Aldi baterako lan-erregulazioari buruz jakin beharreko guztia
Koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz hartutako salbuespen-neurriek hainbat ondorio ekarri dituzte. Horren erakusgarri da, esaterako, enpresa askotan ezarri dituzten aldi baterako lan-erregulazio espedienteen gorakada nabarmena. Euskal Herriko milaka eta milaka langileri eragin die.
Baina, zer da aldi baterako lan-erregulazio espedientea?
Alarma egoeraren ondorioz, hainbat lantegik, jatetxek eta dendek ateak itxi behar izan dituzte. Kasu horietan, buruzagiak aldi baterako lan-erregulazio espedientea aurkeztu dezake.
Legezkoa da eta enpresaburuari langilearen kontratua aldi baterako eteteko edo lanaldia behin-behinean murrizteko aukera ematen dio.
COVID-19 gaitzarekin lotuta, aldi baterako enplegu-erregulaziorako planak bi motatakoak izan daitezke:
1- Alde batetik, gobernuek hartutako salbuespen neurrien eraginez ezarritako lan-erregulazio plana dago. Jarduera etetea agindu dietelako, ekoizpenarekin jarraitzeko hornidurarik jaso ez dutelako edo lantaldean koronabirusak jotako pertsonak atzeman eta osasun erakundeek zabaldutako protokoloak bete behar dituztelako itxi egin behar izan duten enpresek erabiltzen dute.
Kasu honetan, laneko agintaritzak –Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko enplegu sailak– prozesu guztian hartzen du parte eta enpresak bere oniritzia behar du lan-erregulazio plana gauzatzeko.
2- Bestalde, koronabirusak eragindako arazo ekonomiko, tekniko, produktibo edo antolakuntza eragozpenei lotutako aldi baterako lan-erregulazio espedientea dago.
Kasu honetan, laneko departamentuek ez dute eskurik hartzen. Aurrez, kontsulta saioak izaten dira zuzendaritza eta langileen ordezkarien artean, planari buruzko akordio bat lortzeko asmoz. Ituna egin ala ez, bilerak amaitutakoan, enpresak nahi duen neurria har dezake: kontratuak eten edo lanaldiak murriztu.
Enpresak aldebakarreko erabakia hartzen badu, langileek Lan-arloko Auzitegian demanda aurkezteko aukera izango dute bi kasuetan.
Zer egin behar dut nire enpresak aldi baterako lan-erregulazioa aplikatzen badu?
Ezer ez. Enpresak zuzenduko du prozesu guztia. Kaltetutako langileen zerrenda eta haien kontu korronteetako zenbakiak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraziko dizkio, eta erakunde horrek egingo ditu tramite guztiak beharginak dagokion dirulaguntza jaso dezan.
Zein baldintza bete behar dut dirulaguntza jasotzeko?
Lan-kontratua eteten denean, hainbat baldintza bete behar izaten dira langabezia-prestazioa kobratzeko, hala nola gutxiengo epea kotizatuta izatea. Alabaina, kasu honetan ez da baldintzarik bete behar. Nahikoa da Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.
Gogoan izan behar dugu alarma egoera batean ezarritako salbuespen neurriek eragindako ondorioei aurre egiteko salbuespeneko dirulaguntza batez ari garela. Kontratua aldi baterako eten edo lanaldia aldi baterako murriztu zaion langileak langabezia-prestazioa kobratuko du. Denbora tarte hori kotizatuta agertuko zaio bizitza laboralean eta ez zaio kontuan hartuko etorkizunean beste kontratu eten bat badauka eta berriro dirulaguntza eskatu behar badu.
Zenbat diru jasoko dut?
Langabezia-prestazioaren zenbatekoa lan-erregulazio plana ezarri aurreko 180 egunetan beharginak kotizatutako oinarri erregulatzailearen arabera kalkulatzen da.
Horrela, bada, lehendabiziko sei hilabeteetan oinarri horren % 70 kobratuko du, eta ondoren, % 50.
Edonola ere, gutxiengo eta gehiengo batzuk ezarri dituzte. Seme-alabarik ez duen lagun batek 501 euro kobratuko ditu gutxienez, eta 1.098 euro gehienez. Ume bakarra duenak 671 euroko laguntza jasoko du gutxienez, eta 1.254 gehienez.
Seme-alaba bi edo gehiago dauzkaten langileek, berriz, 1.411 euro kobratuko dute gehienez.
Enpresak langabezia-prestazioa osatzeko betebeharra dauka?
Ez. Langileen ordezkariekin hala adostuta edo bere borondatez egin, egin dezake, baina ez dago langabezia-prestazio osatzeko behartuta.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) akordioa egin dute osasun krisiaren ondorioz lan erregulazioak pairatzen ari diren langile eta autonomoek langabeziaren diru-laguntzak BGAEen bitartez osa ditzaten berehala, Legeak eskatzen duen gutxieneko epera iritsi gabe ere.
Zer gertatzen da aldi baterako lan-erregulazio espedientea indargabetzean?
Aldi baterako lan-erregulazio espedientea indarrean dagoen bitartean, lan harremana etenda dago, baina ez amaituta. Hau da, beharginak lanpostua gordeta izango du eta aurrez zituen lan-baldintzak berreskuratuko ditu.
Alarma egoeraren ondorioz ezarritako salbuespen neurriak baliorik gabe uzten dituztenean bukatuko da aldi baterako lan-erregulazioa.
Zer geratzen da alarma egoera ezarri aurretik langabezia-prestazioa jasotzen ari banintzen?
Dagoeneko langabezia-prestazioa jasotzen ari den beharginak ez du eskubiderik laguntza hori luzatzea eskatzeko. Alabaina, langabeziagatiko dirulaguntza (subsidioa) eskatzeko aukera izango du, horretarako baldintzak betetzen baditu.
Alarma egoera ezarri baino lehenagotik subsidioa kobratzen ari zenak, berriz, ez du inolako tramiterik egin beharko laguntza hori jasotzen jarraitzeko. Automatikoki berrituko diote subsidioa.
Enplegu bulegoak itxita daude. Zer egin dezaket?
Salbuespen egoera luzatzen den bitartean, enplegu zerbitzu publikoek beren kabuz berrituko dituzte epemuga gaindituta duten eskaera guztiak, pertsona bakoitzak dagokion laguntza jaso dezan gero.
Joan den martxoaren 16az geroztik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulegoak itxita daude herritarrentzat.
Telefonoz eta Internet bidez egin behar dira kontsultak eta tramiteak.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko San Mameseko zabalgunean
Athletic-Betis partidaren atarian lan erregulazioa eta altzairutegia ixtearen kontrako jarrera azaldu dute. Gainera borondatezko bajei atxikimendua emateko prozesua kritikatu dute eta zalantzak dituzte 301 langileek izena eman ote duten.
LABek "ez du derrigorrezko kaleratzerik onartuko" Tubos Reunidosen
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez dutela enpresaren "xantaia" onartzen, eta erantsi du ez dutela onetsiko 300 langile kaleratu behar izatea enpresaren bideragarritasunaz negoziatzen hasteko.
Indarrean dira Irango gerrak sortutako krisiaren aurka Espainiako Gobernuak hartutako neurriak
Elektrizitatea eta erregaiak merkeagoak dira, besteak beste, BEZa % 21etik % 10era jaitsi delako.
Aldizkari ofizialak argitaratu ditu jada Espainiako Gobernuaren krisiaren aurkako neurriak, eta bihar jarriko dira indarrean
Elektrizitatearen BEZa % 21etik % 10era jaitsiko da, gasolinaren, gasolioaren eta beste hidrokarburo batzuena bezalaxe.
Tubos Reunidoseko langileek trafiko arazoak eragin dituzte Bilbon, Sabino Arana etorbidea moztuta
Tubos Reunidoseko langileek Sabino Arana etorbidea moztu dute. Argazkia: EITB Media
EBZk inflazioaren gorakada eta hazkundearen moteltzea aurreikusi ditu, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz
Abenduko proiekzioekin alderatuta, aurten bereziki inflazioak gora egingo duela ohartarazi du Europako Banku Zentralak (EBZ), Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz energiaren prezioak nabarmen igo direlako.
Angularik ezin dela arrantzatu berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak
Iazko azaroan, 2025-2026rako aurreikusitako angularen kanpaina bertan behera geratu zen EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenek espeziea egoera kritikoan zegoela egiaztatu baitzuen.
Diesel litroa 2 eurotik gora dago Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berria ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn, batez beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.