Zergatik garestitu da argindarra?
Argiaren prezioa goia jota dago. Azken hamarkadan ia % 70 garestitu da faktura, FACUA kontsumitzaileen elkarteak egindako azterketa baten arabera. 2006an, 336 kilowatteko kontsumoa eta 4,4ko potentzia kontratatuta zuen familia batek 47 euro ordaintzen zituen hilero; egun 80 euro inguru pagatuko ditu. Are, garestitzen jarraituko duela diote adituek. Alvaro Nadal Espainiako Energia ministroak berriki aitortu duenez, aurten 100 bat euro igoko da ordaindu beharrekoa.
Baina... zergatik garestitu da argindarra?
Hainbat faktore daude. Hotz-boladaren ondorioz, argindar kontsumoak gora egin du, eta, horrenbestez, baita energia eskaera ere. Horri aurre egiteko argindar gehiago ekoitzi behar dute konpainiek, bitarteko garestiagoak erabilita (adibidez, zentral termikoen bidez; beren beregi piztu behar dira horiek). Hala, ekoizpen kostuak handiagoak dira, eta hauei eskua helduta, prezioa bera.
Energia Ministerioaren arabera, faktore meteorologikoak ere badaude tartean. Energia merkeenak hidraulikoa eta haize-energia dira. Zergatik? Haizea eta ura beste energiarik behar ez delako argindarra sortzeko. Apenas egin du euririk, eta haize-boladak ez omen dira oso gogorrak izan. Zer dakar horrek? Bada energia beste bide batzuetatik lortu behar dela, erregai fosilak (gasa eta ikatza) erabilita, esaterako. Hauek dira energia garestienak, eta argindarraren prezioa zehazten dutenak.
Bada besterik. Segurtasun arrazoiak tarteko, Frantziak dituen 58 zentral nuklearretatik 20 geldituta ditu (argindarraren % 78 ekoizten dute). Eskariari erantzuteko, beste herrialde batzuei, Espainiari tartean, erosi behar izan diote energia, eta horrek eskaera handitu du.
Horri guztiari Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) azaroan onartutako petrolioaren prezioaren igoera "artifiziala" gehitu behar zaio.
Nola ezartzen da argindarraren prezioa?
Argindarraren eguneko salneurria bezperan ezartzen dute handizkako merkatuan.
Sistema konplexua darabilte, baina errazte aldera, horrela funtzionatzen du: biharamuneko ordu bakoitzean izango den argindar eskaria aurreikusi eta eskaintza ezartzen dute. Prezioa modu "baztertzailean" erabakitzen dute, hau da, sartzen diren prezioen gorabeheren arabera ezartzen da errenkada, eta garestienak multzoaren salneurria zehazten du (prezio hau ez da fakturan ordainduko dugunaren zati bat baino ez).

Argindarraren prezioak 2017ko urtarrilaren 19an izango dituzten prezioen gorabeherak. Grafikoa: OMIE
Aurrezten al da etxetresnak ordurik garestienetan ez erabilita?
Printzipioz ez. Handizkako merkatuan ezarritako prezioa fakturaren % 35 baino ez da. Gainerakoa zergei (% 25) eta bidesariei (% 40) dagokie.
Bi zerga daude: argindarraren gainekoa (% 5) eta BEZa (% 21).
Bidesariak Espainiako Gobernuak zehazten ditu. Ordaindu beharrekoa kontratatuta dugun potentziaren eta tarifaren (ordutegia bereizten duena edo bestelakoa) araberakoa da. Bidesarien bidez, argindarraren garraio, banaketa eta bestelako kostuak ordaintzen ditu kontsumitzaileak.
Hori horrela, kontagailu "adimentsua" delakoa ez baduzu (Espainiar Estatuan, etxeen % 40k dute), argindar konpainiak aldez aurretik ezarritako batez besteko kontsumo profilak ezarriko dizkizu, eta kontsumo orduek ez dute zure fakturan eraginik izango (zure kontagailuak ezin baitu atzeman noiz erabiltzen duzun argindarra eta noiz ez). Beraz, alferrik ibiliko zara "itzalaldiak" egiten.
Azken belaunaldiko kontagailua izanda ere, zaila da energia aurreztea. Kontsumitzaileak bere kontsumo ohiturak aldatu beharko ditu ordu tarte merkeenetan egiteko, edo ordu garestienak saihesteko. Salneurriaren gorabeherei begira egon beharko du erabiltzaileak, horrek dakarren zoramenarekin (orduz ordu aldatzen da).
Egoeraz baliatzen ari dira argindar konpainiak?
