Uholdeek egoera larritu dute Gazan: 150.000 kanpin-denda daude Israelen baimenaren zain
Azken egunotako uholdeek gehiago okertu dute Gazako krisi humanitarioa. Milaka babesleku urez bete ondoren, talde humanitarioek eta estatu kideek 150.000 kanpin-denda baino gehiago erosi dituzte, eta Israelen onarpenaren zain daude, horiek Gazan sartu ahal izateko.
“Finantzazio humanitarioa eta Israelgo agintarien baimena premiazkoak dira, Gazan hornidurak eta makineria sartu ahal izateko: ura xurgatzeko zisterna-kamioiak, ur-ponpak, motorrentzako olioa, mahukak eta makina astunak”, dio Nazio Batuen Gai Humanitarioak Koordinaziorako Bulegoak (OCHA).
Ostiraletik izandako eurite eta haizete gogorrek uholdeak eragin zituzten, milaka pertsona kaltetuz. Puntu batzuetan 1,5 metrora iritsi zen ura, emakume bat eta hiru haur hil ziren eta 2.166 dei jaso zituzten laguntza-eske, baina 218 dei baino ezin izan zituzten artatu.
Gazan dauden palestinar gehienak desplazatuta daude eta, OCHAren arabera, horien % 65 —1,4 milioi pertsona— estu eta larri bizi dira kanpin-dendetan edo inprobisatutako aterpetan.