Auzitegi Konstituzionalak Amnistia Legea babestu du, magistratu aurrerakoien aldeko botoekin
PPren helegiteari erantzuna emateko bozkatu dute, eta ebazpen-testuak dio Espainiako Konstituzioan amnistiak tokia duela, eta Amnistia Legea ez dela "arbitrarioa", ezta "kapritxoa" ere.
Auzitegi Konstituzionalaren bilera, aste honetan. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak babestu egin du Amnistia Legea, 6 magistratu aurrerakoien aldeko eta 4 kontserbadoreen kontrako botoekin. Astelehenean ekin zieten bilerei, eta 10 epaileek gaur egin dute bozketa. Bete egin da aurreikusitakoa: PPk jarritako helegitea atzera bota dute, osoko bilkura monografikoan.
Onartu den testuak Inmaculada Montalban magistratuak eta Auzitegi horretako presidenteordeak duela hiru aste aurkeztu zuen ponentziaren zirriborroa du oinarri. Bertan, oniritzia eman diote Amnistia Legeari.
Gaurkoa lehen epaia besterik ez da izan. Auzitegi Konstituzionalak 30 helegite inguru ditu ebazteko, eta, zalantzarik gabe, gaurkoak bidea zabaldu eta argitu die gainontzekoei.
Ebazpenak ez dio aipamenik egiten diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituari, eta, beraz, Puigdemonten eta Junquerasen egoera ez da aldatuko
Ebazpenak dio Espainiako Konstituzioan amnistiak tokia baduela, eta Amnistia Legea ez dela "arbitrarioa", ezta "kapritxoa" ere. Horrekin batera, arauak jasotako artikuluek legea betetzen dutela ere erantsi dute.
Halaber, epaiak arrazoizkoa irizten dio Kataluniako prozesu independentistak hango gizartean eragindako arrakalak bere onera ekartzeko Amnistiaren Legean jasotako neurri-sortari, horien artean, isunak murrizteari. Epaiaren arabera, legeak elkarbizitza eta kohesio soziala eraikitzea erraztu du.
Diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua
Testuak ez du aipatzen diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua. Hortaz, gaurko ebazpenak ez die eragingo Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras Generalitateko presidenteari eta presidenteorde ohiari, hurrenez hurren. Auzitegi Gorenak ez zituen amnistiatu diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituagatik.
Konstituzionaleko epaileek legeak Konstituzioan tokirik duen edo ez aztertu dute; ez, ordea, zein kasutan aplikatu behar den.
Puigdemont, Oriol eta dirua bidegabe erabiltzeagatik zigortutako gainerako buruzagien kasuan, babes-helegiteak argitu arte itxaron beharko da, anministia aplikatuko zaien edo ez jakiteko. Gutxienez, udazkenera arte.
Erreakzioak
Berehala hasi dira erreakzioak iristen. Gaiari buruz bere iritzia ematen aurrenetakoa Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izan da. "Albiste oso ona" dela esan du Europar Batzodera sartu aurretik egindako adierazpenetan, Bruselan.
"Politika" aldarrikatu du buruzagi espainiarrak, Kataluniakoa eta horren gisako "gatazka zailak" bideratzeko. Bere ustez, gaurko epaiak "politikatik inoiz atera behar ez zen krisi politikoa" ixten lagunduko du.
Felix Bolaños Espainiako Gobenuko Presidentetza, Justizia eta Gorteekin Harremanetarako ministroaren iritzian, berriz, "elkarbizitzaren alde Gobernuak egindako apustua" aitortzen du erabakiak. Nolanahi ere, nabarmendu du legea auzipetu guztiei ezarri arte, ez dela erabat amaituko prozesua. "Amnistia legezkoa da, konstituzionala da, bidezkoa da eta erabilgarria da, Katalunian bizikidetza jada errealitate bat delako", esan du, Kongresuan, prentsaurrean.
Era beran, Salvador Illa Generalitateko presidente sozialistak ere txalotu egin du erabakia, eta azpimarratu du "legea ezartzeari oztopoak" jartzeak ez duela "zentzurik". Prozesuan zigortutako guztiei amnistia ezartzearen alde agertu da, eta, zentzu horretan, Auzitegi Gorenari eskatu dio legea bere horretan aplika dezala, "errespetuz, baina argitasunez".
Imanol Pradales lehendakariak uste du Konstituzionalaren babesak "politikaren judizializazio dinamika kaltegarriari" bukaera eman diola, eta "elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidera" itzultzen duela Kataluniako gatazka politikoa. Gainera, EAEren gaitasun politikoak "areagotzeko" eta "autogobernu esparru berri bat" lortzeko defendatuko duten bidea dela ziurtatu du.
Bide beretik, Sumar Mugimenduko Pablo Bustinduyk ere albiste ontzat jo du berria, "inoiz gertatu behar ez zena zuzendu" delako. "Mariano Rajoyren Gobernuak egin zuen hau, Ongizate Estatua desegiten ari zen bitartean, mugimendu baketsu bat zapaldu zuen, eta prozesu demokratiko eta baketsu bateko buruzagi politikoak epaitegietara eraman zituen", azaldu du.
