2.733 langabe gehiago EAEn eta 673 gutxiago Nafarroan ekainean
Ekainean, koronabirusaren pandemiaren ondoriozko alarma-egoera amaitu ondoren, 2.733 langabe gehiago izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (% 1,93 gehiago), 144.448 langabe dira guztira.
2019ko ekaineko datuekin alderatuta, 33.105 pertsona gehiago daude erregistratuta Lanbideren bulegoetan, hau da, % 29,73 gehiago, Lan Ministerioak ostegun honetan emandako datuen arabera.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, Arabak izan du hazkunderik handiena ekainean, % 2,36koa, maiatzean baino 561 langabe gehiago zenbatu baitituzte bertan; 24.343 langabe guztira.
Gipuzkoan, langabezia % 2,14 igo da, 821 langabe gehiago baitaude; 39.138 guztira.
Bizkaian, berriz, igoera % 1,70ekoa izan da, ekainean guztira 80.967 langabe zenbatu baitituzte, aurreko hilean baino 1.351 langabe gehiago.
2019ko datuekin alderatuta, Gipuzkoan igo da gehien langabezia, % 35,91 hazi baita (10.341 langabe gehiago, termino absolutuetan); Araban % 30,64 egin du gora (5.710 langabe gehiago) eta Bizkaian % 26,68 (17.054 langabe gehiago).
Ekainean EAEn zeuden 144.448 langabeetako 13.676 25 urtetik beherakoak ziren. Beraz, maiatzean baino 2.375 langabe gehiago daude adin-tarte horretan.
Ekainean langabeziaren gorakada nabarmenagoa izan da emakumeen artean: 1.719 langabe gehiago zenbatu zituzten, 79.313 guztira; gizonen artean, berriz, 1.012 langabe gehiago zenbatu zituzten, 65.135 guztira.
Sektore guztietan egin du gora langabeziak, eraikuntza-sektorean izan ezik, 117 pertsona gutxiago zenbatu baitituzte.
Aurreko enplegurik gabeko sektoreak 1.597 langile gehiago hartu zituen ekainean, eta zerbitzuetan, berriz, 992 gehiago.
Nafarroari dagokionez, 673 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean, aurreko hilean baino % 1,6 gutxiago. Hortaz, guztira 40.464 langabe daude, Lan Ministerioak jakitera eman duenez.
2019ko ekaineko datuekin alderatuta, 10.088 langabe gehiago daude, % 33,21 gehiago, Estatuko batez bestekoaren gainetik (% 28,09).
Kontratazioari dagokionez, 19.882 lan-kontratu erregistratu ziren ekainean, maiatzean baino % 39,4 gehiago, baina 2019ko ekainean baino % 42,5 gutxiago (14.715 kontratu gutxiago).
Espainian, guztira, 3.862.883 langabe daude, 2016ko maiatzetik atzeman ez den kopurua, 5.107 langabe gehiago baitaude. Beraz, maiatzean langabeziaren datuetan igoerak izan zuen moderazioak ildo beretik jarraitzen du.
Nestor Arana Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zerbitzu Orokorretako zuzendariak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan esan duenez, "lautadara iritsi gara; langabezia igotzen ari da oraindik baina asko moteldu da hazkunde hori". Langabearen profila ere ez dela aldatu azaldu du, "35 urtez azpiko emakume bizkaitarra" baita, horren hitzetan.
Langabeziaren igoeraren erritmoa moteldu egin da, kontratazioa suspertzen ari da eta aldi baterako lan-erregulazioan dauden pertsonen kopuruak behera egin du
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 144.448 langabe izan ditu erregistratuta ekainaren amaieran, 2.733 langabe gehiago erregistratu baititu (% 1,93). Horrek esan nahi du langabezia igotzeko erritmoa moteldu egin dela; izan ere, igoera martxoan (10.974 gehiago), apirilean (10.430 gehiago) eta maiatzean (3.072 gehiago) erregistratutakoa baino txikiagoa da.
"Esan dezakegu duela hilabete irudikatutako meseta egonkortzen ari dela", esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak, baina honako hau gaineratu du: "Ez dugu ahaztu behar arantzaz beteriko testuinguruan jarraitzen dugula. Munduan inpaktua duen krisi ekonomikoan gaude murgilduta".
EAEn jarduera ekonomikoa eta, beraz, lan-merkatua suspertzen ari dela pentsatzera garamatzaten bi faktore gehitu behar zaizkio horri: kontratuak areagotzen ari dira eta aldi baterako lan-erregulazioko espedienteen eraginpean zeuden pertsonen % 60 lanera itzuli dira.
Ekainean, 50.631 kontratu sinatu dira EAEn, maiatzean baino % 50 gehiago, baina 2019ko ekainean sinatutakoak baino % 45,8 gutxiago dira oraindik.
Aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak direla eta, gaur egun, 72.000 pertsona daude egoera horretan; beraz, azken asteotan uneren batean egoera horretan egon direnen % 60 (112.500) dagoeneko lanean ari dira.
Horrela, industria-sektoreak joera positiboa erakutsi du; izan ere, egoera horretan egon ziren langileen % 77 (33.500) lanean daude, eta 9.700 daude oraindik lan-erregulazioan. Aldi baterako lan-erregulaziora pertsona gehien bideratu dituen sektorea da, sektore horretako langile guztien % 30 izan baitira egoera horretan.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko San Mameseko zabalgunean
Athletic-Betis partidaren atarian lan erregulazioa eta altzairutegia ixtearen kontrako jarrera azaldu dute. Gainera borondatezko bajei atxikimendua emateko prozesua kritikatu dute eta zalantzak dituzte 301 langileek izena eman ote duten.
LABek "ez du derrigorrezko kaleratzerik onartuko" Tubos Reunidosen
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez dutela enpresaren "xantaia" onartzen, eta erantsi du ez dutela onetsiko 300 langile kaleratu behar izatea enpresaren bideragarritasunaz negoziatzen hasteko.
Indarrean dira Irango gerrak sortutako krisiaren aurka Espainiako Gobernuak hartutako neurriak
Elektrizitatea eta erregaiak merkeagoak dira, besteak beste, BEZa % 21etik % 10era jaitsi delako.
Aldizkari ofizialak argitaratu ditu jada Espainiako Gobernuaren krisiaren aurkako neurriak, eta bihar jarriko dira indarrean
Elektrizitatearen BEZa % 21etik % 10era jaitsiko da, gasolinaren, gasolioaren eta beste hidrokarburo batzuena bezalaxe.
Tubos Reunidoseko langileek trafiko arazoak eragin dituzte Bilbon, Sabino Arana etorbidea moztuta
Tubos Reunidoseko langileek Sabino Arana etorbidea moztu dute. Argazkia: EITB Media
EBZk inflazioaren gorakada eta hazkundearen moteltzea aurreikusi ditu, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz
Abenduko proiekzioekin alderatuta, aurten bereziki inflazioak gora egingo duela ohartarazi du Europako Banku Zentralak (EBZ), Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz energiaren prezioak nabarmen igo direlako.
Angularik ezin dela arrantzatu berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak
Iazko azaroan, 2025-2026rako aurreikusitako angularen kanpaina bertan behera geratu zen EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenek espeziea egoera kritikoan zegoela egiaztatu baitzuen.
Diesel litroa 2 eurotik gora dago Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berria ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn, batez beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.