Euskal agenda, ekonomiaren sustapena eta hauteskunde ondorengo akordioak hizpide, euskal hautagaien eztabaidan
Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako hamar egun falta direnean, EAEko alderdiek euren proposamenak azaldu eta eztabaidatu dituzte EITBko "Hauteskunde Debatean". Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko hautagaia, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga PSE-EEren Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Lander Martinez Sumarren Kongresurako Bizkaiko hautagaia eta Laura Garrido PPren Kongresurako Arabako hautagaia bildu dira mahaiaren bueltan, Nerea Reparaz kazetariaren gidaritzapean.
Ordubete eskas iraun duen saioan, hiru gai jorratu dituzte: euskal agenda, ekonomiaren sustapena eta hauteskunde ondorengo itunak eta koalizioak. Atal bakoitzaren hasieran, hautagai bakoitzak bere alderdiaren proposamena agertu du 30 segundoan, eta ondoren, iritziak trukatu dituzte, aparteko eztabaidarik gabe. Transferentzien edota Next Generation funts europarren inguruko ikuspegi ezberdinek eragin dute batzuen eta besteen arteko ika-mika apurra. Ohi bezala, "urrezko minutua" deritzonarekin amaitu dute, botoa eskatzeko.
Euskal agenda: zeintzuk dira euskal alderdien lehentasunak Madrilen?
Estebanek abiatu du euskal agendari buruzko erronda. Horren hitzetan, "autogobernua defendatzea, ekonomia sustatzea eta giza eskubideak bultzatuko dituzten legeak egiten laguntzea" dira jeltzaleen lehentasunak Madrilen. "Transferentziak egon badira, hori guri esker izan da", zehaztu du.
Bere aldetik, Garcia Gurrutxagak azpimarratu du "PSOE eta Sanchezen Gobernua euskal herritarren agendaren bermea" direla, eta azken legealdiko "Gobernu aurrerakoiak jendartearen egunerokoa hobetzeko" hartu dituen neurriak Euskadirentzako ere balio dutela gehitu du. "Ez al da hori euskal agenda?", galdetu du.
Aizpuruak, berriz, euskal herritarren eskubideak eta askatasunak zabaltzea eta babestea dela euren lehentasuna azaldu du, eta horretarako, ezinbestekotzat jo du "erakundeak herritarren mesedetara jartzea". Zentzu horretan, udalentzat, "herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanda", finantzazio gehiago eskatu du.
Halaber, Martinezek ziurtatu du bere alderdiaren lehentasuna pertsonen bizitza erraztea eta hobetzea dela, eta horretara bideratuko dituztela politikak, baita, Euskadira begirakoak ere. Transferentziak ere aipatu ditu, eta behin eta berriz esan du Espainiako Gobernuan "interlokutore egokia" egotea beharrezkoa dela, eskuduntzen eskualdaketarako. "PPrekin eta VOXekin hori ezingo da", azaldu du.
Garridok, ordea, "PP agintean egon izan denean, euskaldunei ondo" joan izan zaiela nabarmendu du. AHTa, hazkunde ekonomikoa eta herritarren segurtasuna aipatu ditu gai nagusi bezala. Bere hitzartze guztietan "sanchismoa" aipatu du buruzagi popularrak, "hitza ez betetzearen eta gezurraren" ispilua dela esanez.
Ekonomiaren sustapena: non jarri indarra?
PSE-EEren hautagaiak zabaldu du ekonomiari buruzko blokea. Pandemiak eta Ukrainako gatazkak / gerrak eragindako krisiak aipatu ondotik, horiei aurre egiteko sozialistek abian jarritako neurriak nabarmendu ditu, enplegu erregulazioko espedienteak, besteak beste.
EH Bilduko ordezkariak "familien ekonomia" zaintzearen premia azpimarratu du, industria ahaztu gabe. Zentzu horretan, soldata duinak eta justizia soziala aldarrikatu ditu, eta euskal enpresa eredu berria garatzearen beharraz hitz egin du, horretarako "industria lege berria" garatu behar dela esanez.
"Hautatu egin behar da. Pertsonen eta familien interesak edota eliteen eta multinazionalenak".
Martinezek ere pertsonak jarri ditu ekonomiaren erdigunean, eta, besteak beste, "industria berriaren aldeko apustua" egin du. Yolanda Diaz Lan Ministroari "esker" azken legealdian lortutako "hobekuntza sozialak" jarri ditu mahai gainean.
"Sanchismoa" izan du hizpide hautagai popularrak, ekonomiaren atalean ere. Sanchezen politikek egoera ekonomikoa okertu egin dutela eta, gaur gaurkoz, Euskadi ez dela enpresentzat erkidego erakargarria gehitu du. Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen dituen baliabideak ez erabiltzea egotzi die jeltzaleei.
Berehala erantzun dio Estebanek, jeltzaleek Madrilen egindako lanaren ondorioz, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa ziurtatuta daudela adierazita. Era berean, Europako funtsen inguruan ere mintzatu da, eta horiek "oso inportanteak" direla aitortu arren, "burokrazia" handia dela eta laguntzak Euskadin bertan kudeatu behar direla uste du.
Hitzarmenak eta koalizioak: alderdi bakoitza, zertarako prest?
