EH Bilduk kritikatu egin du Solariako bi zuzendari ohik EAJren eskutik Administrazio Publikoan karguak izatea
Koalizio subiranistak gogorarazi du gaur egun parke fotovoltaikoak sortzeko 19 proiektu daudela Araban, eta zalantzan jarri ditu bi goi-kargudun horien interesak: "Eskandalua da". Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean gezurretan aritzea egotzi dio koalizio subiranistari, "aurkari politikoaren aurka egiteko".
EH Bilduk kritikatu du Solaria enpresako bi zuzendari ohik goi-karguak dituztela gaur egun Administrazio Publikoan: bata, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Proiektu eta Berrikuntza zuzendari gisa; eta bestea, Araba Garapen Agentziako zuzendari gisa, Arabako Foru Aldundiak sustatutako sozietate bat.
Hori dela eta, iragarri du hainbat ekimen aurkeztuko dituela, bai Arabako Batzar Nagusietan, bai Eusko Legebiltzarrean, izendapen horien arrazoiak ezagutzeko eta Solariaren interesek politika publikoak defini ez ditzaten hartuko diren mekanismoak argitzeko.
Koalizio abertzalea kezkatuta agertu da Solariak planta fotovoltaikoak egiteko 19 proiektu aurkeztu dituelako Araban, eta azpimarratu du gizartean “kezka handia” sortzen ari direla.
EH Bilduk salatu du gero eta agerikoagoa dela energia berriztagarriak ezartzen ari direla “modu desordenatuan eta kontrolik gabe”, eta zalantzan jarri du Solariako bi zuzendari ohien interesak zeintzuk ote diren, haiek hartzen dituztelako "azken erabakiak.
EAJren erantzuna
Berehala etorri da jeltzaleen erantzuna. Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean gezurretan aritzea egotzi dio koalizio subiranistari, "aurkari politikoaren aurka egiteko".
"Politikan denak ez du balio", idatzi du X sare sozialean, eta ohartarazpen batekin amaitu du argitalpena: "Nahi badute, guztion iragana aztertzen hasiko gara, banan-banan eta xehe. Hori ez zitzaiela interesatzen uste nuen".
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek erantzunak eta neurriak eskatu dizkio Marokori, Ceutan muga-kontrolak huts egin zuelako
"Gogoak batzeko" deia egin du Sarek presoen aldeko urtarrileko manifestazioa "azkena" izan dadin
Arabak trenbide sektorea berritzeko zentro teknologikoa izango du Laudion
Kataluniara itzultzeko aukera zabaldu dio Puigdemonti Auzitegi Konstituzionalak, bidegabeko erabilera delituari amnistia eman dio eta
Kongresuak behin betiko kendu dio prentsa-akreditazioa Vito Quilesi
Akordio zabalak aipatu bai, baina gero ezezkoa bozkatzea aurpegiratu dio Estebanek Otegiri