Txapelketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Finalaurrekoen ordua, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan

Urriaren 24an, larunbatarekin, Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean, Amets Arzallusek, Beñat Gaztelumendik, Gorka Pagonabarragak, Saioa Alkaizak, Xabat Galletebeitiak eta Xabat Illarregik kantatuko dute.

Saioa Alkaizak Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan kantatuko du, larunbatean. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa aurrera bidean da, Nafarroa Arenak abenduaren 20an hartuko duen finalaren bila. Lehenengo fasekoak jada kitatuta, 42 bertsolariko taldetik sailkatu diren 17ei 2022ko zazpi finalista batuko zaizkie orain, zazpi saiotan beste horrenbeste bertsolarik finalerako txartela lor dezaten. Zazpikote horrek Maialen Lujanbio txapelduna izango du zain, Iruñean.

Finalaurrekoetako lehen saioa larunbatean, urriak 24, izango da, Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean. 17:00etatik aurrera, EITB kamerak aurrean direla eta ORAINen streamingez jarraitzeko moduan, kantuan arituko dira Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia eta Xabat Illaregik.

Lan hauek egin beharko ditu bertolari seikoteak: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian/lau puntuko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian/lau puntuko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian/lau puntuko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte; banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian/bost puntuko txikian.

Finalaurrekoetan, bi fase egongo dira; lehenengo fasea Larraun-Lekunberrin, Eibarren (urriak 31), Gernika-Lumon (azaroak 7) eta Biarritzen (azaroak 14) jokatuko da, eta seina bertsolarik kantatuko dute lau saioetan. Lau saio horiek burututa, puntuazio baxuena lortu duten sei bertsolariak kanpoan geldituko dira, eta gainerako hamazortziek berriz kantatuko dute, seiko taldeetan, finalaurrekoen bigarren itzulian, Donostian (azaroak 21), Gasteizen (azaroak 28) eta Bilbon (abenduaren 5ean).

Azkenik, bi itzulietako puntuazioak gehituta, zazpi bertsolari pasatuko dira finalera, eta han izango dute zain egungo txapelduna, Maialen Lujanbio. Abenduaren 20an jakingo dugu zeinek jantziko duen txapela.  

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X