Portugaldarrak kalera atera dira berriro 'troika'ren aurka
Ehunka mila lagun izan dira larunbat honetan Portugaleko 31 hirietako kaleetan "'Troika pikutara joan dadila' mugimenduak deitutako manifestazioekin bat egiteko. Izan ere, Nazioarteko Diru Funtsa, Europar Batzorde eta Europako Banku Zentraleko kideak Portugalen dira egunotan finantza-erreskatea dela eta Gobernuarekin hitzartutako neurriak betetzen ari diren ebazteko.
Lisboan 500.000 bat lagunek parte hartu dute, antolatzaileen arabera. Martxa Merkataritza plaza ezagunean amaitu dute. "Nahiago dut lasañan zaldi-haragia jatea, Gobernuan astoak izatea baino" bezalako leloak izan dira pankartetan irakurgai. Halaber, 1974ko Krabelinen Iraultzaren kanta ere abestu dute.
Lehen aldiz, manifestazio jendetsu batek bat egin du 'troika'ren bisita batekin. 'Troika'ren adituak Gobernuaren lana ari dira aztertzen, finantza-erreskatearen zazpigarren tarteari oniritzia eman ahal izateko.