Estatuan, PP garaile eta Podemos bigarren, inkesten arabera
PPk irabaziko lituzke Espainiako hauteskunde orokorrak eta Podemos bigarren alderdia litzateke, TNS DEMOSCOPIA etxeak EiTBrentzat egindako inkestaren arabera. PPk botoen % 26 lortuko lituzke, Podemosek % 21, PSOEk % 20, Ciudadanosek % 15, eta IUk % 4.

Hauteslekuetan egindako galdeketen arabera, gainera, EAEn, Ahal Dugu litzateke lehen indarra (botoen % 26 eta 5-6 ordezkari lortuta) eta EAJ, bigarrena (botoen % 22 eta 4-5 eserleku). EH Bilduk 3-4 ordezkari lortuko lituzke (% 18), eta PSE-EEk, berriz, 4 (% 11). PPk 1-2 ordezkari izango lituzke EAEn (% 9), eta Ciudadanos ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke (% 5,9).

Bizkaian, Ahal Dugu litzateke lehen indarra (botoen % 26 eta 2-3 ordezkari), eta EAJ, bigarrena (% 25,9 eta 2-3 ordezkari). EH Bilduk ordezkari bat (% 15) lortuko luke, eta PSE-EEk, beste bat (% 11). PPk 0-1 eserleku izango lituzke (% 8).

Gipuzkoan, Ahal Duguk irabaziko lituzke hauteskundeak, botoen % 25 lortuta (2 eserleku). Bigarren EH Bildu (botoen % 24 eta 2 ordezkari) litzateke, eta hirugarren, EAJ (botoen % 21 eta 1-2 ordezkari). PSE-EEk % 10 eta 0-1 ordezkari lortuko lituzke, eta PP ordezkaritzarik gabe geratuko litzateke (% 7).

Araban, Ahal Duguk botoen % 25 lortuko lituzke (eserleku 1), eta PPk % 16 (1). Halaber, EAJk eta EH Bilduk botoen % 14 (0-1) lortuko lituzkete, eta PSE-EEk, % 13 (0-1).

Nafarroan, UPN litzateke irabazle, botoen % 26 lortuta (2 ordezkari). Ahal Dugu bigarren indarra litzateke (% 22 eta 1-2 ordezkari) eta PSN, berriz, hirugarren (% 15 eta eserleku 1). Geroa Baik boton % 10,9 lortuko lituzke (0-1), eta EH Bilduk, % 10 (0-1).

Parte-hartzea
Herritarren % 58,97k eman dute botoa Hauteskunde Orokorretan 18:00etarako Euskal Autonomia Erkidegoan, duela lau urteko hauteskundeetan baino ia hiru puntu gehiago, Barne Ministerioaren webgunean argitaratutako datuen arabera.
Nafarroan ere, gora egin du parte-hartzeak, erroldan jasotako herritarren % 59k eman baitute botoa 18:30erako; duela lau urte baino hiru puntu gehiago (% 55,82).
Estatuan ere, gora egin du parte-hartzeak, % 58,36koa izan baita. Beraz, 2011ko datuekin alderatuta, puntu erdi baino gehiago igo da.