Gorenak atzera bota du Voxek Chiviteren aurka jarritako kereila
Auzitegi Gorenak ez du funtzionario-eroskeriaren zantzurik ikusten, ezta influentzia-trafikorik ere, Nafarroako presidenteak kontratu publikoen esleipenean izan zuen jokabidean.
Auzitegi Gorenak ez du onartu Voxek Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearen aurka aurkeztutako kereila, Koldo auzian ikertutako hainbat kontratu publikoren esleipenen harira. Bere jardunean delitu zantzurik ez dagoela ondorioztatu du Gorenak, eta auzia artxibatzea erabaki du.
Auto batean, Salak baztertu egin du funtzionario-eroskeriaren, influentzia-trafikoaren eta erakunde kriminalaren ustezko delituengatik jarritako kereila, uste baitu ez dela deskribatzen Chiviteri egotz dakiokeen ekintza zehatzik, zantzu bidez bada ere.
Gorenak azpimarratu du kereila bere kargu instituzionaletik eta Santos Cerdan, Koldo Garcia eta gainerako ikertuekin izandako harreman pertsonal eta profesionaletatik eratorritako susmo orokorretan oinarritzen dela, dokumentaziorik eta froga objektiborik aurkeztu gabe. Era berean, ez du onura pertsonalik, emaririk edo kontraprestaziorik izan bere administrazio-jarduerari lotuta.
Ebazpenean jasotzen denez, argudiatutako zantzuek ez dute behar besteko zehaztasunik, eta gogorarazten du, nolanahi ere, forudunak ez direnek edo Administrazioak egindako ustezko irregulartasunak dagozkien epaitegietan ikertu beharko direla, arau arruntei jarraituta epai ditzaten.