ARAGOIKO HAUTESKUNDEAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

PPk "harresia" ez izateko eskatu dio Voxi, eta PSOE "autokritika" egitea ekiditen dabil

Beste hauteskunde hitzordu batzuetan baino argiago mintzatu da Feijoo Aragoiko bozen biharamunean, eskuin muturrari "2023ko akatsak" ez errepikatzeko eskatuz. Abascalen alderdiak, berriz, ahobizarrik gabe baldintzak jarri ditu mahai gainean: kontseilaritzak nahi ditu, eta politikak errotik aldatzea da bere helburua. 

jorge azcon alberto nuñez feijoo

Azcon, Feijoo alboan duela, PPren egoitza nagusian, gaur. Argazkia: EFE

Aragoiko hauteskundeetan helburuak lortu izan balitu bezala ospatu ditu PPk emaitzak: bi eserleku galduta gailendu da Jorge Azcon popularren hautagaia, 26 eserlekurekin. Beraz, bozak aurreratzeko estrategiak porrot egin dio, oraingoan ere, Alberto Nuñez Feijoo buru duen alderdiari. 

Madrilen bildu da PPren zuzendaritza, atzoko emaitzak aztertzeko, eta PSOEk hartu duen kolpean jarri du azpimarra Feijook. Haren hitzaldian, Azconek lortutakoa txalotu ostean, ondorioa "matematikoa, objektiboa eta erreala" dela esan du: PPk irabazi ditu hauteskundeak, eta Sanchezek, galdu. 

Genovan ziur daude erkidegoz erkidego PSOE "higatzea" lortuko dutela, eta estrategia horrek 2027an Moncloarako giltza emango diela. 

Beste hauteskunde hitzordu batzuetan baino argiago mintzatu da Feijoo, eta eskuin muturrari "2023ko akatsak" ez errepikatzeko eskatu dio: hainbat lekutan akordioak lortu, eta ondoren gobernuetatik ateratzea erabaki zuen Voxek. Oraingoan, "arduraz"  jokatzeko eta "harresia" ez izateko galdegin dio. 

PSOEk, autokritikarik ez

PSOEk, berriz, bere emaitzarik txarrena errepikatu zuen atzo, 18 eserleku lortuta. Pilar Alegria hautagaiak emaitzak "onaz ez" direla izan esan bai, baina autokritikarik ez du egin, gaur egin duten batzarrean. 

Sanchezek gidatu duen bileren ostean, PSOEko iturriek azaldu dute inoiz baino garrantzitsuagoak direla sozialistak, "blokeoa" eta "paralisia" ekarriko duten "PP-Vox gobernuei" aurre egiteko. 

Aurrera begira, "mobilizazioan" jarri nahi dute indarra, herritar aurrerakoien artean "ilusioa" berpizteko. 

Vox, negoziatzeko prest

Bien bitartean, giltza eskuan duela jakinda, eskuin muturra hasi da bere baldintzak mahai gainean jartzen. Kontseilaritzak nahi ditu, "aurrekontua eta egitura" zehaztuta. "Gobernatzea nahi dugu, noski baietz", esan du Jose Angonio Fuster Voxen eledunak, alderdiaren zuzendaritza bildu ondoren egindako agerraldian. 

Esan duenez, "politikak errotik" aldatzea da euren helburua, eta, horretarako, ardura postuak exijituko dituzte. "Presidenteordetza bada, hobe", erantsi du. "Toki guztietan eskatzen dugun gauza bera da". 

"Berehala" negoziatzen hasteko prest daudela ere esan du Fusterrek, gobernu berria osatzeko. "Azconen esku dago", zehaztu du. 

Chunta Aragonesistak, abstentzioari ezetz biribila

Chunta Aragonesistak (CHA) erakarri ditu nonbait ezkertiarren botoak, eta ordezkaritza bikoiztu du (3tik 6ra). Bere posizioa argi utzi du hasieratik. Isabel Lasobras CHAren idazkari nagusiak aurreratu du Azcon presidente izatea ahalbidetzeko abstentzioa ez dela euren aukeretan sartzen. "Argi eta garbi: ez". 

"Alderdi Popularraren politikak gure alderdiaren antipodetan daude", azaldu du. 



Zure interesekoa izan daiteke

VITORIA, 31/03/2026.- La vicelehendakari y consejera de Cultura, Ibone Bengoetxea, ha informado este martes en Vitoria de los asuntos tratados en el Consejo de Gobierno. EFE / L. Rico
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jaurlaritzak 'Jauzia Gara' Euskararen Plan Estrategikoa onartu du erabileran "jauzi kualitatiboa" emateko

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago". Helburua da euskararen ezagutzan eta, bereziki, erabileran "jauzi kualitatiboa" ematea, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen presentzia gizarteko eremu guztietan handitzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X