Transferentziek eta ekonomia alorreko neurriek euskal hautagaien arteko eztabaida piztu dute
Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan begia jarrita, duela lau urte Euskal Autonomia Erkidegoan hautagaitza lortu zuten alderdi politikoetako ordezkariek euren proposamenak azaldu eta eztabaidatu dituzte EITB taldeak antolatutako "Debate electoral" saioan. ETB2n, Radio Euskadin, eitb.eus-en eta ETB4n, azken horretan zeinu hizkuntzan, jarraitu ahal izan da eztabaida.
Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko hautagaia, Patxi Lopez PSE-EEren Kongresurako Bizkaiko hautagaia, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Lander Martinez Sumarren Kongresurako Bizkaiko hautagaia eta Javier de Andres PPren Kongresurako Arabako hautagaia bildu dira mahaiaren bueltan, Xabier Ormazabal kazetariaren gidaritzapean.
Hauteskunde eztabaida hiru zatitan banatu da: euskal agenda, ekonomia eta hauteskunde osteko itun eta akordioak. Atal bakoitzaren hasieran, hautagai bakoitzak bere alderdiaren proposamena agertu du 30 segundoan, eta ondoren, iritziak trukatu dituzte. Azkenik, "urrezko minutua" deritzonarekin amaitu dute, botoa eskatzeko. Azken legegintzaldian lortu diren transferentziek eta Pedro Sanchezen gobernuak hartu dituen neurri ekonomikoek ika-mika eta eztabaida sortu dute.
Euskal agenda
EAJko hautagaia izan da euskal gaiei buruzko atal hau zabaltzeko arduar izan duena. Madrilen egingo duten politikan ondoko hiru alorrek izango dutela lehentasuna esan du: "euskal autogobernua defendatzea, gure industria babestea eta giza eskubideekin eta askatasunekin lotuta dauden lege guztiak defendatzea".
Hautagai sozialistaren hitzetan, euskal herritarroi "oso ongi etorri zaigu Madrilen Gobernu progresista izatea". Euskal agendaren barruan sartu ditu "Euskadiko 380.000 jubilatuei pentsioak igotzea", oinarrizko soldata "% 46 baino gehiago jasotzea" eta "lan erreformari esker, kontratu mugagabeak % 138 gehiago izatea".
Euskal agenda bi bidetatik defendatuko du Madrilen EH Bilduk, Aizpuruak jakinarazi duenez. Alde batetik, "euskal agenda soziala" dago, "jendartearen kezkei erantzun eta arazoei konponbidea emateko". Bestetik, "autogobernuaren defentsa" agindu du, "hobeto bizitzeko erreminta gisa". Bi bide horietan dagoeneko hainbat lorpen garrantzitsu egin direla defendatu du Aizpuruak.
Sumarreko hautagaiak euskal agenda "euskaldunon bizitza hobetzen duten neurri guztiek" osatzen dutela adierazi du, baita "etxebizitza eta industria politika jasangarriak ere; alegia, industria berdearen barruko lanbideak bultzatzea". Galdera bat utzi du gogoetarako: "zer aukera ditu euskal agendak Abascal jauna presidenteorde izatera iristen bada?"
Ordezkari popularrarentzat "Euskadiko beharrekin konpromisoa hartuko duen euskal agenda egin behar da". Bere hitzetan, azken legegintzaldian, gainerako alderdiek babestuta, hartu diren neurrien ondorioz, "12.400 lanpostu galdu ditu euskal industriak eta 2.400 autonomo gutxiago daude Euskadin".
Bloke honetako eztabaida biziena EAEra azken hilabeteetan ekarri diren konpetentzien transferentziek sortu dute. Lopezek eta Estebanek, bakoitzak bere aldetik, transferentzia horien lorpena eurei esker izan dela defendatu dute. Lopezek "11 transferentzia lortu" direla azpimarratu nahi izan du, eta Rajoyren gobernuetan bat ere ez zela eskuratu ekarri du gogora. Estebanek, bere aldetik, "eurek ezarri zuten egutegia" ez betetzea leporatu die sozialistei.
Aizpuruaren aburuz, "konpetentziak ez dira helmuga bat bere horretan". "Bitarteko bat" direla eman du aditzera eta, ondoren "ongi landu behar" direla esan du. Zentzu horretan, Osakidetzaren "hondatzea" jarri du mahai gainean.
Martinezek, berriz, dagoeneko transferituta dagoena "hobetzeko aukera egon denean, kontra bozkatu" izana leporatu dio EAJri eta, horretarako, Etxebizitzaren Legea aipatu du.
