HAUTESKUNDE OROKORRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EITBk bere historiako datu-hedapen handiena egingo du A29ko hauteskunde-gauean

EITBk datuetan eta haien bistaratzean oinarritutako jarraipen teknologiko aitzindaria eskainiko du. ORAIN plataformak datu interaktiboen hedapen berezia egingo du eta ETB1 ONek eta ETB2 ONek berrikuntza bat gehituko diete saio bereziei: L itxurako leiho berri bat. Bertan datuak, lurraldeetako mapak, emaitzen bilakaera eta balizko akordioei buruzko proiekzioak uneoro ikusgai izango dira.

Igande honetan, EITBk hauteskundeen jarraipen zabala egingo du, saio bereziekin eta bere historiako datu‑hedapen handienarekin. ETB1, ETB1 ON, ETB2, ETB2 ON, Euskadi Irratia eta Radio Euskadiko saio bereziak 19:30etik aurrera hasiko dira, eta ORAIN plataformak denbora errealeko datu interaktiboen estaldura zabala eskainiko du. Saio berezietan, zuzenean jarraitu ahal izango dira botoen zenbaketa eta emaitzen bilakaera. Horrez gain, EAEko eta Nafarroako datuak, lurralde eta udalerri bakoitzeko emaitzak, baita Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren balizko osaketak ere aztertuko dira.

Era berean, EITB Taldeko komunikabideek FORTAk eta RTVEk eskatutako inkestan oinarrituta egindako boto- eta ordezkaritza-estimazioak eskainiko dituzte.

ETB1eko saio berezia Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek gidatuko dute. ETB2n, berriz, África Baeta eta Dani Álvarez izango dira aurkezleak. Datuen jarraipen zehatza, analisten balorazioak eta Euskadiko, Nafarroako nahiz Estatuko alderdien egoitzetatik eginiko zuzeneko konexioak izango dira saioaren ardatz. Kataluniatik ere zuzenean emango dute hauteskunde-giroaren berri.

Euskadi Irratiak ere jarraipen berezia egingo dio hauteskunde gauari. 19:45ean hasiko den saioan, Maite Artolak eta Iñigo Alustizak gidatuko dute emanaldia gauerdia igaro arte. Alderdien egoitzetako zuzeneko konexioez gain, Josune Ariztondo, Eneko Etxeberria, Mikel Serrano eta Felix Arrieta izango dira lehen emaitzak eta balorazio politikoak aztertzen.

Radio Euskadiko jarraipen berezia Eider Hurtadok aurkeztuko du 19:30etik aurrera. Imanol Manterolak eta Leizuri Bilbaok datuen bilakaeraren jarraipena egingo dute, eta analisi-mahaian Naiara Pinedo, Jonathan García, Natalia Rojo eta Cristina Ruiz arituko dira. Horrez gain, kazetari talde zabal batek zuzenean kontatuko ditu alderdien erreakzioak Euskaditik, Nafarroatik eta Madrildik.

Datua erdigunean ORAINen, ETB1 ONen eta ETB2 ONen

 

Datuen eskaintzan eta horien bistaratzean jauzi handia egingo dute  ETB1 ON, ETB2 ON eta ORAIN euskarri digitalen bidez.

EITBk inoizko datu-hedapenik zabalena eta aurreratuena eskainiko du hauteskundeen gauean. ORAINen, herritarrek ez dute soilik emaitzak xehetasun handiz kontsultatzeko aukera izango; datuekin elkarreragin ere egin ahal izango dute eta hainbat pantaila kontsultatu. Horretarako, mapa interaktiboak, emaitzen grafikoak eta balizko gobernu-itunen simulazioak egongo dira eskuragarri, erabiltzaileak informazioa modu pertsonalizatuan aztertu ahal izan dezan. Gainera, emaitzak ezagutu ahala, auzoz auzoko eta barruti txikienetako datuak ere argitaratuko dira, hauteskunde-emaitzen irakurketa zehatzagoa eskainiz.

Bestalde, ETB1 ONen eta ETB2 ONen, saio bereziekin batera, leiho berri bat zabalduko da pantailan, L itxurakoa. Bertan, datuak denbora errealean eguneratuko dira, lurraldeen eta udalerrien mapekin, emaitzen bilakaerarekin eta balizko akordio edo gobernu-itunen proiekzioekin batera.

Hauteskunde ondorengo saio bereziak

Astelehenean ETB1en eta asteartean ETB2n, hauteskunde emaitzak aztertzeko albistegi bereziak izango dira. Xabier Usabiagak gidatuko du ETB1eko saioa, 21:45ean hasita; ETB2koa Dani Alvarezek aurkeztuko du eta 22:15ean hasiko da. Hainbat aditu izango dituzte analisia egiteko.

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X