Burujabetza eta XXI. mendeko nazioa aztertuko ditu Gure Eskuk bigarren konferentzia subiranistan
Burujabetza eta nazioa XXI. mendean hizpide hartuta, bigarren konferentzia subiranista egingo du Gure Eskuk otsailaren 28an Bilboko Bizkaia Aretoan. Soziologo, historialari eta kazetariak bilduko ditu ekitaldian; tartean, Omnium Cultural-eko lehendakari, Xavier Antich.
Naziogintza eta burujabetzari buruz “gogoeta egiteko eta iritziak trukatzeko espazio” gisa aurkeztu du konferentzia hau Josu Etxaburuk. Iaz egin zuten lehenengoa Irungo Ficoban, eta ekimena urteroko agendan egonkortzeko asmoa dutela iragarri du.
Gure Eskuren aburuz, “nabaria da nazio eta burujabetzaren ideiak bueltan” direla. Baina, “kasu askotan, oinarri erreakzionarioei lotuta” datozela ohartarazi du jardunaldia aurkezteko egindako ekimenean.
Aurtengo jardunaldian nazioarteko testuinguruari erreparatu nahi dio Gure Eskuk. Nayua Aduhk adierazi duenez, “nazioaren defentsa barra-barra darabilten indar politikoak nagusitzen” ari dira munduko hainbat txokotan. Baina mugimendu horien “ezaugarriak bazterkeria, xenofobia, feminismoaren kontrako jarrera, eskubideen ukazioa, negazionismo klimatikoa…” direla azpimarratu du.
Hala ere, beste eredu bat badagoela sinetsita dago Gure Esku; “irekia, esentzialismoari begiratzen ez diona eta herritarren eskubideetan oinarritua”; eta euskal herritar gehienek horrekin bat egiten dutela ziur dago.
Otsailaren 28an hitz egingo dute, besteak beste, gaur egun munduan, eta bereziki estatu gabeko nazioetan, gertatzen ari denaz; naziogintzaren gako historiko eta gaur egungoez; edota nazioa bazterkeriatik aldenduta eraikitzeko egon daitezkeen moduez.
Hausnarketa eta gogoeta bultzatzeko solasaldi bat antolatu dute kazetariekin eta beste bat soziologo eta historialariekin. Horrez gainera, Kataluniako Omnium Cultural erakundeko lehendakari Xavier Antich elkarrizketatuko du Zelai Nikolasek.
Konferentzian parte-hartzeko izen-ematea asteazkenean, otsailaren 4an, zabalduko da Gure Eskuren webgunean.