AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Ameriketako Estatu Batuetako Abiazio Administrazio Federalak (FAA) bertan behera utzi du aireratzeen etenaldi nazionala. Komunikazio etenaldi baten ondorioz hartu da neurri berezia, eta lau orduz geldiarazita egon dira hegazkinen irteerak herrialdeko aireportuetan. Aire-operazioek denbora beharko dute normaltasunera itzultzeko.
Donald Trumpen Administrazioak komunikazio sistemaren erorketa bati egotzi dio gertakaria, eta baztertu egin du eraso terrorista baten ondorio izatea.
Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan, Sean Duffy Garraio idazkariak aire-espazioa berriro ireki dutela baieztatu du, baina trafikoak normaltasuna berreskuratzeko denbora beharko duela ohartarazi du.
"Hegazkin horietako asko gaur gauean aireratzen saiatuko gara, hegaldi horiek egiteko tripulazio nahikoa badugu. Bestela, bihar goizean hasiko gara", esan du.
Agerraldi berean, Markwayne Mullin Segurtasun Nazionaleko idazkariak baztertu egin du etenaldia AEBren aurkako eraso bat izana, eta ziurtatu du gertakariak ez zuela zerikusirik Microsoften erorketarekin.
Duffyk azaldu duenez, FAAren telekomunikazio-sistema analogikoek datu-gainkarga jasan dute, eta horrek sortu du arazoa. Ondorioz, agintariek sistema itzali dute prebentzio-neurri gisa.
Arazoaren aurrean, aire kontroleko azpiegitura modernizatzeko "larrialdi funtsak" baimentzea eskatu dio idazkariak Kongresuari.
FlightRadarren datuen arabera, etenaldiak 10.000 atzerapen eta gutxienez 4700 hegaldi utzi ditu bertan behera herrialde osoan. Etenaldiaren eragina asteburu osora luza daiteke.
Zure interesekoa izan daiteke
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz