Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko sarrerak guztiak saldu dira
Iruñeko Nafarroa Arenan abenduaren 20an jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa pabiloian bertan ikusteko sarrera guztiak agortu egin dira. ETBn edo streamingez ikusi beharko dute txartelik gabe gelditu diren bertsozaleek.
"Geroz eta bertsozale gehiago gara. Eta horrela joan gara hazten, ahalik eta bertsozale gehienei bertsoarekin eta txapelketarekin gozatzeko plazak eskainiz. Hau, bat gehiago da. Eta bai, beteko dugu Nafarroa Arena; baina, garrantzitsuena, gutako bakoitza betetzea da. Bertsoaz goza dezagun abenduaren 20ra bitarte, baita ostean ere, horretarako astero-astero eta herriz herri hamaika aukera baitaude", nabarmendu dute Bertsozale Elkartetik.
Finalaren egunean bertan ere ez da egongo sarrerarik txarteldegian. Hori bai: finalaurrekoetako sarrerak salgai daude oraindik bertsosarrerak.eus webgunean.