Lan gatazka
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gipuzkoako eraikinen garbitzaileek greba deialdiei eutsiko diete

Langileen ordezkariek eta patronalak Donostian izan duten bileran ez dute aurrerapausorik eman.
Garbitzaile bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Garbitzaile bat, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

Gipuzkoan eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten langileen ordezkariek eta patronalak Donostian egin duten bilera aurrerapausorik eman gabe amaitu da; ondorioz, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek urtarrilerako deitu dituzten bi greba egunei eusten diete, lan-hitzarmen "duina" eskatzeko.

Negoziazio mahaia 11:00etan elkartu da Lan Harremanen Kontseiluak Amaran duen egoitzan, eta atarian elkarretaratzea egin dute 50 bat langilek.

Aipatu lau sindikatuetako ordezkariak eta ESK-ko bat, mobilizazioekin bat egin ez duena eta % 5 inguruko ordezkaritza duena, joan dira batzarrera, aurreko abenduaren 1ekoari jarraipena eman dionera.

Ane Alberdi ELAren ordezkariak hitzorduaren ostean jakinarazi duenez, abenduaren 1ean 2020ko soldata izoztea proposatu zuen ASPEL patronalak, eta langileek "onartezin" jo zuten.

Garbitzaileek lurraldeko lan-hitzarmen "duina" eskatzen duten arren, 2018koan agertzen diren soldatak eguneratzea eta kaleko garbitzaileekiko dagoen % 28ko "soldata arrakala" amaitzea dira aldarrikapen nagusiak, ordezkari sindikalaren arabera.

Alberdik esan du patronalak gaur % 1eko igoera proposatu duela 2020rako, eta beste hainbeste 2021erako, baina "atzerapenik ez" eta "beranduenera jota abenduaren 31n sinatzeko baldintzarekin", urte berriarekin batera eskaintza "bertan behera" utziko luketelako.

"Adar jotze" eta "mehatxu" izateaz gain, Alberdik uste du proposamena "barregarria" dela eta iaz eskainitako % 1,5eko eskaintzaren aurrean, "atzerapausoa".

Enpresarien aitzakia omen da "gastu handiak" egiten ari direla langileak covid-19aren aurrean babesteko, baina langileek behin eta berriz salatu dute "inolako babesik gabe" egiten dutela lan.

Alberdik azaldu duenez, "KPIa gehi % 28ko soldata igoera" eskatzen dute "7 urteko epean", 2019tik 2025era, denbora tarte horretan "soldata arrakala" kentzeko, baina eskaera erdira txikitu dute "jarrerak gerturatzeko"; hau da, KPI gehi % 2a urtero epe berean.

ELAren ordezkariak jakinarazi du urtarrilaren 15erako jarri dutela hurrengo bilera, ELAk, LABek, CCOOk eta UGT urtarrilaren 21erako eta 22rako deitu dituzten grebak baino egun batzuk lehentxeago.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X