Hauteskunde ondorengo itunei buruz aritu dira saioaren amaieran, eta euren asmoak zeintzuk diren azaldu dute. EH Bilduk garbi utzi du eskuinari gobernatzeko atea ixtea dela bere lehentasuna, "berdin PPri edota PP-VOXi", aukera hori "Euskal Herriarentzat ez delako ona". "
Martinezek ere argi adierazi du "gobernu aurrerakoia osatzen" ahaleginduko direla, "Diaz buru dela". Horren hitzetan, "EAJren eta EH Bilduren bozkak bitartekari bezala funtziona dezakete", baina "euskal gaiak aurrera ateratzeko, beharrezkoa da Gobernutik bertatik proposamenak egingo dituen alderdi aurrerakoi bat egotea".
Garridok, aldiz, oso garbi du PPk gehiengo osoz irabaziko dituela hauteskundeak eta inoren laguntzarik gabe gobernatu ahal izango dutela. VOXekin akordiorik egingo duten galdetuta, agertoki hori aztertu ere ez duela egingo erantzun du, "gehiengoa lortuko dugulako".
Bere aldetik, Estebanek esan du EAJ ez dela "inoren makulua" eta U23ko hauteskundeak ez direla "Sanchezen eta Feijooren arteko lehia" modura ikusi behar. "Datorren 4 urteetan Euskadiren interesak daude jokoan eta Euskadiren ahotsa Madrilen nork defendatuko duen erabaki behar da. Jeltzaleek VOXekin zerikusia dutenekin ezer ez dute sinatuko, baina txeke zuririk ere ez dugu emango. Euskal agenda negoziatu beharko da", esan du.
Azkenik, hautagai sozialistaren arabera, sozialistak "irabaztera" aterako dira bozketan, eta gobernu aurrerakoia osatzeko prest egongo dira, "beti programa akordio batekin".
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerketa batzordeak bertan behera utzi du Cerdanen emaztearen agerraldia, osasun arazoengatik deklaratzeari uko egin baitio
Erabaki hori gorabehera, txostenak "zalantzak sortu dizkie", batzordeko presidenteak esan duenez, baina "kontuz ibiltzeko moduko gai bat" dela iritzita, deklarazioa bertan behera uztea erabaki dute, bai eta Cerdanen emazteak aurkeztutako agiriari buruzko txosten "juridikoak" eta beste mediku batzuren "osasun txostenak" biltzea ere.
Epaiketa bertan behera uztea eskatu dute Kitchen auziko akusatuen abokatuek, intrukzioan akatsak izan direla argudiatuta
Lehen saioan, aurretiko gaiei helduta, hamar akusatuen abokatuek galdegin dute bertan behera utz dezatela Mariano Rajoyren Gobernuaren garaiko Barne Ministerioaren buruzagitzaren aurkako epaiketa.
PPk kritikatu du "biktimismoan" eta euskal herritarren errealitatetik urrun bizi dela EAJ
Laura Garridok (PP) hedabideen aurrean adierazi duenez, Aberri Egunean "betiko diskurtsoa" izan zuen EAJk. "Jauzi kualitatibo bati buruz hitz egin zuten, eta jauzi horrek euskal herritarrei mesede egingo ote dien galdetu nahi diet, kontuan izanda independentzia ez dagoela euskal herritarren lehen kezken artean", esan du.
Eibar Memoria Demokratikorako Leku da, ofizialki, gaurtik
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenak jasotzen duenez, "Eibarko hiriak Memoria Demokratikoaren Leku gisa aitortzeko oinarriak biltzen ditu, errepublikaren legezkotasunaren defentsa aktiboaren nahiz nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien agertoki izan baita".
Arkaitz Rodriguez: "EH Bildu ez da hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, hurrengo belaunaldietan baizik"
Koalizio subiranistako Ekintza Politikoko idazkariak EAJri erreferentzia eginez esan duenez, "penatuta entzuten ditugu hainbat adierazpen, ezin dugu ulertu nola dagoen kezkatuago dagoenik oraindik urtebete luze barru izango diren hauteskundeekin, herritarren arazoei konponbideak ematearekin baino".
Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioko buruzagitza akusatuen aulkian eseriko da gaurtik aurrera, Kitchen auziagatik
Fernandez Diaz Barne Ministerioaren buru zen, Fiskaltzaren arabera, 2013an Gurtel auziko frogak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren esku "legez kontrako inteligentzia operazio bat" egitea pentsatu zutenean, eta, horrela, epailearen esku geratzea "saihesteko".
Estebanek Ayusori erantzun dio "katetada" bere "aldarrikapen nazional nagusia kaña bat hartzea" dela eta Otegik "zureen ekarpena Gernikan Condor Legioa" izan zela
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Picassoren Gernika Euskadira aldi baterako eramateko "asmo nazionalistak" kritikatu ditu ordu batzuk lehenago, "katetada" direla esanez.
PPk eta UPNk, EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldiaren harira: "Nafarroa ez da inoiz euskalduna izango"
Sayasen esanetan, Nafarroa "forala eta espainiarra da historikoki, ordenamendu juridikoak hori diolako eta, batez ere, nafar gehienen nahia hori delako". Bestalde, Ibarrolak nabarmendu du UPNk bermatzen duela "Nafarroa euskal errepublikaren parte ez izatea".
Ertzaintzaren aurkako pintaketa gehiago egin dituzte Amurrion
Amurrioko futbol zelaian azaldu dira oraingoan pintaketak, eta agente bat seinalatu dute. Segurtasun Sailak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta salatu du horrelakoek zuzenean erasotzen dietela bizikidetzaren eta demokraziaren balioei.
EH Bai: "Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dugu Aberri Egunean"
Baionan egin duen ekitaldian, Euskal Herria Baik nabarmendu du beste nazio batzuek duten eskubide berdinak izan behar dituela Euskal Herriak ere, "nazio bat delako".