'Metalaren ekoizpena geldituta dago Bizkaian', sindikatuen arabera
Bizkaiko Metalaren sektoreko greba deitu duten sindikatuek esan dute bost greba egunetako bigarrenean ere "gehiengoak" egin duela bat protestarekin, "erabateko arrakasta" izan duela deialdiak. "Lan-hitzarmen duina", soldatak eguneratzea, genero berdintasuna eta prekarietatea amaitzea eskatzeko egin duten lanuztearen jarraipena % 85ekoa izan omen da.
Gaurko bigarren jardunaldi honetan, negoziazio mahaian dauden ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuetako ordezkariekin batera, elkarretaratze eta manifestazioak egin dituzte Erandion eta Zornotzan.
Erandioko protesta eguerdia baino lehentxeago abiatu da Metro geltokitik, eta bi kilometro egin ditu Navacel enpresaren egoitzara iritsi arte, Astrabuduan, eta gero udaletxeko plazaraino joan dira Itsasadarreko errepidetik.
Manifestazioaren aurretik, ELA, CCOO, LAB eta UGTk Industrian dituzten bozeramaileek begi onez jo dute bigarren greba eguneko jarraipena, eta Iñigo Urkullu lehendakariak patronala defendatuz egindako adierazpenak kritikatu dituzte.
Mikel Etxebarriak (ELA) esan du sektoreko langileek berriro erakutsi dutela "erabat mobilizatuta" daudela, eta patronalari "negoziaziorako benetako borondatea erakusteko" eskatu dio, "sindikatuaren puntuak justuak eta egingarriak direlako, eta patronalak erantzun positiboa eman beharko liokeela iritzi diogulako".
Iker Gonzalo CCOOren ordezkariak, bere aldetik, azpimarratu du "Bizkaiko poligono eta enpresak berriro itxi" dituztela gaurkoan, eta horrek agerian uzten duela "jendea patronalaz eta negoziazio mahaian duen jarreraz nazkatuta" dagoela.
Iratxe Azkue LABekoak esan du bigarren lanuztea "arrakastatsua" izan dela, eta langileek "erantzun argia" eman dietela patronalaren "gezurrei: "Gezurren gainetik, kalera atera dira eta kaleak bete dituzte, lantegia hustuz, gezur horiek ez gaituztelako geldituko".
Bestalde, Jose Maria Rojo UGTren ordezkariak esan du langileek "konpromisoa” erakutsi dutela berriro "lan baldintzen eguneratzearekin eta enpleguaren egonkortasunera bideratutako aldarrikapenekin".
Patronala
Bizkaiko Metalaren patronalak, berriz, "pikete biolentoen" jokabidea salatu du, Durangaldekoen jarrera bereziki.
Gainera, sindikatuek jarraipena % 85 ingurukoa izan dela esan duten arren, patronalak % 20ra jaitsi du portzentajea, eta "piketeek baldintzatua" izan dela adierazi du.
Patronaletik esan dute gaur istilu "larriak" izan direla berriro "pikete biolentoen erruz". Talde horien helburua "ahal duten enpresa gehien kaltetzea" dela uste du patronalak, eta horregatik egun bakoitzean "puntu desberdinetan" jarduten dutela.
BIDEOA: Barrikadak Zamudion, Bizkaiko metalgintzaren bigarren greba egunean

Gurutzatutako edukiontziak, Zamudioko parke teknologikoan. Argazkia: @ikersalgadoser1
Istiluak
Ertzaintzak 14 langile identifikatu ditu Berrizen, Zaldibarren, Igorren eta Zamudion gaurko greba egunaren hasieran.
Ertzaintzak 5 lagun identifikatu ditu Berrizen, beste hainbeste Zaldibarren, bi Igorren, eta gainerakoak Zamudioko Teknologia Parkearen inguruan.
Geroago, goizeko hamarrak aldera, beste 20 bat lagun identifikatu ditu Abadiñon, piketeek enpresa batean kalteak egin ostean.
EH Bilduk Urkulluren "zinismoa" salatu du
Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak Urkulluren "zinismoa" salatu du, "prekarietatea sortzen dutenen ondoan" jartzeagatik, Bizkaiko metalaren patronalari erreferentzia eginez.
Ohar batean, Casanovak kritikatu du Urkulluk sindikatuen "akordiorako borondatea" ukatu izana, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ere adierazpenok babestu izana.
