Aireportuetan 13.000 milioi euroko inbertsioa ekarriko duen Aenaren egitasmoan parte hartzen ahaleginduko da Jaurlaritza
Ubarretxenak defendatu du Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan Jaurlaritzak zer esana izan behar duela.
Maria Ubarretxena Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburua Madrilen bilduko da gaur, Aireportuen Kudeaketarako eta Azpiegituretarako Aldebiko Azpibatzordearen esparruan, erkidegoan dauden interes orokorreko aireportuak Euskadira eskualdatzea aztertzeko. Bilera Lurralde Politikako Ministerioan izango da, eta, bileraren ondoren, sailburuak agerraldia egingo du emaitzaren berri emateko.
Azpibatzorde hori eratzea Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adostu zuten, iazko uztailean egindako Bitariko Lankidetza Batzordean. Helburua da Euskadik aireportuen kudeaketan, konektibitatean eta lehiakortasunean parte hartzeko formulak eta bideragarritasuna aztertzea, Gernikako Estatutuan aurreikusitakoaren ildotik.
Azpibatzordea azaroaren 1ean eratu zen formalki, Madrilen egindako estreinako bileran. Ordutik, Saileko iturrien arabera, maila teknikoan lan egin da, azpiegitura estrategiko horien gainean Euskadik duen kudeaketa-gaitasuna handitzea ahalbidetuko duen formula juridiko eta administratiborik onena definitzeko.
Bestalde, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Espainiako Gobernuari helaraziko dio Espainiako Gobernuak onartutako migratzaileen erregularizazio-prozesua babesteko eta Euskadin izango dituen inplikazioak aurreratzeko beharra. Gainera, Euskadi igarobidean dauden migratzaileen funtsezko puntu gisa aitortzea eskatuko du.
Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadi dagoeneko aritzen da iparraldeko muga gisa; 2018tik, 40.000 pertsona baino gehiago artatu dituzte, eta horietatik % 90 igarobidean daude. Hori dela eta, Melgosak eskatuko du tresnak eman diezaiotela Jaurlaritzari migratzaileen harrera modu eraginkorragoan, koordinatuagoan eta gizatiarragoan kudeatzeko.
Aenaren diseinu-planean parte hartzeko ahalegina
Ubarretxenak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela Aenaren dokumentuaren "behin betiko diseinuan" parte hartzea. Hain zuzen ere, Aenak aurreikusi du hurrengo urteetan 13.000 milioi euroko inbertsioa egitea Espainiako Estatuko aireportuetan. Hori horrela, defendatu du Jaurlaritzak zer esana izan behar duela Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan.
Radio Euskadin goizean egindako adierazpenetan, adierazi du gaurko bilerara ez duela formula itxirik eramango. Edonola ere, zehaztu du Jaurlaritzak dokumentu hori diseinatzen parte hartzeko ahalegina egin egingo duela.
"Ez dugu formula itxirik planteatuko, nahiago dugu dokumentu horren inguruko erabakiak hartzeko aukera izan. Euskadirentzat garrantzitsua da egitasmo horretan parte hartzea. Halaber, gure hiru aireportuei buruzko plan estrategikoan esku hartu nahi dugu, Loiu, Foronda eta Hondarribia artean lotura egon dadin. Hiru aireportu horietako batean hegazkin batek lur hartzeko arazoak dituenean, Euskadiko beste aireportu batera bideratu ahal izatea da gure helburua. Aukera hori mahai gainean jarri nahi dugu", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik