Turismoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

2019ko turismo datuak hobetu ditu EAEk: hoteletan izandako sarrerak % 14 hazi dira

Eustatek emandako datuen arabera, 780.797 pertsonak hartu dute ostatu uztailean eta abuztuan EAEko hoteletan. Okupazio maila % 83koa izan da Euskadin, eta Gipuzkoan, are altuagoa, ia % 88koa.
Bi turista Bilboko Guggenheim Museoaren aurrean argazkia ateratzen, uda honetan.
Bi turista Bilboko Guggenheim Museoaren aurrean argazkia ateratzen, uda honetan. EFE

Euskadik 2019an turismo arloan izandako datu onak hobetu ditu aurten, bai behintzat hotelei dagokienez. Izan ere, hotel-establezimenduetan izandako turisten sarrerak % 13,9 hazi dira, duela hiru urtekoekin alderatuta. Hala jaso du Eustat Euskal Estatistika Institututak gaur, asteazkenarekin, kaleratu duen Establezimendu turistiko hartzaileen inkestak (hotelei bidalitako galdeketa bat du oinarri). 

Zehazki, uztailean eta abuztuan, 780.797 pertsonak hartu dute ostatu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hoteletan. Datua 2019ko marka (685.117 lagun) ondu du, baita, are nabarmenago, 2021ekoa ere (649.848 pertsona, % 20,1 gehiago). 

Ildo beretik, ostatu gauek ere gora egin dute udako bi hilabeteotan. Aurten 1.605.078 izan dira, 2019an baino % 8,9 gehiago eta 2021ean baino % 18,9 gehiago. 

Udako bi hilabeteotan Euskadiko hoteletan izan den okupazio mailak erakusten du, halaber, berreskuratu egin dela hoteletako aktibitatean, gelen % 83 egon baita betetan. 

Lurraldeka, Gipuzkoan % 87,8koa izan da okupazioa, % 80,3koa BIzkaian eta % 78,6koa Araban. 

Abuztuan bakarrik, ia 400.000 turista izan dira Euskadiko hoteletan, eta 2019ko hilabete bereko, zenbatekoa gainditu du, covid aurreko azken abuztu horretan 357.035 bisitari hartu baitzuten ostatu hoteletan. 

Abuztuko sarreren % 49 eta ostatu gauen % 45,1 turista atzerritarrenak izan ziren, 2021eko abuztuko datuak (%31,2 eta % 27 hurrenez hurren) nabarmen gainditzen dituzten zenbatekoak; neurri apalagoan bada ere, 2019ko datuak ere gainditu dira, orduan % 47,9 eta % 43,5ekoak izan baitziren, hurrenez hurren, atzerriko bisitarien sarrerak eta gaualdiak. 

Bizkaian igo dira gehien sarrerak, iaz baino % 17,3 gehiago; Araban % 13 igo dira eta Gipuzkoan % 3,9. Ostatu gauek ere tankera berean egin dute gora, % 9,8 Bizkaian, % 7,4 Araban eta % 5 Gipuzkoan. 

Hiriburuei dagokionez, Bilbon eta Gasteizen igo dira gehien sarrerak, % 18,4 eta % 14,9, hurrenez hurren; Donostian ere igo dira, baina neurri apalagoan, % 3,6. 

2022ko abuztuan, batez besteko egonaldia 2,11 egunekoa izan da Euskadin, 2021eko hilabete berean baino baxuagoa, orduan 2,18koa izan baitzen. 

Zure interesekoa izan daiteke

Tamara Yagüe (Confebask): "Industria atzeraldira hurbil daiteke une jakin batzuetan; funtsezkoak izango dira datozen hilabeteak"
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara

Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X