POLITIKA OROKORREKO OSOKO BILKURA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pradalesek "erantzukizuna" eskatuko die alderdiei ostegun honetan, nazioartean dagoen zirugabetasunari aurre egiteko

Lehendakariak gatazka geopolitikoen, inflazioaren eta eraldaketa teknologikoaren testuinguruan kokatuko du politika orokorreko osoko bilkura, eta euskal eredua defendatuko du zerbitzu publikoak, ekonomia eta ongizatea indartzeko bide gisa.

imanol-pradales-parlamento-vasco eusko legebiltzarra
Pradales, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

Imanol Pradales lehendakaria Eusko Legebiltzarrean izango da ostegun honetan politika orokorreko eztabaidari aurre egiteko, nazioarteko egoeraren "konplexutasunak" eta Euskadin dituen ondorioek markatutako diagnostikoa aurkeztuz, Eusko Jaurlaritzak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez. Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazketatik hasi eta AEBren eta Txinaren arteko lehiaraino, erronka demografikoa, klima-aldaketa eta eraldaketa teknologikoa aztertuko ditu. Pradalesek "Europa lehiakorragoa, berritzaileagoa eta seguruagoa" eskatuko du, eta Euskadi ziurgabetasunak markatutako etorkizun baterako prestatu behar dela defendatuko du.

EAEko egoeraren azterketan, inflazioak familietan eta enpresetan duen eraginean jarriko du arreta lehendakariak. Zailtasunak zailtasun, Pradalesek euskal ekonomiaren indarra nabarmenduko du, jarduera ekonomikoak, industrialak eta langile kopuruak gora egiten jarraitzen duela gogoraraziz. Gainera baikortasunerako zantzuak ere badaudela azpimarratuko du, industriaren eta kanpo-merkataritzaren azken aldiko bilakaeran oinarrituta.

Hala ere, lehendakariak ohartaraziko du Donald Trump Etxe Zurira iritsi ondoren ireki den agertoki geopolitiko berriak eragina duela euskal ekoizpen sarean. Testuinguru horretan, lehendakariak azalduko du Eusko Jaurlaritzak lehentasunen artean jarriko dituela jarduera eta enplegua babestea, familien ekonomia laguntzea eta industria eraldatzea.

Legegintzaldiaren lehen zatian bere Gobernuak egindako lana defendatuko du osoko bilkuran, eta gobernu-programa betetzea aldarrikatuko du. Gainera, lehendakariak elkarrizketan, parte-hartzean eta akordioan oinarrituta gobernatzen duela azpimarratuko du, irailaren hasieran alderdi politikoekin, eragile sozialekin eta ordezkari ekonomikoekin izandako bilera-sorta adibide gisa jarriz.

Ikasturte politiko berriari begira, lehendakariak osasuna, etxebizitza, hezkuntza, segurtasuna eta enplegua jarriko ditu erronka nagusitzat, klima-aldaketa, adimen artifiziala eta ongizate integrala bezalako gaiez gain. Era berean, inbertsio publikoak eta azpiegiturek ere zeresan garrantzitsua izango omen dute datozen hilabeteetarako aurreikusitako ekimenetan. Hori guztia, bere hitzetan, hiru helburu nagusiren inguruan egituratuko da: zerbitzu publikoak indartzea, etorkizuneko eraldaketetan inbertitzea eta komunitatearen zentzua indartzea.

Estatuarekiko harremanak izango dira hitzartzearen beste ardatzetako bat. Pradalesek Espainiako politikaren polarizazioa kritikatuko du, eta ohartaraziko du Euskadik etengabeko konfrontazio-dinamika saihestu behar duela. Aldi berean, Espainiako Gobernuari eskatuko dio Euskadirekin hartutako konpromisoak bete ditzala eta, bereziki, Gernikako Estatutua osorik gara dezala. Lehendakariaren ustez, Espainiako legegintzaldia azken minutuetan dago, eta beharrezkoa da abiadura hartzea autogobernu arloan dauden akordioak betetzeko.

Azkenik, Pradalesek "humanismoa" aldarrikatuko du etorkizunari aurre egiteko iparrorratz gisa, eta garapen jasangarriaren euskal eredua defendatuko du bizi-kalitatearen, justizia sozialaren, autogobernuaren eta konpromiso komunitarioaren arteko konbinazio gisa. Bereziki bizia izango den ikasturte politiko honetan, tartean bi hauteskunde deialdirekin, lehendakariak "erantzukizuna" eskatuko die Eusko Legebiltzarreko talde guztiei. Helburua, bere arabera, hazkundearen eta ongizatearen bideari eustea izango da, gero eta ziurgabeagoa den Europako eta nazioarteko agertokian.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Manifestazioa Itsasun, Iparretarrak taldeko kide baten omenezko murala ezabatzeko aginduaren kontra

Frantziako Gobernuko ordezkariak Iparretarrak talde armatuko kide ohi baten murala ezabatzeko agindua eman ostean, gaur Itsasun, Lapurdin, ehunka lagun kalera atera dira erabaki hori gogor kritikatzeko. Ez dago argi Udalak noiz ezabatuko duen Txomin Olhagaray Iparretarrak taldeko kidea irudikatzen duen margoa. Manifestariek adierazi dute artelan bat baino ez dela eta noizbait liburuak ere erreko ote dituzten galdetu dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X