UPN-Athletic polemika
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroako Gobernuak UPNren "noraeza" kritikatu du Athleticen elastikoarekin izandako polemikan

Alderdi politikoak LORAFNA (Nafarroako Autonomia Estatutua) eguneratzea eztabaidatzen ari ziren gaur Parlamentuko batzorde batean, eta klub zuri-gorriaren elastikoaren harira piztutako polemikaren inguruko iritziak emateko tartea ere hartu dute. 

Comisión Parlamentaria Navarra

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak UPNren "noraeza" kritikatu du, Athletic Clubek Euskal Herriko mapa bat kamisetatik kendu ezean auzitara joko duela ohartarazi ostean.

Remirezek LORAFNAri buruzko ponentzia parlamentarioan parte hartu du, eta Marta Alvarez UPNko parlamentariak atera du gaia.  

Remirezek deitoratu egin du "UPNko presidenteak Maria Chiviteri bidalitako gutun bakarra futbol talde baten elastikoaz hitz egiteko izatea". "Herritarren lehentasunetatik urrun dauden alderdi baten lehentasunei buruz asko esaten du horrek", bere ustez.

Gainera, azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuak legezkotasunean oinarrituta baino ezin du jardun. Badakizue zein den Gobernuak duen maniobra tartea, eta ezinezko bat eskatzen ari zarete, jakinda ezin duela ezer egin". Azkenik, futbol talde baten emaitza bakarrik interesatzen zaiola gaineratu du,  Osasunarena, bihar Lehen Mailan jarraitzeko lehiatuko baita.

Gainerako taldeek ere gai honi buruzko iritzia eman dute. EH Bilduren izenean, Adolfo Araizek esan du "UPNren azken erridikulua" izan dela "erakunde pribatu batekin sartzea". "Orain, pegatina bat editatu nahi duen edozein erakunderi gutun bat bidaliko dio UPNk", gaineratu du. Araizek Euskal Herriko mapa barne hartzen duten beste adibide batzuk aipatu ditu, eta zera gaineratu: "Mapa horrek euskaraz hitz egiten den herria irudikatzen du, norbaitek ez bazekien ere".

Geroa Bairen aldetik Blanca Regulezek salatu duenez, "polemika artifiziala da" eta "ez da serioa". "Badakigu UPNk beti nahi izan duela ikurrina daramana jazartzea. Nafar askok ere geure sentitzen dugu", erantsi du.

PPren Irene Royok, bere aldetik, esan du "errespetu falta" dela Bilboko klubak  hartutako erabakia. "Gobernuak Nafarroaren defentsan atera behar zuen. Ez dut uste beste gobernurik badenik bere herria defendatzera ateratzen ez denik. Mugarik jartzen ez bada, gehiagora joan daiteke".

Miguel Garrido Zurekin Nafarroa alderdiko kideak galdetu du ea zer gertatuko litzatekeen "norbaitek bandera errepublikanoa jartzen badu". "Uste dut bereizi egin behar dugula errespetua eta zalantzan jartzea. Erabat zilegi da hori zalantzan jartzea eta errealitate politiko berri bat lortu nahi izatea. Baina legezkotasuna zalantzan jartzea... Adierazpen askatasunaren zati bat da bakoitzak bere sinboloak aukeratzea", azaldu du.

Talde Mistoko Emilio Jimenezen ustez, "udal askok ez dute sinboloen legea errespetatzen eta ez da ezer gertatzen. Mesede eskasa egin zaio klubari politikarekin nahastuz".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X