Arcelor Mittalek aldi baterako itxi egingo du Sestaon duen lantegia
Arcelor Mittalen zuzendaritzak iragarri du Sestaon duen lantegia (Aceria Compacta de Bizkaia) behin-behinean itxi egingo duela, altzairuaren merkatuak bizi duen egoera txarragatik. Otsailean geldituko dute fabrika eta ez dute argitu noiz arte egongo den itxita. Erabakiak 335 langileri eragingo die.
Arcelor Mittalek enplegu-erregulaziorako espedienteak indarrean ditu Estatuan dituen lantegi guztietan. Oraingoan, baina, Sestaoko lantegian “behin-behineko geldialdi mugagabea” egitea erabaki dute, “altzairuaren merkatuak Europan bizi duen egoera oso txarra delako”.
“Merkatuaren baldintzak oso aurkakoak dira, batez ere Txinan ekoitzitako altzairuaren inportazioak nabarmen ugaritu direlako; Txinak %30 merkeago saltzen ditu bobinak Europan”, azaldu konpainiak ohar batean.
Lantegiaren behin-behineko itxialdiak 335 beharginei eragingo die eta, ondorioz, enplegu eta soldata barik izango dira epe horretan. Alabaina, sindikatuek enpresarekin lortutako akordioaren arabera, Arcelor Mittalek soldataren %90 ordainduko die.
Geldialdiaren iraupenari dagokionez, ez dute zehaztu nahi izan noiz arte izango den. “Hilabeteak dira lan-baldintzak okerrera egin zuela eta ez dago inolako zantzurik egoera epe laburrean aldatuko dela esateko; beraz, behin-behineko geldialdia mugagabea izango da”, azaldu dute.
Ildo horretan, konpainiak gogora ekarri du abenduan beti itxi dutela fabrika, egun batzuetarako. “Geldialdirik luzeena 2011ko abendukoa izan zen, sei hilabetekoa”.
Lanpostuak bermatzeko exijitu dio ELAk Arcelorri
Lantegia epe jakinik gabe itxiko dutela eta, ELA sindikatuak Sestaoko fabrikako lanpostuak bermatuko dituen proiektu bat aurkezteko exijitu dio Arcelor Mittali.
ELAk esan du enpresak gau jakinarazi diela langileen ordezkariei Sestaoko lantegia aldi baterako itxi egingo duela otsailean.
“Erabaki oso larria da, 500 lanpostu arriskuan jarriko dituelako, lanpostu zuzenean eta azpikontratatuen artean”, ohartarazi du.
Sindikatuaren arabera, 2016ko lehen seihilekorako 350.000 tonako lan-karga izango zutela agindu zuen enpresak, “baina orain produkzioa Asturiasen eta Frantzian dituen lantegietara eramango du”.
“Multinazional baten erabaki estrategiko baten aurrean gaude, beren interesak soilik defendatu nahi dituztelako, honek guztiak izango duen eragin soziala kontuan hartu gabe”, salatu dute.
Nolanahi ere, ELAk dio fabrika aldi baterako ixteko erabakia ez dutela “harriduraz” hartu. “2011n BKK-k eta Eusko Jaurlaritzak ACB enpresatik atera ziren eta orduan Arcelorrek eta bi instituzioak jarduera 2016a arte mantentzeko konpromisoa hartu zuten”.
Amaitzeko, ELAk gogora ekarri du Sestaoko lantegiko beharginentzako albiste txarra dela, baina baita Ezkerralde osorako ere, “krisiak gogor astindu duelako zonalde hori, EAEko langabe kopuru handiena bertan dagoelarik”.
Bilera bat eskatuko dio CCOOk Arcelor Mittali
Bestalde, aldi baterako geldialdiaren nondik norakoak azaltzeko Arcelor Mittalen zuzendaritzari bilera bat eskatuko dio CCOO Euskadik, Javier Gomez sindikatu horretako Industria Federazioko idazkari nagusiak jakitera eman duenez.
Erabakiaren berri ostegun honetan bertan izan dutela azaldu du Gomezek, ondorioz, informazioa oso eskasa dela. “Geldialdiak zer esan nahi duen, zenbat luzatuko da eta nola azaltzeko zuzendaritzari bilera bat eskatuko diogu, lehenengo eskuko datuak izateko”, esan du.
Aldundiak premiazko bilera eskatu du
Bizkaiko Foru Aldundiak “erabat kezka” agertu du Sestaoko lantegia epe jakinik gabe itxiko dutelako eta premiazko bilera eskatu dio Arcelo Mitallen zuzendaritzari, erabaki horren xehetasunak ezagutzeko eta beharginak ze baldintzatan geratuko diren jakiteko.
Dagoeneko konpainiarekin harremanetan jarri dira batzarraren data zehazteko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, altzairuaren sektorea bizi duen krisialdia “mundu mailakoa” dela azpimarratu du eta Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako Saila egoera honi erantzuteko neurriak aztertzen ari dela jakinarazi du.
Bestalde, Sestaoko Udalak esan du “albiste txarra” dela eta erabakiaren inguruko datu guztiak ezagutu nahi dituztela.
Euskal Herriko lantegiak
Arcelor Mittal oso errotuta dago Euskal Herrian. Horren ildotik, konpainiak produktu lauak ekoizteko lantegiak ditu Etxebarrin, Sestaon eta Lesakan; eta produktu luzeak egitekoak Bergaran, Zumarragan eta Olaberrian.
Gainera, banaketa zentroak ditu Agurainen, Hernanin, Lesakan, Legasan eta Berriobeitin.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du, eta 285 kaleratze iragarri
Hitzartutako kaleratzeei eutsi diete 200 langilek baino gehiagok (152 Amurrion, eta 53, Trapagaranen). Aldi baterako kontratudun langileak (80 bat), ordea, hilaren amaieran kaleratuko dituzte.
Osasun mentala eta itxaron-zerrendak, Nafarroako lan-absentismoaren gorakadaren gakoak
Langileen % 67k ez zuen bajarik izan 2025ean, baina talde txiki batek biltzen ditu absentzia-egun gehienak, Absentismo Barometroaren arabera.
Esportazioak % 4,5 murriztu dira urtarrilean Euskadin, eta inportazioak % 6,1
2026ko lehenengo hilabeteko saldo komertziala positiboa izan da, 113,2 milioi eurokoa, eta esportazioen eta inportazioen arteko harremana neurtzen duen estaldura tasa % 105,5ekoa.
Brenta % 13 jaitsi da, kolpetik, Trumpek Irango erasoak etengo dituela iragartzearekin bat; 100 dolar ingurura itzuli da gero
Trumpen iragarpena islatu egin da Ibex 35ean, saio erdian lehengoratu eta % 1,08 igo da, 16.893,9 punturaino.
Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara
Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei.
Osasun Ministerioak apirilaren 9rako deitu ditu autonomia erkidegoak medikuen grebaz hitz egiteko
Ostiral honetan ohiko osoko bilkura egingo dute pazienteen eta Osasun Sistema Nazionalaren kudeaketa publikoaren lege aurreproiektuen berri emateko.
Lanbidek aurreikusten du martxoa enplegu-datu positiboekin amaituko dela: "Oraindik ez dira nabaritzen krisi geopolitikoaren ondorioak"
Francisco Pedraza Lanbideren zuzendari nagusiak, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, adierazi du "zalantza asko" daudela "epe ertainera begira".
Erregaiaren prezioek behera, astelehenari ekiteko, krisiaren aurkako neurriak igandean indarrean sartu ostean
Zerbitzugunearen arabera, erregaien prezioak litroko 15-20 zentimo jaitsi dira. Neurriak jada indarrean dauden arren, Diputatuen Kongresuak onartu beharko ditu; datorren ostegunean, martxoaren 26an, bozkatuko dituzte neurriak.
Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratzea egin dute San Mameseko zabalgunean, Bilbon
Athletic-Betis partidaren atarian lan-erregulazioaren eta altzairutegia ixtearen kontrako jarrera azaldu dute. Gainera hitzartutako kaleratzeei atxikimendua emateko prozesua kritikatu dute, eta dudan jartzen dute benetan 301 langilek izena eman duten.
LABek "ez du derrigorrezko kaleratzerik onartuko" Tubos Reunidosen
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez dutela enpresaren "xantaia" onartzen, eta erantsi du ez dutela onetsiko 300 langile kaleratu behar izatea enpresaren bideragarritasunaz negoziatzen hasteko.