Prozesu judiziala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren aurkako auzia artxibatzeko eskatu du Fiskaltzak

 Fiskalak Moncloak agindutakoaren arabera aritu izana errefusatu du Fiskaltzak bere idatzian, esanez fiskal nagusiak ezagutu aurretik mezu elektroniko famatu hori dagoeneko ezaguna zela.  

Álvaro García Ortiz, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Alvaro Garcia Ortiz Espainiar Estatuko fiskal nagusiaren eta Pilar Rodriguez Madrilgo fiskal probintzialaren aurkako auzia artxibatzeko eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Gorenari, Isabel Diaz Ayusoren bikotekidearen kasuarekin lotutako filtrazioengatik sekretuak zabaltzea egotzita.

Fiskaltzak aurkeztutako apelazio-idatziaren gainean arituko da zuzenean Maria de los Angeles Sanchez Conde Goreneko fiskalordea. Idazki horretan, Moncloak agindutakoaren arabera aritu izana errefusatu du Fiskaltzak, esanez fiskal nagusiak ezagutu aurretik mezu elektroniko famatu hori dagoeneko ezaguna zela.

Angel Hurtado epailearen arabera, 2024ko otsailaren 2ko mezu elektroniko hura zabaldu egin zuen fiskalak. Mezu horretan Alberto Gonzalez Amadorren abokatuak fiskalari aitortzen zion bi delitu fiskal egin izana, "Gobernuko Presidentziatik jasotako jarraibideen ondorioz", baina xehetasun gehiagorik eman gabe.

Auto horren kontrako helegitea aurkeztu duen Fiskaltzak azpimarratu duenez, "egindako ebazpen ugaritan eta egintza prozesaletan ez da inoiz aipatu fiskalak Gobernuko Presidentziatik jarraibideak jaso izana". Ondorioz, Fiskaltzaren arabera, "inputazio hori gerora etorri da, frogarik gabe, ikertuak babesgabetasun argian utzita, horren gainean ez dietelako galdetu edo frogarik aurkeztu". Hori dela eta, "ez dago Fiskaltza Nagusiaren posta elektronikotik mezu hori zabaldu zen frogarik". Gaineratu duenez, Poliziak "aitortu zuen ez zuela inolako frogarik lortu filtrazioa fiskal nagusiak egin zuela esateko".

Gaineratu duenez, "pertsona askok adierazi dute posta eduki dutela, aztertu dutela edo edukia ezagutu dutela fiskal nagusiak posta eskuratu aurretik", besteak beste, "aldez aurretik" postari buruzko "informazioa" zutela adierazi zuten hainbat kazetarik.

"Pertsona ugarik deklaratu dute mezu elektroniko hura jaso, ikusi nahiz bere edukia ezagutu izana, fiskal nagusiak ezagutu aurretik ere", horien artean, "kazetari batzuk".

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X