Sozietate-zerga % 28tik 24ra bi urtean jaistea adostu dute EAJk eta PSEk
EAJk eta PSE-EEk adostu dute jaistea, bi urteko epean, Sozietate Zergaren tasa, % 28tik 24ra; Estatuaren tasatik behera kokatuko da, ondorioz, hori % 25ekoa baita. Gainera, akordioa erdietsi dute kenketa batzuk murrizteko, xede izanik diru-bilketak behera ez egitea; hala eman diote jakitera Europa Pressi PSEko zenbait iturrik.
Iturri horiek zehaztu dutenez, astelehenean PSEk proposamena luzatu zien jeltzaleei, tasa orokorra % 28tik 24ra jaisteko (enpresa txiki eta ertainetan, % 24tik 20ra). Lehenengo urtean, bi puntu egingo lukete behera, eta hurrengoan beste bi.
Tasa nominalek behera egingo dutenez, eta diru-bilketan murrizketarik egon ez dadin, hiru mekanismo abiatuko dituzte: lehena da "zorroztea aukerak aurreko ekitaldi negatiboak deskontatzeko"; halaber, aurreikusi dute "mugatzea, lehen aldiz, ikerketa, garapena eta berrikuntzagatik jasotako kenkariak"; eta, azkenik, "gutxieneko tasak igotzea". Azken horiek, egun, % 11 eta 13koak dira, eta %17ra eta 15era igoko lirateke. Hori dena ere bi urteko epean egingo lukete.
PSE-EEk uste duenez, honela aurreikusita zegoen kopuru bera bilduko litzateke; "kalkulu batzuek diote balitekeela diru-sarrera handiagoak ere egotea", adierazi dute sozialistek.
Jeltzaleek eta sozialistek adostutako itunak aldatzen du urriaren 31n egindako erreforma fiskalaren proposamena. Bertan, sozietate-zerga % 28an utzi zuten, eta aldaketa txikiak zeuden PFEZan.
PPri emango diote dokumentua
Dokumentua PPri helaraziko diote, ostiral honetan segur aski; izan ere, PPk eskatu zuen sozietate-zergak behera egin zezala, EAEko 2018ko Aurrekontuak negoziatzeko prozesuari ekin ahal izateko.
Sozialistek onartu dute zuzenketa hau egitea, "egonkortasun politikoko giroari ekarpen ona egitea xede"; hain zuzen, eragin ona izango du ekonomian eta enpresetan, eta herritarrentzako ona izango da, "diru-bilketak gora egingo baitu".
Astelehenean, Idoia Mendia prest agertu zen EAJrekin adostutako akordioa hobetzeko, Euskadik Aurrekontuak izan ditzan. Esan zuenez, bere alderdiak, PSEk, ahalegin guztiak egingo zituen euskal erakundeek Aurrekontuak izateko.
Damborenea: "Bide onetik doa, eta aukera ematen du Aurrekontuak egoteko"
Euskadiko PPko legebiltzarkide Anton Damboreneak (bere alderdiko bozeramailea da, ekonomia-gaietan) uste du AEJk eta PSE-EEk adostutako erreforma fiskal berri hau "bide onetik doala", eta aukera ematen duela euskal Aurrekontuen gaineko akordioa lortzeko.
Europa Pressi egindako adierazpenetan, Damboreneak azaldu du PPk ez duela oraindik jaso proposamen berri hau; nolanahi ere, bere iritziz, EAJ eta PSE-EE "arrastoan sartu dira", eta zuzenketa "ondo bideratuta dago": "Ez du zerikusirik Batzar Nagusietan aurkeztutakoarekin; ematen du bide onetik doala".
Anton Damboreneak gogorarazi du PPk beti argudiatu duela Euskadi "ezin dela izan gune ez lehiakorra, eta are gutxiago zerga-sistemari dagokionez. Ikusten ari gara enpresek helbide fiskala aldatzen dutela, eta hori, guk, Kontzertuarekin, ezin dugu onartu. Katalanei gertatu zaiena gertatzen bazaigu, ezin izango genioke aurre egin", gehitu du.
Adierazi duenez, beharrezkoa zen enpresei zerga-testuinguru egokia eskaintzea, "eta lehenengo proposamena bestelako bidetik zihoan, hain zuzen".
Damboreneak nabarmendu duenez, zuzenketak, "noski", errazten du bidea euskal Aurrekontuei buruzko akordioa egoteko: "Esan genuen konpondu behar zela; bestela, ez zuen zentzurik Aurrekontuen gainean hitz egitea, aurreko erreformak lehiakortasuna kentzen baitzien enpresei eta diru-bilketan ere murrizketak ekarriko zituelako", azpimarratu du.
Esan du aldaketa honekin zerga-sistema erakargarriagoa dela enpresentzat; egun dauden enpresentzat ez ezik, balizko enpresa berriak erakartzeko ere. Hori dela eta, prest daude Aurrekontuei buruzko akordioa adosteko, "ez baikaude enpresak botatzeko moduan".
Sindikatuen kritikak
ELA sindikatuak, bere aldetik, adierazi du "erabateko eskandalua" dela EAJk eta PSE-EEk adostutako murrizketa, sozietate-zergan. Agiri batean esan dutenez, "EAJk eta PSEk hitzartutako akordioak dakar beste atzerakada bat gizarte-justizian".
"Gure agintariek patronalaren eta kapitalaren aldeko gizarte-eredua aplikatzen dute; gainera, ez dute onartzen horren gainean eztabaidatzea", dio sindikatuak.
"Iruzur fiskalaren aurka borrokatu beharrean, edo azken hamarkadetan onartutako murrizketak atzera bota beharrean, sozietate-zergaren beste jaitsiera bat proposatu dute", deitoratu du ELAk.
Bestalde, LABek uste du akordioak "egoera okertzen" duela eta patronalari soilik egiten diola mesede.
Sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez, "EAJk hasieratik bilatu du PPren eta PSE-EEren babesa aurrekontuak onartzeko, beste aukerak baztertuta".
"PPk jarri zuen baldintza gisa sozietateen gaineko zerga murriztea, eta gustu handiz bete dute eskaera, bi alderdiek bat egiten dutelako gizartearen aurkako proiektu eskuindar eta liberalean", gaineratu du.
Loli Garcia CCOO-Euskadiren idazkari nagusiak "kezkagarri" jo du akordioa, eta "zerga justuagoak eta parekideagoak lortzeko beste aukera bat" galdu dela kritikatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko Lan Ikuskaritzak lege iruzurrez egindako 42-47 behin-behineko kontratu atzeman ditu Tubos Reunidosen
Langileen batzordeak bilera izan du goizean Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako ordezkariekin, Gasteizen, eta batzarrak iraun duen bitartean, dozenaka langilek protesta egin dute atarian.
Erregaien krisiak arrantza-sektorea astindu du: lehen ontziak geldirik, Ondarroan
Gasolioaren garestitzeak alturako flotaren zati bat portuan egotera behartu du. Bitartean, sektoreak bideragarritasuna bermatzeko laguntza gehiago eskatzen ditu.
Behargin bat hil da Goiaingo industrialdean, lan-istripuz
Ezbeharra 20:00ak aldera gertatu da, eta bertaratu diren larrialdi-zerbitzuek ezin izan dute langilea suspertu.
Osasun Ministerioak bi bilera egingo ditu aste honetan, medikuen grebari buruz hitz egiteko
Ostegunean greba batzordearekin bilduko da, mobilizazioak eragin dituzten gatazka-puntuak aztertzeko. Ondoren, ostiralean, egoeraren berri emango die autonomia-erkidegoei Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan.
Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du, eta 285 kaleratze iragarri
200 langile baino gehiago (152, Amurrion, eta 53, Trapagaranen) hitzartutako kaleratzeen bidez egotziko dituzte. Aldi baterako kontratudun langileak (80 bat), ordea, hilaren amaieran kaleratuko dituzte.
Tubos Reunidos onbideratzeko aukera txikiena ere esploratzeko eskatu dio Otxandianok Jaurlaritzari, enpleguaren aldeko konpromisoari azkenera arte eusteko
Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, gaur bertan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen idazkari nagusiekin harremanetan jarriko da hizkuntza eskakizunen aferari irtenbidea emateko EH Bilduk planteatzen duen proposamen zehatza aurkezteko; EAJk eta PSE-EEk mahai gainean daukate dagoeneko.
Osasun mentala eta itxaron-zerrendak, Nafarroako lan-absentismoaren gorakadaren gakoak
Langileen % 67k ez zuen bajarik izan 2025ean, baina talde txiki batek biltzen ditu absentzia-egun gehienak, Absentismo Barometroaren arabera.
Esportazioak eta inportazioak % 4,5 eta % 6,1 murriztu dira, hurrenez hurren, urtarrilean Euskadin
2026ko lehenengo hilabeteko saldo komertziala positiboa izan da, 113,2 milioi eurokoa, eta esportazioen eta inportazioen arteko harremana neurtzen duen indizea % 105,5ekoa izan da.
Brenta % 13 jaitsi da, kolpetik, Trumpek Irango erasoak etengo dituela iragartzearekin bat; 100 dolar ingurura itzuli da gero
Trumpen iragarpena islatu egin da Ibex 35ean, saio erdian lehengoratu eta % 1,08 igo da, 16.893,9 punturaino.
Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara
Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei.