Frantziak Irani leporatu dio supermerkatuetako hozkailuen kontrako eraso informatikoa
Frantziako Atzerri ministroak Shahid Kave taldea, Irango Guardia Iraultzailearen menpekoa, egin du erasoaren erantzule. Europa mailako zigorrak agindu ditu "erantzule guztientzat". Pirata informatikoek 700 bat supermerkaturi egin zieten eraso urrian, eta milioika eurotako galerak izan ziren.
Danone marka frantsesaren produktuekin betetako hozkailuak. Argazkia: Europa Press
Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak Irango erregimenari egotzi dio ehunka supermerkaturen hozte sistemen kontra urrian egindako zibererasoa, eta iragarri du Europa mailako zigorrak jarriko dizkiela "erantzule guztiei". Parisko Fiskaltzak ikerketa abiatu du auziaren inguruan.
"Eraso horien erantzukizuna Irango Errepublika Islamikoaren Guardia Iraultzailearena da", salatu du irmo Barrotek G7aren diplomaziaren buruek Parisen egindako bileraren lehen egunean.
Atzerri ministroaren hitzetan, erasoak "inoizko zabalenak eta oldarkorrenak dira. Frantzian egindako lehen eskala handiko zibererasoa izan da, eta nazioaren interesen eta frantsesen segurtasunaren aurkako oldarraldi larria".
Zibergaizkileek 700 supermerkaturen hozkailuen sistema informatikoa hackeatu zuten urriaren 11n eta 12an, tenperatura igoarazi eta milioika euroko galerak sorrarazi zituzten. Ehunka makina matxuratu ziren, produktu kopuru handia kaltetu zen eta suteak sortu ziren.
Frantziako Gobernuak Irango enbaxadorea deitu du eta "Europa mailako zigorrak" ezarriko dituela aurreratu du. Are, gobernua prest dago beharrezko neurriak hartzeko, izan publikoak zein ez.
Bestalde, oraindik ez dute argitu nork antolatu zuen odol bankuen kontrako zibererasoa.
Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da
Bestalde, Parisko Fiskaltzak iragarri du ikerketa abiatu duela supermerkatuen hozkailuen kontrako erasoaren harira. Laure Beccuau Parisko fiskalak ohar batean adierazi duenez, delituak "larriagotu egiten dira atzerriko potentzia bati laguntzeko helburuarekin egin direlako, kasu honetan Irani".
Parisko Fiskaltzaren aburuz, Shahid Kave talde irandarraren burua izan da erasoaren antolatzaile eta sustatzailea.
Fiskaltzak asteak eman ditu ikertzen, eta ondorioztatu du badakiela zein izan zen taldearen modus operandia. Taldeak persieraz egiten du eta Irango IP helbideak erabili zituen erasoa burutzeko.