EAJk aberri bizia eta estatus berria eskatu ditu Aberri Egunean
Milaka pertsona bildu dira Bilbon, Aberri Eguna ospatzeko, “Aberria Bizi” lelopean. Aurrera egingo duen Euskadi aldarrikatu dute jeltzaleek. Estebanek ekitaldi politiko jendetsua iragarri du maiatzerako, udal eta foru hauteskundeak baino urtebete lehenago, eta Pradalesek autogobernuaren defentsa egin du.
EAJk jendetza bildu du gaur, Bilboko Plaza Barrian, Aberri Eguna dela eta, "Aberria bizi" lelopean. Euskadi eraikitzeko "modu ezberdinak" daudela azpimarratu dute. Gainera, "herrialde fidagarria, egonkorra, demokratikoa, giza eskubideak errespetatzen dituena eta solidarioa" eraikitzen jarraitzeko deia egin dute jeltzaleek.
Aitor Esteban EBBko buruak esan du bere alderdia dela "bermatuta ez dagoen" euskal autogobernuaren "defendatzailerik onena".
Estebanek EAJren "jarrera konstruktiboa" nabarmendu, eta herri eredu oparoa defendatu du, pertsona bakoitzak bere lekua izan dezan, bakoitzak bere izaerari uko egin gabe. "Estatus berri baten inguruko elkarrizketetan ere, EAJren jarrera eraikitzailea, propositiboa eta zintzoa da, beti bezala", gaineratu du. Estebanek onartu du aldeak daudela euskal alderdien artean, baina prest agertu da akordio bat lortzeko, betiere "benetako jauzia bada nazioan, arbitrajean eta kanpoko presentzian".
EBBko presidentearen esanetan, Aberri Eguna ez da ospakizun eguna bakarrik, "jaso dugunarekin konpromisoa hartzeko eguna da, baina batez ere eraiki nahi dugunarekin".
Estebanek euskararen aldeko aldarria egin du, eta iragarri du EAJ lanean ari dela Euskararen Legearen inguruan akordio zabala lortzeko eta, horrela, segurtasun juridikoa emateko.
Azkenik, Estebanek ekitaldi politiko jendetsua iragarri du maiatzerako, udal eta foru hauteskundeak egin baino urtebete lehenago. "Gure indarra eta determinazioa ekitaldi handi batean erakutsiko dugu, inflexio puntu bat izango dena", esan du, etorkizun hobe bat eraikitzeko erronkei aurre egiteko beharrari erreferentzia eginez.
Autogobernuaren defentsa egin du lehendakariak
Ekitaldian, Imanol Pradales lehendakariak ere parte hartu du, eta legealdiaren erdian irakurketa positiboa egin du. Horrela, euskal autogobernua nabarmendu, eta "harriz harri euskal etxea eraikitzen jarraitzearen" alde egin du.
Halaber, autogobernuaren balioa aldarrikatu du, euskal gizartearen ongizatea bermatzeko tresna gisa. Gainera, honen alde egin beharrean honen garapena oztopatu eta kritikatu dutenak gaitzetsi ditu. “Ez zait buruan sartzen norbaitek euskal herritarrentzat positiboak diren lorpenak gutxiestea edo trabak jartzea. ‘Norbait’ horrek ez badu autogobernu gehiago nahi, argi esan dezala”, adierazi du.
Hitzaldian, lehendakaria EH Bilduri ere zuzendu zaio: "Gaur batzuek batasun abertzaleaz, herri gisa jarduteaz eta herri akordioez hitz egingo dute. Desio politak, baina nahiago nuke errealitatearekin bat etorriko balira". "Non egon dira Kontzertu Ekonomikoaren etengabeko erasoen aurrean?", galdetu die, eta euskal auzia ahaztea aurpegiratu die.
Pradalesek ezker abertzaleari aurpegiratu dio "kamiseta asko, bandera asko, aldarrikapen asko eta mota eta baldintza guztietako arrazoiak babestea", baina "abertzale ororentzat nobleena den kausa ahazten zaie, Euskal Herriaren kausa", esan du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari ere zuzendu zaio, eta "historiara nola igaro nahi duen" eta "Euskadirekin adostutako konpromisoak beteko dituen ala ez" erantzuteko eskatu dio.
