Negoziazio kolektiboa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaurlaritzak bat egin du Confebasken, UGTren eta CCOOren itunarekin

Toñak azaldu duenez, "bertan egon nahi izan dutenen arteko adostasunaren ondorio" da gaur sinatutako akordioa, ELA eta LABi erreferentzia eginez.
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua.
Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Argazkia: EiTB

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak esan du "lan-hitzarmenik ez duten eta babesik gabe dauden langileak ahal bezain ongien babesteko" helburuarekin egin dutela bat Confebask patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin egindako akordioarekin, eraginkortasun mugatuko lan-hitzarmenak izango badira ere.

Confebaskek CCOOrekin eta UGTrekin, elkarrizketa sozialaren mahaiaren baitan, sinatu duen akordioa izan du hizpide sailburuak, Gasteizen emandako prentsaurreko batean. Sektoreko negoziazioa eta lan-hitzarmenak egonkortzeko helburuarekin egindako ituna omen da, eta Jaurlaritzaren babesa lortu du, baina ez ELA eta LABena.

Enplegu sailburuak esan du akordioa ez dela "ahal den onena, baina ezer ez edukitzea baino hobea" dela langileak "babestuko dituen lan-hitzarmena edukitzea".

Toñak ez du ELA eta LABen dimisio eskaeraren inguruan hitz egin nahi izan, eta elkarrizketa mahaian sindikatu horien falta sumatu duela esatera mugatu da.

Horren harira, azaldu duenez, "gaur sinatuko den akordioa ziurrenik ez da Jaurlaritzaren, sindikatuen eta patronalaren gustukoa", baina "bertan egon nahi izan dutenen adostasunaren ondorio da".

"Ziurrenik akordioa ez zen bera izango ELA eta LAB mahaian eseriz gero, eta horixe da faltan sumatzen dudana. Mahaian egonez gero, ezingo genukeen esan ez dela demokratikoa", adierazi du.

Bestalde, "gutxiengoan egindako akordioak gehiengoari inposatu" nahi dizkietela esatea salatu du, ez delakoan "gutxiengoa". "Eragin mugatuko lan-hitzarmenekiko akordioa da, baina sei puntuetako bat besterik ez da hori, eta ez da garrantzitsuena", azpimarratu du. Gainera, lan-hitzarmen horiek "sinatzaileei soilik, edo gero bat egiten dutenei", eragiten dietela zehaztu du.

Ez du gehiengo sindikalaren babesa

Itunak ez du EAEko gehiengo sindikalaren babesik, ELA eta LAB kanpoan geratu baitira. Edukiaren berri izan ostean ELAk ohartarazi zuen "arau demokratikoak gutxietsi" zituztela, gutxiengo sindikalarekin akordioak egiteari lehentasuna eman zitzaiolako. LABek ere gogor kritikatu du ituna.

Sinatzaileek, berriz, uste dute "enpresa lehiakorrak" izateko beharrezkoa dela negoziazio kolektiboaren "zailtasun handiak" gainditzea.

Hala, negoziazio kolektibo "modernoa, berritua eta etengabe egokitzen dena" aldarrikatu dute.

Horretarako, lan-hitzarmen orokorren alde egin dute, baina hori lortzea ezinezkoa den kasuetan "eragin mugatuko akordioak sinatzea interesgarria" dela aitortuz.

Hala, eragin mugatuko lan-hitzarmenak enpresen eta langileen artean "zabaltzeko eta aplikatzeko" konpromisoa hartu dute. Jaurlaritzak, adibidez, akordioak aldizkari ofizialetan argitaratuko ditu.

Era berean, eta sektoreko negoziazio kolektiboa babeste aldera, akordioak lehentasuna ematen die hiru lurraldeetan eta EAE osoan negoziatutako akordioei, goragoko negoziazioen aurrean.

Itunarekin batera adierazpen bat onartu dute, Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari egitura instituzional egonkorra emateko, patronalak eta sindikatuek parte har dezaten gobernuari dagozkion alorretan.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X