Nvidia Jensen Huangen kargugabetzea aztertzen ari da, espioitza kasuari bigarren harreman bat gehitu zaiolako
Ustez Txinaren zerbitzura dagoen espioi batekin izandako harremana publiko egin zen asteburuan, eta, orain, bigarren maitasun-harreman bat leporatu diote, enpresako exekutibo batekin. Konpainiak, baina, oraingoz ez du jakinarazpen ofizialik igorri; bien bitartean, eskandaluak zuzenean eragin du merkatuetan.
Polemikak bere horretan dirau Nvidia enpresa teknologikoan, Jensen Huang zuzendari exekutiboaren inguruko ustezko desleialtasunak tarteko. Hala, zuzendaritza-batzordeak premiazko bilera egin berri du enpresaburuaren etorkizuna aztertzeko, baina oraindik ez du ohar ofizialik plazaratu.
Krisia asteburuan lehertu zen, Huangek Alice Huangekin harremana izan zuela baieztatu ondotik. Estatu Batuetako inteligentzia-agentziek uste dute emakumeak Txinarentzako espioi gisa lan egiten duela, eta gertutasun hori baliatu zuela milaka milioi dolarreko balioa duten txip aurreratuak legez kanpo Pekinera bidaltzeko, zigor komertzialak urratuz.
Harreman horrek zalaparta handia eragin badu ere, ez da bakarra. Izan ere, The Wall Street Journal egunkariak adierazi duenez, Huangek beste harreman bat ere izan du Kimberly Powellekin, konpainiako bertako goi-exekutibo batekin.
Nvidiako kontseilari delegatua kargutik kentzeak kolpe gogorra litzateke enpresaren lidergoarentzat, adimen artifizialaren aldeko lasterketa globalaren une kritiko batean; izan ere, konpainiak nagusitasun osoz menderatzen du merkatu hori.
Galerak, Wall Streeten
Eskandaluak eragin nabarmena izan du merkatuetan. Wall Streeten asteazkenean % 2,87ko gorakada izan arren, Nvidiak 430.000 milioi dolar inguru galdu zituen burtsan, asteburuan enpresaburuak harremanak aitortu eta ondorengo bi egunetan.
"Espioitza" aitzakia gisa ez erabiltzeko eskatu dio Txinak AEBri
Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak ostegun honetan prentsaurreko batean defendatu duenez, Txinaren aurrerapen zientifiko eta teknologikoa "bere berrikuntzagatik" eta lankidetza irekiagatik izan da.
Horren harira, "espioitza-kontakizunak" asmatzeari uzteko eskatu du, "blokeo teknologiko bat ezartzeko aitzakiak bilatzeko" erabiltzen direla iritzita.