Langabezia % 1 igo da EAEn, eta jaitsi egin da Nafarroan, abuztuan
Langabeziak gora egin du berriro EAEn. Abuztuaren amaieran 169.188 langabe zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, uztailean baino 1.795 gehiago (% 1,07), Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakitera eman duenez. 2013ko abuztuko datuekin alderatuta, 3.919 langabe gutxiago daude; % 2,26 gutxiago, hain zuzen ere.
Nafarroari dagokionez, berriz, behera egin du langabeziak, uztailean baino 545 langabe gutxiago zenbatu baitituzte abuztuan, % 1,17 gutxiago.
Urte arteko datuak alderatuta, Foru Erkidegoan iaz baino 4.523 langabe gutxiago (% 8,92) daude. 46.202 langabe zenbatu dituzte guztira.
Espainiako Estatua
Uztailean baino 8.070 langabe gehiago zeuden abuztuaren amaieran Espainiako Estatuan; beraz, langabeziak gora egin du, sei hilabetez behera egin ostean. Guztira 4.427.930 langabe zenbatu dituzte.
Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, duela hamabi hilabete baino 270.853 langabe gutxiago daude.