Fiskaltzak 24 urteko espetxe-zigorra eskatu du Abalosentzat; 19 eta erdikoa, Koldorentzat, eta 7 urtekoa, Aldamarentzat, maskarillen aferagatik
Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako fiskalburuak behin-behineko ondorioen idazkia aurkeztu du asteazken honetan Auzitegi Gorenean, eta bertan eskatu du bakoitzak ia 4 milioi euroko isuna ordaindu dezala, baita 430.000 euroko enbargoak eta kalte-ordainak ere.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Auzitegi Gorenari eskatu dio 24 urteko kartzela-zigorra jar diezaiola Jose Luis Abalos Garraio ministro ohi eta PSOEko Antolakuntza idazkari ohiari, 'Koldo auzi'ko maskarillen aferaren baitan ustezko bost delitu egotzita (erakunde kriminaleko kide izatea, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, dirua bidegabe erabiltzea eta informazio pribilegiatua erabiltzea). Gainera, 3,9 milioi euroko isuna ezartzea ere eskatu du.
Hala dago jasota Alejandro Luzon Fiskaltza Espezializatuko buruak aurkeztu duen akusazio-idazkian, buruzagi sozialista ohiaren aurka egingo den epaiketari begira. Pandemia garaian zuzentzen zuen Garraio Ministerioak esleitutako maskara-kontratuetan irregulartasunak omen daudelako epaituko dute.
Koldo Garciari dagokionez, Luzonek Gorenari eskatu dio 19 urte eta erdiko espetxe zigorra ezar diezaiola, Abalosi egozten dizkion delitu berberengatik: erakunde kriminaleko kide izatea, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa, dirua bidegabe erabiltzea eta informazio pribilegiatua erabiltzea. Era berean, 3,9 milioi euroko isuna jartzeko eskatu du.
Isunez gain, Abalos eta Koldo Inecori (34.477,86 euro) eta Tragsateci (9.500,54 euro) kalte-ordain "bateratua eta solidarioa" ematera behartzeko eskatu du Fiskaltzak.
Bestalde, "funtzionario-eroskeria delitutik eskuratutako irabaziak" konfiskatzeko beharra ere nabarmendu du, "gutxienez, 430.298,4 euro".
Aitorpen-aringarria, Aldamarentzat
Aldamaren kasuan, Ministerio Publikoak aintzat hartu du aitorpenaren aringarria, eta 7 urteko kartzela-zigorra eskatu du Abalos eta Koldori egozten dizkien delituetako hirurengatik: erakunde kriminaleko kide izatea, funtzionario-eroskeria eta informazio pribilegiatuaz baliatzea. Ministro ohiaren eta aholkulari ohiaren kasuan bezala, 3,8 milioi euroko isuna eskatu du.
Azaroaren 3an Leopoldo Puente magistratu instruktoreak Abalos, Koldo Garcia ministroaren aholkulari ohia eta Victor de Aldama enpresaburua eta ustezko egilea epaitzea proposatu zuen, eta horren ostean dator Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzaren idazkia.
Magistratuaren ustez, Abalosek ministro kargua hartu eta "oso gutxira" elkartu ziren, "egoera hori eta proiektatzen zuen berezko eragina probestuz, Administrazio Publikoaren arloan egin zitezkeen kontratuen esleipenetatik onura ekonomikoak ateratzeko asmoz, bai eta eragin-ahalmen baliotsu horrek ekar zitzakeen abantaila posible guztietatik probetxu ekonomikoa ateratzeko ere":
Joan den irailean kausa zatitzea erabaki zuen Lepolodo Puentek, maskara kontratuei buruzko ikerketak pieza nagusian uzteko eta pieza bereizia obra publikoaren truke komisioak kobratzeko ustezko sareari eskaintzeko. Bigarren horri dagokio gaur fiskaltzak egindako eskaera.