ERASOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Loiuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak herriko alkatearen kontrako pintaketak gaitzetsi ditu

Tokiko erakundeak premiazko bilera egin du gaur goizean adierazpen instituzional bat adosteko. Pintaketetan Josu Andoni Begoriaren izena ageri da, diana bat erdian duela. EAJren eta PPren aldeko botoekin onartu dute testua; EH Bilduk ez du sinatu. 

Pintada contra el alcalde de Loiu PNV. Fuente: Loiuko Udala

Loiun (Bizkaia) agertutako pintaketetako bat. Argazkia: Loiuko Udala

Loiuko (Bizkaia) Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "irmo eta argi" gaitzetsi ditu udalerrian asteburu honetan agertu diren Josu Andoni Begoria alkatearen (EAJ) kontrako pintaketak. 

Tokiko erakundea goizean bildu da, urgentziaz, adierazpen instituzionala adosteko. EAJren eta PPren botoekin onartu dute, eta EH Bilduk ez du babestu. Testuan salatu dutenez, larunbat gauean Loiuko hainbat tokitan "pertsonen osotasunaren aurkako" pintaketak agertu ziren, "mehatxuak eta hertsapenak barne hartuta". Horietako batzuetan alkatearen izena ageri da, diana bat erdian duela. 

Gertakariei "garrantzia kendu beharrean", Loiuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak uste du gaitzetsi egin behar direla, udalerrian ez dutelako "inoren aurkako hertsapenik eta mehatxurik onartzen, eta are gutxiago herritar guztiak ordezkatzen dituzten eta demokratikoki hautatuak izan diren pertsonen aurka".

Udal erakundearen arabera, pintaketak "indarkeria-adierazpenak dira, bizikidetzaren aurka egiten dutenak, eta horiek egiten dituztenen izaera baino ez dute islatzen: jarrera totalitarioak, beldurra eta hertsapen politika egiteko modu gisa ulertzen dituztenak".

Azkenik, Josu Andoni Begoria alkateari "elkartasuna eta babesa" adierazi diote, baita erakundeko lankideei ere. Babes hori familiari eta ingurune hurbilari ere zabaldu diete.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X