Ekonomia: sustatu nahi den eredua
Ekonomiari buruzko blokeari hasiera PSE-EEko hautagaiak eman dio. Bere hitzetan, Pedro Sanchez buru duen Gobernuak erakutsi du krisiei aurre egitea posible dela, inor bazterrean utzi gabe, PPk 2008an egin zuenaren "kontrakoa". "Bankuak erreskatatu eta herritarrak abandonatu zituen PPk", esan du.
Koalizio independentistako diputatugaiak, bere aldetik, herritarren eta familien ongizatea erdigunean jarriko duen ekonomia eredua defendatu du, eta horretarako politika fiskalak aldarrikatu ditu. "Gehien duenak gehien ordaindu" behar duela azaldu du, behar handiena duten herritarrak babesteko. Euskal industria sustatzeko politikak bultzatuko dituztela esan du, azpimarra berezia enpresa ertain eta txikietan jarrita. Industria lege berri bat premiazkoa dela adierazi du.
Ekonomia kontuetan Yolanda Diazek Espainiako Gobernuko Lan Ministerioan egindako lana txalotu du Martinezek, besteak beste, gutxieneko soldataren igoera nabarmendurik. Nolanahi ere, gauza gehiago lor daitezkeela azaldu du: erosahalmena handitzea eta hipoteken eta prezioen gorakadari muga jartzea aipatu ditu erronka modura.
De Andresek uste du goitik behera aldatu behar dela egungo ekonomia eredua, "inbertsioak" erdigunean jarrita.
Azkenik, blokea ixteko, ordezkari jeltzaleak hartu du hitza, eta, beste behin, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa berritzeko EAJk Madrilen egindako lana goratu du. Bere hitzetan, erreminta horiek ezinbestekoa dira Euskadiko zerbitzu publikoak bermatzeko, eta baita enpresei diru-laguntzak bideratzeko ere. Era berean, Next Generation funtsen kudeaketan dagoen "burokrazia" salatu du, eta laguntza horiek erkidego bakoitzak kudea ditzala eskatu.
Hasierako azalpen horien ondotik, azken legealdian onartutako zenbait neurrik piztu dute eztabaida, batez ere, Lopezen, Martinezen eta De Andresen artean.
Hautagai popularraren iritzian, azken urteotan EAEko langileen erosahalmenak sei puntu egin du behera, eta horren ardura Espainiako Gobernuan egon direnek dutela iruditzen zaio. "Ez dute autonomoen egoera ezagutzen, eta zerga eta oztopo burokratiko gehiago baino ez dizkiete jarri herritarrei", esan du.
Berehala etorri da Sumarreko hautagaiaren erantzuna, Rajoyren Gobernuak "Espainiaren zorra % 63 handitu" zuela adierazita. 2008ko krisia eta azken urteotan pandemiak nahiz Ukrainako gerrak eragindakoak alderatzeko eskatu du, eta kasu bakoitzean langileentzako ondorioak zeintzuk izan diren aztertzeko.
Ildo beretik hitz egin du Lopezek, PPk Espainia gobernatu zuen urteetan "laguntzak murriztu" eta "ongizate estatu ahuldu" zirela ziurtatuz. "Pribatua laguntzen dute, publikoa hondatuta", gaineratu du. De Andresi zuzendu zaio, Espainia inflazioa % 2tik jaistea lortu duen Europako lehen herrialdea dela esanez.
Itunak eta koalizioak
Hauteskunde ondorengo balizko akordioei buruz hitz egin dute eztabaidaren azken zatian. Aizpuruak ekin dio gaiari, eta argi utzi du eskuinari toki guztietan atea ixteko eskura dituen baliabideak erabiliko dituela EH Bilduk, "Euskal herritarrek eskuineko gobernurik ez dutelako nahi".
Martinezen iritzian, bi bloke daude jokoan datozen bozketan, eta bi agertoki posible ikusten ditu: "PPk eta VOXek osatutako gobernua" edota "Yolanda Diaz kide den gobernu progresista". Botoa erabaki gabe dutenei zuzendu zaio Sumarreko kidea, herritarren bizi baldintzak hobetzearen alde lan egingo duen aukeraren alde egin dezaten.
De Andresek ere bi blokeren arteko lehia ikusten du, eta EAJ, EH Bildu, PSOE eta Sumar "Sanchezen blokean" daudela azpimarratu du. Bere esanetan, "Feijooren blokeak" bakarrik bideratu ditzake Euskadik dituen arazoak: "Euskadik behar duena ez da zor handiagoa edo klientelismo handiagoa", zehaztu du. VOXekin akordioak adosteagatik gainerako alderdiek egindako kritikei erantzunez, hautagai popularrak azpimarratu du "PSOEk egin duena" dela onartu ezin dena, "EH Bildurekin itunak ixtea".