Bien balorazioak "onartezinak eta lotsagarriak" direla iritzi dio legebiltzarkide abertzaleak, "beste behin patronalaren alde, bere interesak defendatzen, eta langileen aurka" jarri direlako. Horregatik, lehendakaria "patronalaren bozeramaile onena" dela eta "negozazio kolektibo batean gobernuak izan behar duen neutraltasuna urratu" izana gaitzetsi du.

Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioa, Erandion. Argazkia: @LABsindikatua
KPI gehi 2 puntuko soldata igoera tabletan eta KPI gehi 1 benetako soldatan, subrogazio eskubidea, behin-behinekotasunaren eta aldi baterako lan-enpresen kontrola eta lan-osasun zein genero berdintasuna lortzeko "neurri eraginkorrak" eskatzen dituzte sindikatuek.
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizko Aireportuko aparkalekuak doakoa izateari utziko dio 2027tik aurrera
Aenaren arabera, aireportuaren jarduera "nabarmen" hazi da, eta horren ondorioa izan da erabakia. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esan du hedabideen bidez izan duela erabakiaren berri.
Tubos Reunidoseko langileek enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eta erakundeen inplikazioa eskatu dute
Amurrioko lantegiko Tubos Reunidoseko langileek manifestazioa egin dute asteazken honetan, 242 kaleratze proposatzen dituen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Bilbon egindako mobilizazio batean, sindikatuen ordezkariek gutun bat aurkeztu dute enpresaren bulegoetan, espedientea bertan behera uzteko eskatuz.
Nafarroako Gobernuak Irango gerraren ondorio ekonomikoak arintzeko laguntzak iragarri ditu
Hasiera batean, harmonizazio-dekretu bat onartu dute, estatuko neurriak foru-araudira egokitzeko, baina aurreratu du neurri fiskal propioak lantzen ari dela, hala nola, PFEZren ordainketak atzeratzea.
Etxeko hegaztien ustiategietan ezarritako konfinamendua kendu dute, partzialki
Arrisku eta zaintza bereziko eremuetan mantendu egingo da neurria: Nafarroan, 12 udalerritan jarraituko dute etxaldeetako hegaztiek konfinatuta, eta EAEn, sei herritan.
Aldundiek neurri fiskalak iragarri dituzte Irango gerraren eragina arintzeko
Hartutako neurrien artean daude zerga-zorrak salbuespenen epeak luzatzea, PFEZren ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea eta BEZaren itzulketen izapideak azkartzea, enpresei finantzaketa handiagoa eskaintzeko.
EBk telelana sustatzea, abiadura mugak murriztea eta hegazkinez bidaiatzea saihestea proposatu du, erregaia aurrezteko
Dan Jorgensen Energia komisarioak azpimarratu du arreta berezia jarri behar dela garraio sektorean, eta jardunbide onen dekalogo bat proposatu du, energia krisiari aurre egiteko. Esan duenez, Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioek luze joko dute.
Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi du
Iñigo Ucin presidente ez-exekutibo eta Manuel Baraza kontseilari delegatu ariko dira. Operazioan, Indar Karterak, BBK-k, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Tekneik osatutako partzuergoak Ibermatica zena erosi du.
Euriborra % 2,565era igo da, 2022ko urritik izan duen hileko hazkunderik handiena
Ekialde Hurbileko gerrak petrolioaren eta gasaren prezioetan eragin dituen igoerek ziurgabetasuna eraman dute merkatuetara eta inflazioaren beldurra zaldu dute banku zentraletan. Ondorioz, hipoteka aldakorrak kalkulatzeko erabiltzen den indizea gora begira jarri da.
Etxebizitzen prezioa % 12,8 igo da Euskadin, eta % 16, Gipuzkoan
Hala, EAE Espainiako hirugarren erkidego garestiena da, metro koadroko 2.631 euroko batez besteko prezioarekin.
Jaurlaritzak elektrizitate-sorkuntza berriztagarria bikoiztuko du 2030era arte, 80 milioiko inbertsio publiko-pribatuarekin
Horrekin batera, 'Lehentasunezko jarduketa-eremuak' izeneko dokumentu bat diseinatu du Jaurlaritzak, parke eolikoak eta fotovoltaikoak "modu errealista eta arrazionalean" hedatzeko. Guztira, eguzki-energiako eta energia eolikoko 11 'planta handi' aurreikusten dira 2030erako.