskal Herria Baik nabarmendu du beste nazio batzuek duten eskubide berdinak izan behar dituela Euskal Herriak ere, "nazio bat delako".