Finalaurrekoen lehen itzulia larunbatean erabakiko da, Biarritzen
Larunbatean, 17:00etatik aurrera, Biarrizko Jai Alai pilotalekuak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetako lehen fasearen laugarren eta azken saioa hartuko du. Lanak bukatutakoan, finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioetara zein hamazortzi pasatuko diren jakingo dugu; hots, lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute.
Lehenago, baina, Andoni Rekondo Izagirre, Julio Soto Ezkurdia, Madalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Oier Etxeberria Zubimendi eta Sustrai Colina Acordarrenteria arituko dira.
Lan hauek egin beharko ditu bertsolari seikoteak: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian/lau puntuko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian/lau puntuko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian/lau puntuko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte; banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian/bost puntuko txikian.
Aurkezle lanetan, Ekhi Erremundegi Beloki gai-emailea arituko da, eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Streamingez ere ikusi ahalko da saioa.
Bertsolaritza