Antzera mintzatu da Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea ere. Horren hitzetan, urrats garrantzitsua da, "luzeegi jo" duen gatazkari amaiera emateko.
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramailearen ahotan, Kongresuan onartutako Amnistia Legearen espirituak "dimentsio osoan" jasotzen zuen gaia, eta, beraz, Konstituzionalak "amnistiarekin lotutako edozein delitu" libratu beharko luke. Gogorarazi duenez, EAJk beti defendatu du "gatazka politikoak esparru politikoan konpondu behar direla" eta horiek judizializatzea "hanka-sartzea" dela.
Kontrara, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak gogor kritikatu du Konstituzionalak ebatzitakoa, eta, amnistia "legez kanpokoa" dela esan ondoren, berriro auzitan jarri du auzitegiaren inpartzialtasuna. Are, gehitu du demokraziaren ikuspuntutik epaia "lotsagarria" dela, "ustelkeria politikoaren emaitza" izan baitzen.
Zure interesekoa izan daiteke
Ikerketa batzordeak bertan behera utzi du Cerdanen emaztearen agerraldia, osasun arazoengatik deklaratzeari uko egin baitio
Erabaki hori gorabehera, txostenak "zalantzak sortu dizkie", batzordeko presidenteak esan duenez, baina "kontuz ibiltzeko moduko gai bat" dela iritzita, deklarazioa bertan behera uztea erabaki dute, bai eta Cerdanen emazteak aurkeztutako agiriari buruzko txosten "juridikoak" eta beste mediku batzuren "osasun txostenak" biltzea ere.
Epaiketa bertan behera uztea eskatu dute Kitchen auziko akusatuen abokatuek, intrukzioan akatsak izan direla argudiatuta
Lehen saioan, aurretiko gaiei helduta, hamar akusatuen abokatuek galdegin dute bertan behera utz dezatela Mariano Rajoyren Gobernuaren garaiko Barne Ministerioaren buruzagitzaren aurkako epaiketa.
PPk kritikatu du "biktimismoan" eta euskal herritarren errealitatetik urrun bizi dela EAJ
Laura Garridok (PP) hedabideen aurrean adierazi duenez, Aberri Egunean "betiko diskurtsoa" izan zuen EAJk. "Jauzi kualitatibo bati buruz hitz egin zuten, eta jauzi horrek euskal herritarrei mesede egingo ote dien galdetu nahi diet, kontuan izanda independentzia ez dagoela euskal herritarren lehen kezken artean", esan du.
Eibar Memoria Demokratikorako Leku da, ofizialki, gaurtik
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenak jasotzen duenez, "Eibarko hiriak Memoria Demokratikoaren Leku gisa aitortzeko oinarriak biltzen ditu, errepublikaren legezkotasunaren defentsa aktiboaren nahiz nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien agertoki izan baita".
Arkaitz Rodriguez: "EH Bildu ez da hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, hurrengo belaunaldietan baizik"
Koalizio subiranistako Ekintza Politikoko idazkariak EAJri erreferentzia eginez esan duenez, "penatuta entzuten ditugu hainbat adierazpen, ezin dugu ulertu nola dagoen kezkatuago dagoenik oraindik urtebete luze barru izango diren hauteskundeekin, herritarren arazoei konponbideak ematearekin baino".
Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioko buruzagitza akusatuen aulkian eseriko da gaurtik aurrera, Kitchen auziagatik
Fernandez Diaz Barne Ministerioaren buru zen, Fiskaltzaren arabera, 2013an Gurtel auziko frogak lortzeko Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren esku "legez kontrako inteligentzia operazio bat" egitea pentsatu zutenean, eta, horrela, epailearen esku geratzea "saihesteko".
Estebanek Ayusori erantzun dio "katetada" bere "aldarrikapen nazional nagusia kaña bat hartzea" dela eta Otegik "zureen ekarpena Gernikan Condor Legioa" izan zela
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Picassoren Gernika Euskadira aldi baterako eramateko "asmo nazionalistak" kritikatu ditu ordu batzuk lehenago, "katetada" direla esanez.
PPk eta UPNk, EH Bilduk Iruñean egin duen ekitaldiaren harira: "Nafarroa ez da inoiz euskalduna izango"
Sayasen esanetan, Nafarroa "forala eta espainiarra da historikoki, ordenamendu juridikoak hori diolako eta, batez ere, nafar gehienen nahia hori delako". Bestalde, Ibarrolak nabarmendu du UPNk bermatzen duela "Nafarroa euskal errepublikaren parte ez izatea".
Ertzaintzaren aurkako pintaketa gehiago egin dituzte Amurrion
Amurrioko futbol zelaian azaldu dira oraingoan pintaketak, eta agente bat seinalatu dute. Segurtasun Sailak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta salatu du horrelakoek zuzenean erasotzen dietela bizikidetzaren eta demokraziaren balioei.
EH Bai: "Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dugu Aberri Egunean"
Baionan egin duen ekitaldian, Euskal Herria Baik nabarmendu du beste nazio batzuek duten eskubide berdinak izan behar dituela Euskal Herriak ere, "nazio bat delako".