EAJko diputatugaiak bere alderdiaren marra gorriak zeintzuk diren azaldu du: VOXekin edota haiekin lotura dutenekin ez dute ezer sinatuko eta txeke zuririk ere ez diote emango inori. "Gu ez gara inoren makulua. Euskadi da erreferentzia", amaitu du.
Azkenik, PSE-EEko hautagairen ustez, U23ko hauteskundeen ondoren ez da egongo gehiengo osorik eta akordioak ezinbestean lortu beharko dira. Bi aukera aurreikusten ditu: "Pedro Sanchezek gidatutako gobernu progresista edota PP eta VOXen arteko ultraeskuineko aliantza, gutxienez 39raino eramango gaituena".
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerketa batzordeak bertan behera utzi du Cerdanen emaztearen agerraldia, osasun arazoengatik deklaratzeari uko egin baitio
Erabaki hori gorabehera, txostenak "zalantzak sortu dizkie", batzordeko presidenteak esan duenez, baina "kontuz ibiltzeko moduko gai bat" dela iritzita, deklarazioa bertan behera uztea erabaki dute, bai eta Cerdanen emazteak aurkeztutako agiriari buruzko txosten "juridikoak" eta beste mediku batzuren "osasun txostenak" biltzea ere.
Epaiketa bertan behera uztea eskatu dute Kitchen auziko akusatuen abokatuek, intrukzioan akatsak izan direla argudiatuta
Lehen saioan, aurretiko gaiei helduta, hamar akusatuen abokatuek galdegin dute bertan behera utz dezatela Mariano Rajoyren Gobernuaren garaiko Barne Ministerioaren buruzagitzaren aurkako epaiketa.
PPk kritikatu du "biktimismoan" eta euskal herritarren errealitatetik urrun bizi dela EAJ
Laura Garridok (PP) hedabideen aurrean adierazi duenez, Aberri Egunean "betiko diskurtsoa" izan zuen EAJk. "Jauzi kualitatibo bati buruz hitz egin zuten, eta jauzi horrek euskal herritarrei mesede egingo ote dien galdetu nahi diet, kontuan izanda independentzia ez dagoela euskal herritarren lehen kezken artean", esan du.
Eibar Memoria Demokratikorako Leku da, ofizialki, gaurtik
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenak jasotzen duenez, "Eibarko hiriak Memoria Demokratikoaren Leku gisa aitortzeko oinarriak biltzen ditu, errepublikaren legezkotasunaren defentsa aktiboaren nahiz nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien agertoki izan baita".
Arkaitz Rodriguez: "EH Bildu ez da hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, hurrengo belaunaldietan baizik"
Koalizio subiranistako Ekintza Politikoko idazkariak EAJri erreferentzia eginez esan duenez, "penatuta entzuten ditugu hainbat adierazpen, ezin dugu ulertu nola dagoen kezkatuago dagoenik oraindik urtebete luze barru izango diren hauteskundeekin, herritarren arazoei konponbideak ematearekin baino".
Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioko buruzagitza akusatuen aulkian eseriko da gaurtik aurrera, Kitchen auziagatik
Fernandez Diaz Barne Ministerioaren buru zen, Fiskaltzaren arabera, 2013an Gurtel auziko frogak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren esku "legez kontrako inteligentzia operazio bat" egitea pentsatu zutenean, eta, horrela, epailearen esku geratzea "saihesteko".
Estebanek Ayusori erantzun dio "katetada" bere "aldarrikapen nazional nagusia kaña bat hartzea" dela eta Otegik "zureen ekarpena Gernikan Condor Legioa" izan zela
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Picassoren Gernika Euskadira aldi baterako eramateko "asmo nazionalistak" kritikatu ditu ordu batzuk lehenago, "katetada" direla esanez.
PPk eta UPNk, EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldiaren harira: "Nafarroa ez da inoiz euskalduna izango"
Sayasen esanetan, Nafarroa "forala eta espainiarra da historikoki, ordenamendu juridikoak hori diolako eta, batez ere, nafar gehienen nahia hori delako". Bestalde, Ibarrolak nabarmendu du UPNk bermatzen duela "Nafarroa euskal errepublikaren parte ez izatea".
Ertzaintzaren aurkako pintaketa gehiago egin dituzte Amurrion
Amurrioko futbol zelaian azaldu dira oraingoan pintaketak, eta agente bat seinalatu dute. Segurtasun Sailak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta salatu du horrelakoek zuzenean erasotzen dietela bizikidetzaren eta demokraziaren balioei.
EH Bai: "Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dugu Aberri Egunean"
Baionan egin duen ekitaldian, Euskal Herria Baik nabarmendu du beste nazio batzuek duten eskubide berdinak izan behar dituela Euskal Herriak ere, "nazio bat delako".