HAUTESKUNDE KANPAINA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadiko PPk eta Podemosek erasoak salatu dituzte A29ko hauteskunde kanpainan

Euskadiko PPk bertan behera utzi du Jon Echeverriak Gipuzkoan egitekoa zuen ibilbidea, "ez dagoelako kanpaina egiteko nahikoa baldintza demokratiko", goizean Hernanin egitekoa zen ekitaldia bertan behera geratu ostean. Podemosek, berriz, Donostiako eta Errenteriako egoitzen aurkako erasoak salatu ditu.

Podemosek Errenterian duen egoitzan izandako erasoa

Pintaketa Errenterian, Podemosen egoitzan. Argazkia: EFE

Euskadiko PPk bertan behera utzi du Jon Echeverria hautagaiak kanpainan zehar Gipuzkoatik egin asmo zuen ibilbidea, "gaur goizean Hernanin izandako istiluengatik" eta "kanpaina bat egiteko baldintza demokratiko nahikorik" ez dagoelako.

Alderdi popularrak ohar batean adierazi duenez, ezin izan dute Gipuzkoako udalerrian larunbat honetarako aurreikusita zegoen ekitaldia egin, 200 bat laguneko talde batek ekitaldia egitea eragotzi duelako.

Euskadiko PPk gogor kritikatu ditu gaur goizean Hernanin jazotakoak. Batetik, "hautagaia hertsatzera eta beldurtzera joan direnen jarrera antidemokratikoa" eta, bestetik," Ertzaintzak kanpainako jardueren segurtasuna bermatzeko erakutsi duen ezintasuna". Hori horrela, kanpainako ekitaldiak egiten jarraituko duela iragarri du alderdiak, baina "eskubide demokratiko hori egikaritzeko gutxieneko baldintzak betetzen direnetan" bakarrik. 

Jon Echeverria PPren Gipuzkoako hautagaiak sare sozialen bidez ere salatu du erasoa. Politikari gaztearen arabera, pertsona talde batek "petardoak, arrautzak eta harriak" bota dizkiete Euskadiko PPko ordezkariei. "Indarkeria hau Alderdi Popularrekoak garelako jasaten dugu", salatu du.

A29ko kanpainaren baitan, Gipuzkoako 13 herritatik ibilbidea egingo zuela iragarri zuen Echeverriak. Hori da, hain justu, bertan behera geratu dena. 

Euskadiko Podemosek "etengabeko erasoak" salatu ditu, bai sareetan baita Gipuzkoako egoitzen aurka ere

Euskadiko Podemosek ere salaketa publikoa egin du gaur. Hauteskunde orokorrak deitu zirenetik, "etengabeko erasoak" jasaten ari direla adierazi dute, sare sozialetan erasoak aipatuz batetik, baita Donostiako zein Errenteriako egoitzen aurka izandakoak ere.

Alderdi moreak jakitera eman duenez, duela egun batzuk arrautzak jaurti zituzten Donostiako egoitzaren aurka, eta gaur goizean, berriz, Errenterian duten lokalean pintadak agertu dira, Irene Montero Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaiaren aurpegiaren gainean 'asko' idatziz.

Hauteskunde-kartelak ere txikitzen dizkietela salatu dute.

"Erabat kontziente gara isilarazi egin nahi gaituztela. Komunikabideetan boikota egiten digute, eta kaleetatik ere kanporatu nahi gaituzte. Baina antifaszistak gara, eta justizia sozialaren alde borrokatzeko jaio ginen, beldurrik gabe, behar denari aurre eginez, erakundeetan zein haietatik kanpo", ohartarazi dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X