Ukrainak eta Errusiak presoak trukatzea adostu dute, baina ez dute Donbasen inguruko jarrerarik hurbildu
Errusiako gerra-ingeniariak Jerson eskualdean, minak kentzeko tripulaziorik gabeko ibilgailu baten atzetik oinez. Artxiboko argazkia: Europa Press
Abu Dabiko elkarrizketak amaituta, Errusiak eta Ukrainak elkarri eraso egiten jarraitu dute gaur goizaldean, baita hiriburuetan, Moskun eta Kieven ere. Oraingoz, elkarrizketek presoen truke handi bat adosteko balio izan dute, baina ez su-etenerako. AEBko bitartekariak Putinekin eta Zelenskirekin bildu dira bakea bilatzeko asmoz, baina oraingoz ez dute halakorik lortu: droneekin eta misilekin erasoak izan dira berriro.
Etxe Zuriko ordezkariak Moskura heldu dira gaur Putinekin biltzeko, eta ondoren Dublinera joango dira Zelenskirekin elkartzeko. Ukrainako presidenteak baztertu egin du Donbas uzteko aukeraz negoziatzea eta, bere iritziz, negoziazioen emaitza "AEBk Errusiari presioa egiteko duen borondatearen araberakoa" izango da.
Bi herrialdeek elkarrizketak izan dituzte azaroaren 10ean eta 11n Abu Dabin, Estatu Batuen bitartekaritzarekin. David Arakhamia Ukrainako ordezkaritzako kideak aurrerapauso "handiak" nabarmendu ditu eta itxaropena agertu du "urte berria baino lehen irtenbidea aurkitzeko". Volodímir Zelenski Ukrainako presidentearen jarrera irmoagoa da, eta eszeptiko agertzeaz gain, argi utzi du ez duela negoziatuko Donbas eskualdea uzteko aukera.
Vladimir Medinski Errusiako ordezkaritzako buruak tonua gogortu du, eta ziurtatu du Moskuk bere lurraldetzat dituen guztiak berreskuratuko dituela. Gainera, Europako ordezkarien rola zalantzan jarri du (harreman paraleloak izan dituzte, baina ez dute parte hartu hiru aldeko negoziazio mahaian).
Droneen erasoek jarraitzen dute
Droneekin eta misilekin egindako erasoek jarraipena izan dute gaur goizaldean. Errusiak Ukrainako hainbat herri bonbardatu ditu, Kiev hiriburua barne, eta Errusiako defentsek diote 71 drone ukrainar atzeman dituztela. Ukrainak droneak erabilita egindako beste eraso batzuk baino txikiagoa da, abuztuaren 19an eta irailaren 20an egindako erasoen tamainatik oso urrun.
Erasoaren tamaina txikiago horrek lotura izan lezake AEBko mandatariek Errusiako hiriburura egingo duten bidaiarekin. Bertan, Putinekin bilduko dira gaur. Hitzorduaren ostean, Dublinera joango dira, gaur bertan Zelenskirekin ere biltzeko. Bilera horiek atzo iragarri zituzten, Abu Dhabin izandako hiruko negoziazioen ondoren.