Aspaldikoa da kontsumitzaile elkarteen kexua. Argindar konpainien jarduna "iluna" dela diote, eta enpresek "oligopolio baten tankeran" funtzionatzen dutela uste dute. OCU Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak ikerketa eskatu berri dio Gobernuari argindarraren garestitzea dela eta.
Petrolioaren salneurriaz eta faktore meteorologikoez gain, bestelako elementurik ote dagoen jakin nahi du OCUk. Izan ere, 2017ko urtarrilean harrapatutako maximoak 2013ko abenduan izandakoen antzekoak dira. Orduko hartan, Iberdrolari isuna jarri zioten "argindarraren merkatua manipulatzea" egotzita.
Erakundearen arabera, argindarraren salneurria etengabe igotzen ari da, baina bonu soziala bere horretan mantendu dute. OCUren ustez, tarifa mota honekin bakarrik egin ahal zaio aurre pobrezia energetikoari.
FACUA elkarteak antzeko eskakizunak egin dizkio Gobernuari. Batetik, argindarraren arrazoizko tarifa berak ezartzea galdegin du. Izan ere, kontsumitzaile elkarte honen arabera, gaur egungo sistemak "espekulazioa eta gehiegikeria" sustatzen ditu.
FACUAren ustez, argindarraren sektorean ez da inoiz lehiarik izan, liberalizatu zuten garaian kontrakoa iragarri zuten arren.
Horrez gain, argindarrari aplikatzen zaion BEZa gehiegizkoa dela nabarmendu du elkarteak. Oinarrizko beharrizana izanda, zerga tasa txikiagoa beharko luke.

Energia ministroa, agerraldi batean. EFE
Alvaro Nadal Espainiako Gobernuko Energia ministroak gogorarazi duenez, argindarraren garestitzearen inguruko ikerketa eskatu zion Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, eta horren zain dagoela azpimarratu du. Aitortu duenez, "baliteke baten bat egoeraz baliatuta, prezioak artifizialki igotzen ibiltzea".
Ministroaren esanetan, Gobernuak ezin du salneurrietan eskua sartu, baina hobe daitezkeen "aparteko kostu eta kontu teknikoak" badirela onartu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Dieselaren litroa 2 eurotik gorakoa da jada Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berri bat ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn bataz beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.
Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Irango gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko ditu
Nafarroako Gobernuak aurreratu du Ministroen Kontseiluak ostiral honetan iragarriko dituen neurriak arretaz aztertuko dituela Nafarroan aplika daitezkeen egiaztatzeko.
"Indarberriturik eta helburua lortzetik gertuago" atera dira langile klasea eta indar sindikala, ELAren eta LABen ustez
Sindikatuen ustez, greba orokorra "klase elkartasun erakustaldia" izan da. LGS propioa lortzeko bideak zabalik daudela adierazi dute (bai patronalarekin, bai Espainiako Kongresuan) eta Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri, eskatu diote argitu dezala Legebiltzarrean eta Espainian dituen jarrera kontraesankorrak.
Atzoko greba orokorra "indar erakustaldia" izan zen, LAB eta ELA sindikatuen aburuz
Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketetan LAB eta ELAko idazkari nagusiek adierazi dutenez, atzokoak "oso mobilizazio jendetsuak izan ziren, 135.000 pertsona ere batu zirela". "Indarberrituta atera gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile nagusiak.
Albiste izango dira: Greba orokorraren balantzea, Iranek Ali Larijaniren heriotza eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu greba orokorraren egunean
Desordena publikoak egitea leporatzen zaie. Gainera, bost pertsona ikertzen ari da eta 165 identifikatu ditu.
Egungo gutxieneko soldata kobratzen dutenek diote ez dela nahikoa duintasunez bizi ahal izateko
Zaintzan eta garbiketan; ostalaritzan eta turismoan; saltokietan, logistikan eta nekazaritzan… Arlo horietan ohikoa izaten da lanbidearteko gutxieneko soldata erreferentziatzat hartzea ordainsariak ezartzeko. Langileek salatzen dute jasotzen duten horrekin ezin dela bizi, eta ezinbesteko jotzen dute 1.500 eurora igotzea, duintasunez bizi ahal izateko.
Donostia Ospitalearen parean manifestazioa egin dute medikuek, estatutu eta gutxieneko soldata propioa eskatzeko
Euskadiko Medikuen Sindikatuak deituta, medikuek bat egin dute M17ko greba orokorreko aldarrikapenekin. Medikuek bigarren greba astea hasi zuten atzo, estatutu propioa eskatzeko.