Pradales kezkatuta agertu da PPk eta Voxek osatzen duten eskuin "autoritarioarekin" eta kontserbadorearekin. "Agintera iritsi daitezkeela jakin behar dugu", esan du, eta, horren aurrean, "konfiantzazko mezua" helarazi die bertaratutakoei: "Euskadi prest dago!".
Pradalesek, halaber, Picassoren Guernica margolana aldi baterako lagatzeko eskaera berretsi dio Estatuari, Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrena dela eta, “Euskal Herriari erreparazioa adierazteko”. Horregatik, lehendakariak ausardia politikoa eskatu du: “Franco Erorien Haraneko hilobitik atera zuten, eta ez al dira gai Madrildik Euskadira koadro bat ekartzeko?”.
Basauriko krimen matxista gaitzesteko minutu bateko isilunea eginda hasi da ekitaldia. Bertan izan dira alkateak, diputatuak, sailburuak eta beste buruzagi jeltzale batzuk, EAJko afiliatu eta jarraitzaileekin batera, ikurrinez betetako plazan.
Zure interesekoa izan daiteke
Josu Zabala Erasun gogoratu dute Hondarribian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Josu Zabala Erasun 1976an hil zen Guardia Zibilaren tiroen ondorioz, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurka egindako manifestazio batean.
Ertzain baten aurkako pintaketa bat agertu da Gasteizko bere etxe ondoan
Segurtasun Sailak poliziak seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". ESAN eta SIPE sindikatuek ere gaitzetsi dute gertatutakoa.
Agirrek "erreparazio publikoa" eskatu du Irurak Bat jauregitxoaren harira, "aurrera egitea" nahikoa ez dela iritzita
Alkatearen arabera, hilabeteotan auzi juridikotik harago joan da eztabaida, salaketa oso larriak egin baitira kaltetu diren pertsonen eta EAJren aurka; horregatik, argi esan du ez dela nahikoa gertatutakoa atzean uztea.
Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela inolako kriminalitate antolaturik gaur egun Euskadin
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Imanol Pradales lehendakariak adierazi du azken urteotako hilketak, batez ere, drogek, mendekotasunek edo genero-indarkeriak eragindako harreman pertsonalen narriadurarekin lotuta daudela. Gaur egun Euskadin ez dagoela inolako delinkuentzia antolaturik nabarmendu du.
Isuskitza mendiko gurutze frankista bota du Ernaik
Errekete frankisten omenez Isuskitza mendian (Araba) 1940an jarritako gurutzea bota du Ernaik, baita bideoz grabatu eta sareratu ere. Gazte antolakundearen arabera, “faxismoak ez du lekurik gure herrian”, eta hilaren 13an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Nora Abetek (PSE-EE) Bilboko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du
Bilboko Udaleko egungo alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Gipuzkoako Foru Aldundia datorren astean hasiko da aurrekontuak eta neurri fiskalak negoziatzen
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du oposizioko taldeekin elkarrizketa sorta bat hasteko asmoa duela, lurraldeko aurrekontuen eta zenbait neurri fiskalen inguruan negoziatzen hasteko.
Lehendakariak ekonomiari, autogobernuari eta etxebizitzari buruzko akordioak planteatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin egingo duen bilera-sortan
Topaketak irailaren 8tik 15era egingo dira, elkarrizketa indartzeko eta aliantzak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde-zikloak markatutako testuinguruan burutuko dira.
Imanol Pradales: "Irailaren 8an hasiko gara alderdi politiko, sindikatu eta patronalarekin biltzen"
Imanol Pradales elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lehendakariak bertan jakinarazi duenez, erronda politikoa irailaren 8an hasiko du, asteartean, eta bilera horietan jorratuko diren gaiak iragarri ditu.
Pradalesen ustez, Sanchezen gobernua "nokeatuta" dago, eta Ceutako krisiari erantzuna eman ezean legealdia amaitu beharko luke
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak.