'Kontratu bakar ireki' bat ezartzeko eskatu dio Bruselak Espainiari
Langabeziari aurre egiteko "kontratu bakar ireki" baten ezarpena aztertzeko eskatu dio gaur Laszlo Andor Europako Enplegu komisarioak Espainiari. Neurria gazteen langabeziaren kontra borroka egiteko eta lan-merkatuaren segmentazioarekin bukatzeko proposatu du Andorrek.
"Gazte bermea. Gazteentzako aukerak eta lanpostuak sortuz" mintegian egin ditu adierazpenak Andorrek. Espainiako Gazteen Kontseiluak (CJE) mintegia antolatu du. Lanpostuek babes handia duten lan-merkatuetan, kontratu mugagabeen merkatuetan, dauden zailtasunak azpimarratu ditu Europako Enplegu komisarioak.
Kontratu bakar irekia "Espainiarentzako aukera bat" izan daitekeela esan du Andorrek. Europako Batzordearen gomendioetako bat dela gogorarazi du arduradunak, enpresen kotizazioak murrizteko aukerarekin batera.
Gazteen langabezia
Gainera, Espainiak aurrekontuetan gazteen langabeziaren aurka borroka egiteko neurriei lehentasuna eman behar diela adierazi du Andorrek; izan ere, "itzulera positiboa" dute.
Lan-merkatua gehiago malgutzeko premiarik ez du ikusten Europako Batzordeak, "mota honetako kontratu irekia ezartzeko ez bada", Andorren hitzetan.
Era berean, administrazio publikoen erreforma orekatu bat egitearen alde agertu da, baina lanpostuak murrizteko arriskuaz ohartarazi du.